«Burgosen salbatu zirenek herriari zor diote bizia»
Antton Karrera (Amezketa, 1943) Burgosko Prozesuko hamasei epaituetako bat izan zen. LKIko kide izan zen kartzelatik atera eta gero. Ezker Batua-Berdeak koalizioko kide izan zen ondoren, eta Ezker Anitzaren sorreran ere parte hartu zuen. Azken alderdi horretako parlamentari izan zen.
Antton Karrerak memoria paper-biribilki bat bezalakoa dela uste du. Egiten duzun azken gauza ahazten den lehena da, kartoia laztantzen duen zatia oroimenean iltzatuta mantentzen den bitartean. Agian horregatik gogoratzen du ezin hobeto duela 50 urte gertatu zena; bere euskara eskola klandestinoak, bere atxiloketa eta '31/69 sumarisimoa', Francoren erregimenari egindako epaiketa bezala Euskal Herriaren historiara pasako zena, diktadoreak Meliton Manzanas komisarioaren hilketaren ondoren euskal erresistentziari kolpe bat emateko bitarteko gisa irudikatu bazuen ere. Hortik hasiko gara.
Meliton Manzanasekin hasten da Burgosko Prozesua. Oposizioko mugimendu klandestinoan ia guztiek txalotu zuten atentatua...
Meliton Manzanas hil zutenean ni Iruñean nengoen eta bertan ez zen hain ezaguna. Bere garaian, frankismoko lehenengo urteetan, Manzanasek hainbat pertsona kartzelara eramaten zituen Franco hona etortzen zen bakoitzean. Horretarainoko egoera zegoen. Egun batean hil egin zuten eta Donostian egun horretan xanpainarekin atera ziren kalera. Tabernatan xanpaina ematen zuten.
Zein zen zure jarduera politikoa testuinguru horretan?
Euskara klaseak ematen nituen eta Iruñeko Jesuiten egoitzan langileen interesen aldeko ekintzak antolatzeko bilerak egiten genituen. Jesuita batek niri giltza ematen zidan, oso diziplinatuak ginelako, gauzak oso ondo egiten genituelako. Nik garai hartan ere baneukan seminarioko giltza eta gauean sartu eta ateratzen ginen.
Jende gazteagoari deigarria egin dakiokeen arren, Elizaren zati baten papera funtsezkoa izan zen Burgosko Prozesuan. Auzipetuan artean, Julen Kalzada eta Jon Etxabe apaizak ziren...
Eliza gauza bat da eta Eliza administratzen zuten pertsonak beste bat. Horien artean, bazegoen Eliza ofizialak esaten zuenarekin ados ez zegoen jendea, guri laguntzeko prestutasun izugarria zuena. Jesuitetan giltza niri emate hori jendeak orain ezin du ulertu. Langileen orriak han egiten genituen. Eta hori bakarrik ez, seminarioko makinetan inprimatzen genituen. Gizarteak guk egiten genuena txalotu egiten zuen, prest zegoen laguntzeko.
Zergatik atxilotu zintuzten?
Karrera bukatu baino lehenago kooperatiba batean kontratatu ninduten. Egun hartan Zabalegin zegoen nekazaritza eskola batetik nentorren. Larunbata zen, eta goizean bertan ikasle batzuei hitzaldi bat eman behar nien. Bergaran auto utzi eta bertan zita nuen beste kide batekin, paper batzuk eramateko leku batetik bestera. Atera nintzenean atxilotu egin ninduten. Nik sekula ez dut akzio militarrik egin, are gehiago, egitearen kontra beti egon naiz. Orduan eta orain. Begiratu zuten autoa, baina ez zuten ezer aurkitu. Hori bai, autorik gabe gelditu nintzen, ez dut inoiz berriz ikusi.
Gaur egun ere ez al da harrigarria zu Manzanasen heriotzaren sumarioan sartzea? Sumarioak berak erantzukizun orotatik salbuesten zaitu eta gainerako auzipetuak ez bezala, zu ez zinen ETAko militante.
Nik ezagutzen nuen ETAko jendea. Larunbat horretan nirekin hitzordua zuen pertsona atxilotu egin zuten eta berak kantatu egin zuen paper batzuk eman behar nizkiola. Ni ez nintzen egon komisarian, gobernu zibilean egon nintzen, Jose Sainzen bulegoan, zazpi egunez. Ez zidaten Manzanasi buruz ezer galdetu gainera, ez Jose Sainzek ez poliziek. Jende diferentea ginen eta eskarmentu bat eman nahi zuten.
