NAIZ

Adinekoak egoitzatik etxera bueltatzeko programa aktibatu du berriro Gipuzkoak

Gipuzkoako erresidentzietako erabiltzaileek etxera itzultzeko aukera izango dute eta ez dute egoitzako plaza gordetzeko kuotarik ordaindu beharko.

Gernikako Calzada zahar etxearen artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Gernikako Calzada zahar etxearen artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko egoitzetako erabiltzaileak etxera itzultzeko programa berriro jarri du martxan. Aldi baterako beren etxeetara itzultzea eskatzen duten mendekotasuna edo ezgaitasuna duten pertsonek ez dute plaza gordetzeko kuota ordaindu beharko eta laguntza tekniko eta ekonomikoak jasoko dituzte.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak eman du berria, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta azaldu duenez, «etxean dauden bitartean ez dute inolako plaza-erreserbarik ordaindu beharko», Gizarte Politikako sailak «erreserba horren ardura hartuko baitu, eta laguntza tekniko eta ekonomikoak eskainiko dizkie hala eskatzen duten familiei».

Programa hau pandemiaren lehen boladan aktibatu zen eta alarma-egoera amaitzearekin batera gelditu zen. Ildo horretatik, Peñak adierazi du programak urriaren 25etik aurrera izango duela eragina, egun horretan ezarri baitzen alarma-egoera berria, eta amaitu arte egongo dela indarrean.

Foru diputatuak zehaztu du gutxienez 30 eguneko egonaldia egin behar dela etxean, eta familiek laguntza teknikoak izanen dituztela egonaldia errazteko, baita laguntza ekonomikoak ere. Egoitzatik atera eta hurrengo egunetik erresidentziara itzuli arte, hilean 338 euroko laguntza jasoko dute 1. eta 2. graduko mendekotasuna dutenek, eta 424 eurokoa 3. mailako mendekotasuna dutenek.

Laguntza hauek egoitzako plaza publiko eta pribatuen erabiltzaileek jaso ditzakete, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzen badute. Bestalde, Maite Peñak azpimarratu du bizilekura aldatzeko eskatzen duten pertsona guztiek beren plaza gordeko dutela eta ez zaiela horregatik kobratuko.