Aitor AGIRREZABAL

Berak, euskaraz. Hark, zergatik ez? Zerk baldintzatzen du euskararen erabilera?

Donostian, 2018ko Euskaraldian ezarri zen mintzodromoa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Donostian, 2018ko Euskaraldian ezarri zen mintzodromoa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Zein aldagai lotzen dira euskararen erabilerarekin? Zerk baldintzatzen gaitu lagun batekin euskaraz aritu edo ez aritzeko? Nondik datoz baldintza horiek?

Natxo Sorolla, Olatz Altuna eta Imanol Larrea ikerlariek Soziolinguistika klusterrarentzako ikerketa egin zuten, hau hizpide hartuta. Lanaren erdigunean kale erabilera ezarri zuten eta hainbat aldagaiekin egin zuten lan. Bi topatu dituzte nagusitzat: hizkuntzaren ezagutza eta lehen hizkuntza. Aldagai soziodemografikoen multzoa, baina, oso zabala da: hezkuntza eredua, biztanleriaren adina, jatorri demografikoa, migrazio saldoa, udalerriko biztanleriaren tamaina, maskulinitate tasa, jaiotze tasa, heriotza tasa, hazkuntza begetatiboa, lan mugikortasuna, hezkuntza mugikortasuna, egoera zibila, familia eredua eta tamaina, ikasketa maila, langabezi tasa, barne-produktu gordina, errenta, balio erantsi gordina, nekazal lurzoruaren banaketa eta lurraren okupazioa. Guztiek dute bere garrantzia gure hizkuntza ohituretan.

Ikerketan azaltzen denez, zenbat eta udalerri euskaldunagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen kale erabilera. Logikoa dirudi. Hala ere, banaketa ez da lineala eta uniformea, eta udalerrien artean hizkuntza portaerari buruzko desberdintasunak ageri dira. Zeri dagozkie aldaketa hauek?

Hasteko, adina. Haurren erabilera batez besteko orokorretik gora kokatzen da ia udalerri guztietan. Hau da, haurrek proportzioan gainontzeko biztanleek baino gehiago darabilte euskara. Baina euskararen eta gaztelaniaren erabilera antzekoa den udalerrietan aldentzen da gehien haurren erabilera batez bestekotik.

Eta, gainera, haurren erabilera horrek biztanle guztiengan du eragina. Izan ere, haurrak elkarrizketetan presente daudenean erabilera batez bestekoa baino altuagoa da udalerri ia guztietan eta hauen faltan, batez bestekoa baino baxuagoa. Hala ere, zonalde erdaldunenetan, haurren arteko erabilera (helduen presentziarik gabe), erabilera orokorra baino baxuagoa da. «Helduek gehiago hitz egiten dute euskaraz haurrekin bere adinekoekin baino. Baina haurrek hortik jasotzen dutena, gordin esanda, euskara haurren hizkuntza dela da. Haurrek helduak izan nahi dute eta joera horiek erreproduzitu egiten dituzte», azaltzen du Olatz Altuna ikerlariak.

Haur hauek dira etorkizuneko heldu eta haien artean erlazioak gazteleraz sortzen badituzte, joera hori errepikatzeko arriskua biderkatu egiten da. «Gutxienez konsziente izan beharko genuke haurrek helduen joerak errepikatzen dituztela». Eta hor etxeak du garrantzi nabarmenena. Etxetik euskara jaso dutenen proportzioa handia den udalerrietan are eta handiagoa da euskararen kale erabilera.

Bestetik, euskalduntasuna genero femeninoarekin lotuago aurkezten du ikerketak. Honen arabera, emakumeek gehixeago egin dute aurrera euskara berenganatzeko prozesuan. Dinamika hori berresten bada, hizkuntzaren bizitasunaren adierazgarria izango litzateke; izan ere, hainbat ikertzaileren arabera, gizonak atzeratu egiten dira aldaketa soziolinguistikoko prozesuetan eta emakumeek lehenago eskuratzen dituzte prestigiozko aldaerak. «Emakumeek gizartean dagoen joera nagusia edo norberarentzat probetxuena dena sumatzeko doaia dute. Gizonezkoek baino lehen. Emakumeak joera hori hartzen badu, gizartean indarra hartuko duela dio teoria honek», azpimarratzen du Altunak, hainbat ikerlariren teoria berea eginez.

Baina honek badu ifrentzua. «Sexuen arteko aldeak ulertzerakoan, kontuan hartu behar dira bakoitzari ezarritako rolak. Umeen zaintza lana, oraindik, emakumeengan egon ohi da. Era berean, ikerketak erakutsi egin digu emakumeak araua betezalegoak garela. Eta eskolan ematen den mezua “euskaraz egin behar duzue” da eta neskek hori hartzen dute».

Zonalde ez euskaldunean hazteko zailtasuna

Euskara, baina, oso lotuta dago bere inguruarekin. Zentzu horretan bat egin dute Txillardegik (2001) proposatzen zuenarekin. Alegia, euskal hiztun gutxiago dauden tokietan, askoz errazagoa dela bikote mistoak sortzea eta kide euskaldunak hizkuntza hegemonikoarekin, kasu honetan gaztelaniarekin, bat egitea. «Teoria honen arabera galtzaile da hiztun gutxien dituen hizkuntza hori. Hiztun kopuruak baldintzatzen du erabilera. %30 bagara euskal hiztunak, erabilera derrigorrez hortik beherakoa izanen da beste %70arekin harremandu nahi baldin badugu». Eta hor sartzen da Euskaraldia bezalako ekimenen balioa. «Elkarrizketa elebidunak ere eman daitezkeela (belarriprest) kontuan hartu behar dugu».

Izan ere, «Euskaraldiak borondatezko adostasun batez, gazteleraz mintzatzeko ohitura duten euskaldunen joera aldatzeko gonbitea dakar», azpimarratzen du Altunak. Eta, bide batez, aipatutako elkarrizketa elebidun horien aukera bultzatzea. Baina ekimenaren garrantzia haratago darama. «Euskararen egoera eta auzia erdigunera dakar. Hitz egin eta hausnartzera gonbidatzen du eta hau beti da eraldatzailea».

Ikerketara itzuliz, beste erronka bat ere jartzen du mahai gainean Altunak. Honen arabera, gizarte tradizionalagoa lotuago dago euskararekin eta gizarte modernoagoak harreman estuagoa du gaztelaniaren erabilerarekin. Salbuespenak salbuespen, euskara osasuntsuago dago industrializatu gabeko guneetan. «Euskararen arnasguneeak sozio-ekonomikoki zaintzea garrantzitsua da euskararentzat. Garrantzitsua da euskara nagusi den herri eta zonaldeak izatea. Eta une industrialago edo hiri inguruetan euskara eta euskal kultura prestigiatu beharko genuke eta gune erakargarriak sortu», dio nahiz eta onartu «globalizazio garaian ez dela erraza».