Pello Jauregi Etxanizek (Donostia, 1958) jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen Abbadia Saria. Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta, horrekin batera, «dinamika sozial» berri bat eragiteko gai izateagatik saritu dute irakasle eta ikerlaria. «Euskararen hedapenerako aukera neurtezinak sortu ditu», nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak, epaimahaiaren irizpideak bere eginez, oroigarria emateko ekitaldian.
Jauregik hunkituta jaso du saria eta esker-oneko hitzak izan ditu Foru Aldundiak egin dion aitortzagatik. Errekonozimendua «urte askoan lankide» izan dituen ororekin konpartitu ditu. «Poz ikaragarria da, batetik, egindako lana eta sortutako ideia horiek jendearentzat baliagarriak direla ikusten duzulako. Baina, bestetik eta batez ere, poz berezia egiten dit ikusteak ilusioa berreskuratu dugula, sortu ditugula beste aukera batzuk, beste tresna batzuk, euskararen erabileran aurrera egiteko. Euskararen normalizazioaren partida ulermena unibertsalizatzen denean hasiko da. Oraindik entrenamenduan gabiltza, partida iristen denerako entrenatuta egon behar gara», adierazi du, Euskaraldia aintzat hartuta.
Abbadia Sariaren banaketa ekitaldia Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian antolatzen du Gipuzkoako Aldundiak, baina aurtengoa ezohikoa izan da. Osasun irizpideak direla medio, publikorik gabe egin dute eta streaming bidez emititu dute. Jauregi eta Olanoz gain, hitza hartu dute Kike Amonarriz Topaguneko lehendakari eta 2015eko Abbadia Sariak, eta Estibalitz Alkortak, Lakuako Gobernuko Euskara Sustatzeko zuzendariak.
Alos Quartet musika taldearen doinuek eta dantza ikuskizun batek lagunduta, Pello Jauregiren ibilbideari errepaso egin diote guztien artean. Aldi berean, zenbait ikus-entzunezkoren bitartez, ikertzaile donostiarrarekin batera euskara sustatzeko lanean aritu diren eta ari diren hainbat lagun eta adituren testigantza ere entzun da, baita bere egitasmoen onuradun izandako herritarren gogoetak ere.