Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevista
Peio Goikoetxea Goiogana
Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

«Kirola Euskal Herritik kanpo saldu nahi dugu eta garrantzia kentzen diogu euskarari»

Peio Goikoetxea Goiogana (Ermua, 1992) Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia da. Bigarrenez hartuko du parte Euskaraldian ahobizi gisa, lagunarteko erabilerak indartzeko itxaropenarekin.

Peio Goikoetxea, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia, ahobizia izango da. (Euskaltel-Euskadi)
Peio Goikoetxea, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia, ahobizia izango da. (Euskaltel-Euskadi)

Hasteko eta behin. Nola bukatu duzu denboraldi arraro hau?
Beno, ahal zena egiten. Joaten ginen tokietara ahalik eta maila onena ematen saiatu gara, baina ez da erreza izan lasterketak egingo ziren edo ez ziur jakin gabe prestaketa ona egitea.

Eta, bide beretik, nola aurreikusten da hurrengoa?
Bi aste hartu ditut, denboraldia amaituta, hurrengoa prestatzen hasi aurretik deskonektatzeko. Baina hau ere ez da erreza. Hala ere, nire prestaketa, denboraldi normal bati aurre egingo bagenio bezala daramat. Helburua 2021 denboraldia normal betetzea da. Urtarriletik urrira.

Gaian sartuta. Euskaraldia dator eta modu aktiboan hartuko duzu parte.
Bai, hori da. Duela bi urte egin zen lehen ekitaldian parte hartu nuen eta oraingoan ere. Ahobizi moduan egingo dut, nahiz eta kontuan hartuta zeinen lotsatia naizen eta zeinen gutxi hitz egiten dudan, hobe nuke belarriprest rola (barrezka).

Zein da zure egunerokoan euskararekin duzun lotura?
Egia esan, pozik esan dezaket nire bizitzako parte garrantzitsua dela euskara. Familian, lanean eta lagunartean bizitzaren parte handi bat egiten dut euskaraz.

Hizkuntza ez da harresi bat eta euskaraz egiteagatik ez zara aparte geratuko

Eta zer emango dizu ekimen honek?
Hau indartzeko aukera. Batez ere lagunartean. Denek jakin, badakite. Eta askotan edo gehienetan euskaraz aritu gaitezke. Baina, adibidez, elkarrizketa teknikoa bihurtzen denean edo zenbait esamoldetarako gaztelerara jotzeko ohitura dugu. Agian, ahobizi txapa soinean jarrita gehiago saiatuko gara elkarrizketa horiek euskaraz bukatzen.

Aurtengo berritasuna ariguneak dira. Euskaraz aritzeko guneak. Tropela ba al da arigunea?
Beno, gure kasuan, Euskaltel-Euskadi taldea gauza berezia da. Aurrekoan aipatzen nuen bikotearekin zeinen polita den taldean euskalki pila izatea. Pena Ipar Euskal Herriko norbait ez izatea. Egun batean hasi gaitezke bizkaieraz, gipuzkeraz jarraitu eta amaieran ez dakigu zein euskalkitan ari garen edo denak nahasten ditugun.

Eta zuzendariekin edo lasterketetan?
Euskal Herrikoa ez den jendea ere badago taldean. Espainiar Estatuko txirrindulariak eta bielorrusiar bat ere badugu. Beraz, lasterketetan kointziditu egiten badu denak euskaldunak garela, ba gehiago entzuten da euskara. Aldiz, aipatutako taldekideren bat baldin badago, halabeharrez, gaztelerara jotzen dugu gehiago.

Izan daiteke hauek ere euskara pixka bat gerturatzeko aukera?
Nik uste jendeak oso presente daukala. Euskal Herrira datozen txirrindulariek badakite euskara dela euskaldun egiten gaituena. Errespetu hori badute eta askotan hemengoek baino handiagoa erakusten dute. 

Txirrindularitzan, beste kiroletan ez bezala, beste talde batzuetako txirrindulariekin entrenatzen duzue. Normalean zuen zonaldekoekin. Zure entrenamendu grupeta ahobizia da ere?
Normalean bai. Gipuzkoara bizitzera etorri naizenetik asko ibiltzen naiz Aritz Bagues, Mikel Iturria edo Mikel Alonsorekin. Eta gehienbat euskaraz aritzen gara.

Euskal Herrira datozen txirrindulariek badakite euskara dela euskaldun egiten gaituena

Kultura eta kirola, maiz, kontrajarri bezala aurkezten dira zenbait gaietan. Baita euskararekiko ere. Kulturan euskarak pixu handia izan ohi du. Kirolean zergatik ez gara horretara iritsi?
Azkenean, kirolariok, pertsonaje publiko garen bezala, muga dezente dugu. Esanen nuke kirola gehiago saldu nahi dela Euskal Herritik kanpo eta garrantzia kentzen diogula gurea denari. Horretaz gain, azpimarratu beharra dago kulturak askoz gehiago erabiltzen duela, baita ere haien lan tresna delako.

Pertsonaje publiko bezala, hedabideekin egiten duzue zuen lanaren parte handi bat. Nolako esperientzia duzu euskal komunikabideekin? Gehiago egin dezakegu?
Nik ere, kirolari moduan, sare sozialetan gutxiago idazten dut euskaraz. Eta badakit, gaur egun, sare sozialek itzulketa sistema dutela. Hizkuntza ez da harresi bat eta euskaraz egiteagatik ez zara aparte geratuko.

Eta galderari erantzunez, nahiko argi ikusten dugu gauza garrantzitsuetarako hedabideek gaztelerara jotzen dutela eta euskara, aldiz, gai arinagoetarako erabili.