Bost mende bete dira munduari itsasoz lehen aldiz marinel batzuek bira eman ziotela, Juan Sebastian Elkano nabigatzailea espedizioaren buru zela. Urteurren bereziaren harira, eta Gipuzkoako Aldundiak aurten martxan jarri diren omenaldi ekimenekin bat eginik, Iñaki Holgado (Donostia, 1973) marrazkilariari eta Alber Vazquez (Errenteria, 1969) historialari eta idazleari egin zieten abentura hura komiki batean jasotzeko eskaera. Emaitza ostiral honetan aurkeztu dute prentsaurrean: ‘Elkano, mundua beletan’ izeneko komikia.
Sortze prozesuan, ordea, beste artista batzuek ere parte hartu dute, azpimarratu dutenez. Pc DelaFuentek egileak, adibidez, marrazkigintzan lagundu du, eta Angel Gomez Espinosak kolorista gisa egin ditu ekarpena. Gainera, komikigintzan aditua den Harriet argitaletxearekin lan egin da ediziorako.
Komikia euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da eta doan banatuko da lurraldeko liburutegi eta kultur etxeetan. Era berean, liburu-dendetan salgai egongo da eta Durangoko Azokan Elkar banatzailearen stand birtualean egongo da.
Mendeurrena ospatzeko ekitaldiak
Komikiaz harago, hainbat ekitaldi antolatu dura urteurrena omentzeko. Donostiako kaian dagoen Itsas museoan, adibidez, ‘Elkano. Munduko Lehen Itzulia’ erakusketak irekita segitzen du. Bertan, gizateriaren historiako gertaera garrantzitsu hori beste ikuspegi batetik aztertzen da, Xabier Alberdi museoko zuzendariak egindako ikerketei eta erakusketa honetarako erabilitako eta sortutako baliabideei esker, besteak beste, Gipuzkoako Aldundiaren eta San Telmo Museoaren bildumetako Gordailutik datozen lan eta piezei esker.