Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Urtarrilean jakinaraziko dute Urrutikoetxearen aurkako Hergueta kasuari buruzko erabakia

Gasteizko Michelin lantegiko arduradun zen Luis Hergueta 1980ko ekainaren 25ean hil zen ETA (pm)-k bere gain hartu zuen atentatu batean. Gaur erakunde armatu horretan inoiz militatu ez zuen Josu Urrutikoetxearen aurka Madrilek aurkezturiko estradizio eskaera aztertu du Parisko Dei Auzitegiak.

Josu Urrutikoetxea, Parisko auzitegietan izan dituen saioetako batean. (Bob EDME)
Josu Urrutikoetxea, Parisko auzitegietan izan dituen saioetako batean. (Bob EDME)

Gasteizko Michelin lantegiko arduradun zen Luis Hergueta 1980ko ekainaren 25ean hil zen atentatu baten ondorioz. ETA (pm) erakunde armatuak aldarrikatu zuen.

Hergueta hil izanaren ardura norena zen zalantza gutxi bazen, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak gauzak argi utzi zituen. 2017ko ekainaren 25ean, Herguetaren aurkako atentatuaren egunaren harira 1982an desagertu zen ETA (pm)-k hil zuela Hergueta zabaldu zuen sare sozialen bidez.

Hala eta guztiz ere, erakunde horretako kide inoiz izan ez zen Josu Urrutikoetxea Herguetaren heriotzareekin lotzen duen dosierra izan du aztergai asteazken honetan Parisko Dei Auzitegiak.

Berez, iragan azaroaren 18an jakitera eman behar zuen auzitegiak afera horri buruzko bere erabakia. Izan ere, akats prozedura bat tartean erabakia gibelatua izan zen.

Hori dela-eta epaileek berriz ere aztertu dute gaur Hergueta kasuari dagokion dosierra. Fiskalak galdera egin du gaurko audienzian: kasuari buruz informazio gehigarria eskatzea Madrilgo Auzitegi Nazionalari.

Iluntzean egin den auziaren emaitza heldu den urtarrilaren 6an jakitera emanen du epaitegiak.

Epaileak fiskalak eginiko galderari ahal dio jarraipen eman eta agiri berriak eskuratzeko data finkatu edo, zuzenean, Madrilek igorritako eskaerari erantzuna eman, hori onartzeko edo aldiz ezeztatzeko.

Bertze hainbat erabaki

Joan zen uztailaren 1ean Dei Auzitegiak espainiar Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen aurka aurkezturiko bi euroaginduetatik bat atzera bota zuen.

Madrilgo epaitegiak «gizateriaren aurkako krimenak» delitua egotzi zion Urrutikoetxari 2006an Barajaseko aireportuan ETAk egin zuen erasoaren ardura zuelakoan. Bi pertsona hil ziren atentatu horren ondorioz.

Uztailaren 1ean, auzitegi berak heldu den urtean Urrutikoetxeak frantziar auzitegietan zabalik dituen auzi b¡ egin arte Ugaoko militantea libre uztea erabaki zuen, eskumutur elektronikoa eramateko baldintzarekin.

Horren ondorioz, uztailaren 29an Parisko La Santeko espetxetik atera zen ETAren amaiera iragarri zuen militante historikoa. Geroztik Parisen bizi da.

Joan zen azaroaren 4an, Kasazio Gorteak (auzitegi gorena) bere oinirizia eman zion ‘Herriko Tabernak’ auzian oinarrituta Urrutikoetxea espainiar Estatura bidaltzeko Madrilek igorritako euroaginduari.

Bezperan Dei Auzitegiak Urrutikoetxea auziaren zain aske jarraitzeko erabakia berretsi zuen

Azaroaren 17an, berriz, Kasazio Gorteak Urrutikoetxearen kontra Madrilek aurkezturiko bertze estradizio eskaera bat babestu zuen.

Hala 1987. urtean Zaragozan Guardia Zibilaren kasernaren kontra ETAk eginiko erasoarengatik (11 persona hil ziren atenatu hartan) Urrutikoetxea espainaratzaren alde azaldu zen frantziar Auzitegi Gorena. 

Auzitegi horrek berak Urrutikoetxearen defentsak aurkezturiko helegitea errefusatu zuen bide batez irailaren 30ean Dei Auzitegiak azaldutako iritziarekin bat eginez.

Edonola ere frantziar Estatuan Urrutikoetxeak zabalik dituen bi auziek lehentasuna izanik, ETAren behin betiko amaiera iragarri zuen militante historikoaren espainaratzea ez da edonola ere epe motzean gertatuko.