Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Polizia frantsesaren gehiegikerien aurka protestak nonahi

Milaka pertsona atera dira Estatu frantsesean Poliziaren gehiegikeriak grabatzea kriminalizatzen duen legearen aurka. Parisen etorkinen bilkura baten aurkako errepresioak eta musikari produktore beltz bati jipoiak auzia azaleratu dute, lege-eztabaida zena krisi politiko latza bihurtuz.

Jendetza Pariseko Errepublikaren enparantzan. (Thomas COEX/AFP)
Jendetza Pariseko Errepublikaren enparantzan. (Thomas COEX/AFP)

Paris, Bordele, Lyon, Estrasburgo, Marseila, Grenoble, Clermont-Ferrand, Caen, Lille. Montpellier… milaka pertsona atera dira kalera Hexagonoan «adierazpen askatasuna» eta «eskubude-Estatua» hausten duen legearen kontra. Atzo, milaka izan ziren manifestariak Nantesen.

Aipatu legeak, Asanblada Fransetsak jada onartu duena –Senatuan espero da orain eztabaida– Poliziaren irudiak ematea debekatzen du eta dronen eta kameren erabilera kriminalizaten du.

Ezkerreko alderdiez, sindikatuez eta gizarte zibilaren erakundeez gain, kalera ateratzeko dei egin dute hainbat pertsona ospetsu, kirol eta kultur munduan, «ez dugulako onartzen Frantzia Poliziaren indarkeriaren eta adierazpen askatasunaren aurkako herrialdea bilakatzea».

2018 eta 2019an matxinatu ziren txaleko horiak ere bertan izan dira.

Noski, Pariseen Errepublika plazatik Bastillaraino abiatu den manifestazioa izan da jendetsuena. Ekimena kontzentrazio hutsa bihurtzea nahi izan zuen prefetak, Didier Lallement, dei egin zien poliziei «tentuz ibiltzeko eta lerro errepublikarrari eusteko» auzitegi batek, pandemiaren gainetik, manifestazioa baimendu ondoren.  

Antolatzaileek salatu dutenez, Poliziaren gehiegikerien inpunitatea bilatzen du legeak eta polizien pribatutasuna eta eskubideak bermatzeko hainbat lege badaudela gogorarazi dute.

Aste beroa

Aste honetan jazo eta bistaratu diren Poliziaren inguruko bi gertakariek auziaren mamia azaleratu dute eta auzia politikarien arteko eztabaidatik atera eta, kalera ez ezik, gobernuaren muineraino eraman dute.

Astelehenean, bideotan ikusi daitekeenez, Poliziak gogor hustu zuen Paris erdian plaza baten etorkinen elkarretaratzea, kamerak eta smartphonak erabiltzen ari diren kazetarien aurka eginez.

Egoerak eztanda egin zuen hiru poliziek maskarilla ez zeraman musika produktore beltz bati izugarrizko jipoia nola ematen zioten erakusten zuten irudiak kaleratu zirenean.

Komunikabideek eta hainbat pertsonai publikoek, futbolariak barne, gogor gaitzestu dute polizien jarrera.

Emmanuel Macron presidente bera, aipatu legea bultzatzen ari dena, «lotsatuta» agertu da irudiak ikustean eta poliziak gogor zigortzeko agindu dio Gérald Darmani Barne ministroari.

Jean Castex lehen ministroa auzian buru-belarri sartu da legea «berridazteko agindua izango duen batzordea» proposatu duenean. Iragarpenak hautsak harritu ditu parlamentari talde guztietan, botere legegilean esku-sartzea onargabea delakoan.

Estatu frantsesean eta atzerrian komunikabideek «segurtasun noraeza» salatu dute. Nazio Batuen Erakundean ere adi daude giza eskubideen aldeko erakundeak egoera aztertzen. Europako Parlamenturaino iritsi da eztabaida.