GARA
BILBO

OMEk nolabaiteko «normaltasuna» espero du datorren urteko udarako

Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) Osasun Publiko eta Ingurumen Saileko zuzendari Maria Neirak atzo adierazi zuenez, erakunde horrek espero du arriskuko populazio-taldeen txertaketa datorren urtearen hasieran abiatuko dela, eta udan nolabaiteko «normaltasuna» lortuko dela, nahiz eta covidaren gaineko immunitatea ez den 2021eko amaierara arte orokortuko.

RAC-1 irratian egindako elkarrizketan, Neirak «hilabete gogorrak» datozkigula iragarri zuen, baina udan edo lehenago «normaltasun berri bat» lortzea espero dutela nabarmendu zuen. «Kolektibo zaurgarrienek 2021eko lehen hiruhilekoan hartu ahal izango dute txertoa», azaldu zuen mediku asturiarrak, prozesu hori txertoen «hasierako ekoizpenak» posible egingo duela gaineratuz. Gero, 2021eko bigarren zatian, txertoaren ekoizpena handitu eta banaketa hedatuko dela azaldu zuen.

«Denok behar dugun baikortasuna dago uneotan», adierazi zuen OMEko ordezkariak, baina horren aurrean «zorrotzak eta zuhurrak» izatea eskatu zuen.

Txertoaren gainean azken asteetan zabaltzen ari diren albisteei erreparatuz, berriz, botika enpresen arteko lehia «oso positiboa» izan daitekeela esan zuen, haren ustez «oso emaitza onak» ematen ari baita.

Pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileen inguruan, Neirak adierazi zuen garrantzitsuena «estrategia oso bat» eta «pazientzia izatea» dela, «neurriek funtziona dezaten». Ildo horretan, «neurriak gizartean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten, baina, aldi berean, osasunean eragina izan dezaten» hartu behar direla aipatu zuen.

Zer Eguberri espero ditugun ere galdetu zioten elkarrizketan, eta, doktoreak onartu zuenez, «ez dira beste urte batzuetan bezain dibertigarriak eta hedakorrak izango». «Sormen eta irudimen handiak izan beharko ditugu. Pazientzia, estrategia eta nolabaiteko baikortasun aktiboa beharko dira», abisatu zuen, data horiei begira.

Estatu frantsesean, dohanik

OME ez ezik, gobernu desberdinetako ordezkariak ere hasi dira dagoeneko txertaketaren hasiera datak iragartzen. Horrela, Olivier Veran Osasun ministro frantsesak atzo adierazi zuenez, Pfizerrek koronabirusarentzat duen txertoa «eraginkorra eta segurua» dela frogatzen badu, datorren urtearen hasieran eta ordaindu beharrik gabe txertoa erabiltzen hastea espero du. «Onartzen badituzte, lehen txertoak urte hasieran izango ditugu», azaldu zuen Veranek BFMTV kateari eskainitako elkarrizketa batean. Bertan, Pfizerrek eta BioNtech enpresek esperimentazioaren datu guztiak «hemendik hiru astera» osasun agentziei helaraztea espero duela esan zuen.

Ministroak gogora ekarri zuen Europako Batzordeak akordioa egin duela aipatutako bi enpresa horiekin, eta ziurtatu zuen Estatu frantsesari egokitzen zaizkion txertoak –30 milioi – dohainik banatuko direla.

Oraingoz, Europako Batzordeak Pfizer eta BionTech, Sanofi-GSK, Curevac, AstraZeneca eta Oxfordeko Unibertsitatea, Johnson & Johnson eta Moderna enpresekin hitzartu ditu akordioak, bakoitza garatzen eta ekoizten ari den txertoa jasotzeko.

Une honetan zalantza nagusia txertaketaren lehentasunari buruzkoa da. Izan ere, txertoak ez dira bat-batean eta mundu guztiarentzat iritsiko, eta, beraz, lehendabizi nor babestuko den erabaki beharko da. Alde horretatik, herrialde bakoitzak txertoak biztanleei nola banatuko dizkien erabakitzeko ahalmena du, baina Europako Batzordeak dagoeneko gomendatu du funtsezko langileei lehentasuna ematea, eta, horiekin batera, osasun-langileei eta adinekoen zaintzaileei, 60 urtetik gorakoei, arazo medikoak dituztenei eta ekonomikoki ahulak diren kolektiboei. Ikusteko dago, dena den, estatu eta herrialde guztiek gomendioa jarraituko duten.