Lakuako Osasun Sailak egunero kaleratzen duen txostenak aurreko 14 egunetan pilatutako kasuen portzentaia zehazten du, herriz herri. Eta oso argigarria da datua, epe horretan kasurik ez duten udalerriak gutxi direlako eta, batez ere, txiki-txikiak. Okerrik ezean, bakar batek ere ez du mila biztanle biltzen.
0 tasa agertzen duten bakarrak (hau da, azken bi asteotan positiborik izan ez dutenak) hauetxek dira: Araban, Berantevilla, Bernedo, Burgelu, Harana, Kripan, Lagran, Moreda, Navaridas, Urizaharra eta Eskuernaga; Bizkaiari dagokionez, Arakaldo, Arratzu, Garai, Ibarrangelu, Ispaster, Elantxobe, Ereño, Etxebarria, Morga, Nabarniz eta Sukarrieta; eta Gipuzkoan, Abaltzizketa, Altzaga, Altzo, Arama, Baliarrain, Beizama, Gaintza, Itsasondo, Leintz Gatzaga, Mutiloa, Orexa eta Zerain.
Nafarroako bilakaera ikusita, baliteke mila biztanle baino gehiagoko herri «garbirik» izatea une honetan, baina bertako Gobernuak emandako datuekin ez dago zerrenda hau osatzerik.
EAEra itzuliz, kontrako aldean dozenaka udalerri daude, «zonalde gorria» delakoan (14 egunotan 100.000 biztanleko 500 kasutik gora batzen dutenak alegia). Gipuzkoan une honetan Eibar da kolpatuena, 2.378ko tasa baitu; Bizkaian, ondo-ondoan den Ermua (1.402) nabarmentzen da; eta Araban, hiriburua, Gasteiz (559), da datu okerren duena.