Torturak salatu zenituen...
Bai, torturatu egin ninduten. Bulegotik behera jaitsi ninduten torturatzeko, eta, gero, kartzelara eraman ninduten. Nik ez nuen ezer deklaratu.
Eskarmentu bat emateko nahia aipatu duzu lehen. Francok heriotza zigorrak ordena mantentzeko bitarteko gisa ikusten zituen?
Francoren nahia eta plana hiru edo lau pertsona afusilatzea zen. Ez zuen espero gertatu zena. Buelta eman zitzaion egoerari eta gu ikaragarri saiatu ginen horretan. Epaiketan abokatuek ez zituzten beraiek nahi zituzten galderak egiten: guk geuk esaten genien zer galdetu. Hori zen gure estrategia. Nik zerrenda bat eraman nion nire abokatuari eta zer galdetu behar zidan esan nion.
Ez zen ezertxo ere inprobisatu…
Ezta koma bat ere. Hor gauza asko gertatu ziren. Adibidez, epaiketa hasi bezperan, ETAk Beihl kontsul alemaniarra bahitu zuen. Goizeko seietan iritsi ginen Burgosko Capitanía General-era. Aurreneko aldiz bildu ginen bertan 16 auzipetuak. Batzuek planteatu genuen bahiketarekin ez geundela konforme eta posizio bat hartu behar genuela. Izugarrizko debatea eduki genuen gure artean. Botazioa egin genuen eta irabazi genuen bahiketarekin ados ez geundela esaten genuenok. Nota bat bidali genien abokatuei eta kazetariei eman zieten, baina ez zen inoiz publikatu.
Sei urte igaro zenituen kartzelan...
Sei urte horietan, ez da onena kartzela hori egiteko, baina asko lortu nuen, gauza asko irakurri nituen. Informazio ona geneukan, toki guztietan. Segoviako kartzelatik ateratzeko orduan, funtzionario batek ezagutu eta gonbitatu egin ninduen. «¿Me permites que te invite a un café?», esan zidan. Berak ez zekiena zen hanketan kartzelako planoak neramatzala, lasai asko gainera! Madrilen entregatu nituen eta hurrengo egunean etxera bueltatu nintzen.
Hamasei gazte auzipetuen bilakaera ideologikoa oso ezberdina izan zen gerora. Zuk zeuk LKIn amaitu zenuen, eta, gero, Ezker Anitzeko kide izan zinen. Noiz hasi zinen independentismotik urruntzen?
Oso ezberdina izan da bakoitzaren bilakaera. Kartzelan egon eta gero ETA VI-en sartu nintzen, eta bertan ere eztabaidak egon ziren. Behin ere ez naiz izan independentista, gaurko egunean dagoen errealitatearekin kontzeptu horiek ez dute balio. Niretzako balio duena gizarteak egunero egin behar duen elkartasuna da. Nik ez dut euskara galtzea nahi, defendituko dut beti, baina euskara defenditzeko ez dut beste bat zapalduko. Niri gai sozialak deitu izan dit eta hortik joan nintzen. Pertsonei bizitzeko baldintza onak jarri behar zaizkie eta, hori egiten ez den bitartean, euskaraz egiteak, gazteleraz egiteak edo ingelesez egiteak ez du balio niretzako.
Nola azalduko zenieke belaunaldi gazteei zer suposatu zuen Burgosko Prozesuak?
Bizitza jarri ziguten aurrean eta hari erantzuten saiatu nintzen. Zaildu egiten zara, gogortu, pentsatzen eta gauzak erlatibizatzen ikasten duzu. Gaur egun txarra eduki daiteke baina atzetik etorriko da on bat. Bizitzan ere horrela egingo bagenu, hobe. Gorrotoak ez du ezer onik ekartzen, ez du zentzurik inor erridikulizatzeak; pentsaraztea berriz ondo dago, jendeari pentsarazi egin behar zaio, hortik zeozer atera daitekeelako.
Francok eskarmentu bat eman nahi izan zuen eta horretarako fusilamenduak nahi zituen. Ez zuen lortu herriaren babesa eduki genuelako. Bizia salbatu zutenek herriari zor diote, hori da gazteei erakutsi behar zaiena, herriak egindako mobilizazioak salbatu zituela. Gure lanak ez zuen ezer lortuko herriagatik ez balitz, hori izan zen determinantea.