Arnaitz Gorriti

San Petersburgoko Zenitek Saski Baskonia izoztu du (70-77)

4-5eko balantzearekin Euroligako sailkapenaren erdialdean geratu da talde gasteiztarra, Xavi Pascualen gizonen aurka oso deseroso jokatu ostean. Bigarren laurdenaz geroztik, errusiarrek markagailuaren agintea eta jokoaren ekimena eraman dute, azken laurdenean partida hausteko. [Sailkapenak]

Nahi eta ezinean aritu da Baskonia: tarteka ongi, baina errusiarren defentsak itota azkenean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Nahi eta ezinean aritu da Baskonia: tarteka ongi, baina errusiarren defentsak itota azkenean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

TD SYSTEMS BASKONIA 70 - SAN PETERSBURGOKO ZENIT 77

TD Systems Baskoniak balantze negatiboarekin jarraitzen du San Petersburgoko Zeniten aurka galdu ostean. Hotzagatik edo dena delakoagatik, baina ez dio partidari tamaina hartu eta Zenitek bigarren laurdenaz geroztik nahi bezala eraman du neurketa. Baskoniaren erreakzio uneei eusten jakin die Ponitka, Poythress eta Kevin Pangosen eskutik eta azken laurdenaren hasieran, 2-14ko partzial bati esker neurketa hautsi du. Ez du Fenerbahçek eta Panathinaikosen duten izenik, baina oso talde serioa dela erakutsi du Xavi Pascualek gidaturiko jokalari multzoak.

Hasiera baten 20-0eko emaitzaz gasteiztarrak irabazle jo bazituzten ere, araudia aldatu zuen Jordi Bertomeuk zuzentzen duen lantaldeak eta hala, hirugarren jardunaldiko norgehiagoka hau jokatu egin behar izan da, behin talde errusiarrak covid-19 kasuak halakoren baten atzean laga ondoren.

Hobe zitzatekeen hala erabaki izan balute, baina partida, hotzak hotz, h¡jokatu egin behar izan da, nahiz eta aurreko egunetako Baskoniarik ezin ikusi. Ez Baskoniarik, ezta aurkaririk ere, batez ere aurreneko laurdenean. Oso aurreneko laurden eskasa jokatu dute talde biek, baina garestiago ordaindu du Baskoniak, bi pertsonal ikusi baitituzte bai Vildozak, baita Jekirik ere.

Jekiri kentzea gaitzerdi, Youssoupha Fallen bitartez Baskoniak aurrerapauso ederra eman baitu, Gudaitis aurkaria baino handiagoa eta indartsuagoa dela erakutsi baitu. Alabaina, Ivanovicenak sekula ere ez dira eroso aritu, ezta bigarren aurdenaren hasiera 17-10 aurreratu direnean ere, Pierria Henryren aurreneko minutuetan.

Xavi Pascual katalanaren taldeek partidak lehorrak eta zailak egiteko bertute hori du eta ez da gutxiago izan bigarren laurden hori ere. Hori gutxi ez eta, Kevin Pangos partidan sartzen hasi da hirukoz hiruko. Antolatzaile kanadiarraren ondotik Ponitka eta Poythress ere epeldu dira. Poythressen mugikortasunak Falli sufritu arazi dio eta Ponitkaren indarrak San Petersburgoko Zenit aurretik jarri du.

Bederatzi puntuko aldea ere lortu dute errusiarrek, baina zorionez Zoran Dragicek erantzuna eman die eta atsedenaldira 28-34 atsetik iritsi dira gasteiztarrak; bizirik gutxienez.

Bai, baina ez

Giedraitisen hirukoek eta Vildozaren talentuak zaila zirudiena erraz asko egin dute: markagailuari buelta eman 14-4ko partzial bati esker. Itxura baten gainera, Baskoniaren defentsak Kevin pangos itoarazi du eta errusiarrek ez dute hirugarren laurdeneko hasieran erosotasunik aurkitu.

Alabaina, Poythressek eutsi egin die Xavi Pascualenei partida barruan eta Ponitka antolatzaile postuan jarrita, maila fisiko berean jarri da Zenit. Hori gutxi ez eta, Ivanovicek Vildoza kendu du eta tamalez ez da Pierria Henryren eguna izan. Hala, Billy Baron ere kantxan sartuta, Zenitek ostera ere buelta eman dio markagailuari eta azken laurdenera 51-56 aurretik iritsi da.

Hori bakarrik izan balitz, gaitzerdi. Zhubkovenhiruko batekin hasi da hirugarren laurdena eta Baskoniak, epaileekin, arerioarekin eta bere buruarekin borrokan, partidatik atera da eta 2-14ko partziala «irentsi» behar izan du. Gudaitis, Ponitka eta errebotean erakutsi duten nagusitasunari esker, partida ia hautsi egin dute 53-70 aurreratuta.

Ia, Saski Baskoniak sekula ere ez baitu amore ematen. Jokalari «txikiak» atera ditu Ivanovicek defentsan gogorrago eta azkarrago mugitzekotan, eta baloi batzuek ohostu ahal izan ditu bere taldeak, antolatzailerik gabe jokatzen saiatu delako Zenit, Kevin Pangosi atsedena eman nahian.

Talde errusiarrak ere erlojuarekin jokatu nahi izan du eta erasoko erritmoa galdu du goitik behera. Baskoniak, epaileen inolako laguntzarik jaso ezean –ez du horregatik galdu, esan gabe doa– hamar puntuz behetik hurbildu du markagailua, baina larregi kosta zaio eta Ponitkak jaurtiketa libreen marratik ez du barkatu.