DURAN MAQUINARIA ENSINO 70 - KUTXABANK ARASKI 67
Partida eta erdi geratzen zaio Kutxabank Araskiri aurreneko itzulia amaitzeko –gogoratu hilaren 9an, asteazkena, 18.30etan jokatu behar duela Casademont Zaragozaren aurkako partidaren bigarren erdia– eta Koparako sailkatzeko aukera gehienak xahutu dituzte Madelen Urietarenek. Lugon Ensinoren aurka galdu ostean. Luzapena berhatzeko hirukoa izandu Maria Asurmendik baina gutxigatik ez du sartu antolatzaile nafarrak.
Partidan denetik jazo da, kalitate handikoa eta oso intentsoa izan baita. Bizi bizi eta puntuak bata bestearen atzetik sartuz ekin diote gasteiztarrek partidari. Hala ere, kuriosoa da aurreneko laurdenean Araskiko hiru jokalarik baino ez dutela saskiratzerik sartu: Quevedok, Abalde eta Izaskun Garcia Urlezagak, alegia. Defentsan ez dute, ordea, Madelen Urietaren neskek erasoan adinako atarramendurik atera, Vega Gimeno, Hempe eta Van den Adel, Araskiko jokalari ohia azken hau, oso fin aritu direlako hauek ere. Hala markagailua 23-24 geratu da lehenengo hamar minutuen ostean.
39-44 iritsi da partida atsedenaldira. Tarteka galiziarrek markagailuan hartu dutela ikusita, Madelen urietak 2-3 zonakako defentsa agindu du eta neurri baten eten egin du Lugokoen erasoko etorria. Bestetik, Joy Adams eta Maria Asurmendi ere puntuak erraz asko sartzen hasi dira. Dena dela, arabarrek zenbait jaurtiketa libre hutsegin dituzte eta ezin izan dute ihes egin markagailuan.
Dena okertzen
Asko estutu zaizkio gauzak Araskiri hirugarren laurdenetik aurrera, ordea, Ensinok aurrea hartu baitu markagailuan. Stanacev antolatzailearen eskutik, galiziarrek joko are biziagoa egin ahal izan dute, eta lehenengo erdian ez bezala, gasteiztarrak ez dira kapaz izan erasoan aurkariak adina saskiratzeko.
Joy Adams eta Quevedo bai izan dira gai puntuak sartzeko, baina ia beste inor ere ez, eta horrez gain, Ensinoren zonakako defentsak –odolkiak ordainetan– eten egin du arabarren etorria. Are gehiago, 52-54 irabazten egotetik, 59-54 galtzen joatera pasa dira Madelen Urietarenak hirugarren laurdenaren amaieran.
7-0ko partziala asko irudituz gero, zer esan behar dugu partzial hori 12-0ra luzatuz gero! Erasoko erritmoa galduta ekin dio azken laurdenari Araskik eta Ensinori dagokionrz, Vega Gimenok bere erakustaldia ematen jarraitu du eta Bogicevicek 64-54koa ezarri du hiruko baten bidez. Ezinbestean, hutsartea eskatu behar izan du Madelen Urietak.
Halakoren baten, Asurmendik Araskik hain beharrezko zuen hirukoa sartu du, gasteiztarrak partidara itzuliz horrela. Horrez gain, zonakako beste defentsa bat agindu du Madelen Urietak, markagailua 66-57 okertu zaionean.
Zorterik gabe
Araskik borrokan jarraitzen du beti, baina sarritan zorte falta handia izaten du; zortea edo jaurtiketa libreetan ezin asmatua. Horixe bera gertatu zaio Tamara Abalderi, egokitu zaizkion lau jaurtiketa libreetatik bakarra sartu baitu. Hori gutxi balitz, Joy Adamsen saskiratze bat baliogabetu dute epaileek, antza denez saskira jaurtitzeko 24 segundoak agortu ondoren izan omen delako hegaleko estatubatuarraren jaurtiketa. Bestalde, Maria Asurmendik «bi gehi bateko» jokaldi bat osatu duenez, markagailua 66-61 dela iritsi da azken bi minutuetara.
Abaldek 66-63koa sartu du halakoren baten, eta Quevedok partida berdintzeko hiruko bat ere izan du, baina ezin asmatu, eta partida azken minutu erdira iritsi denean, Hempek, nahiz eta Ensino baloia galtzear izan den, 68-63koa sartu du. Quevedok hurrengo erasoan bi jaurtiketa libreak sartu ditu, 12,4 segundoren faltan, eta Joy Adamsi esker, baloia berreskuratu eta Asurmendik 68-67koa sartu du, ezin izan baitu hirukorik jaurti. Hori bai, lau segundo baino ez dira geratu partida amaitzeko.
Tamara Sedak falta azkarra egin dio Hemperi eta honek biak sartu: 70-67 hiru segundoren faltan, eta Madelen Urietraren hutsartea, luzapena behartzeko jokaldia egin nahian. Baloia Quevedori iritsi zaio eta honek Maria Asurmendi bakar bakarrik aurkitu du hirukoa botatzeko; hau da, jokaldia, Madelen Urietak nahi bezala atera da, baina antolatzaile iruindarraren jaurtiketa uztaian geratu da. Ondorioz, lau garaipen eskasekin, Kopara joateko aukerak ia amaitu zaizkio talde gasteiztarrari.
IDK Euskotren Kopara begira
Euskal Herrian 22.00ak direnean hasiko du larunbat gauean IDK Euskotrenek ligako bere jardunaldia. Azu Muguruzarenek Tenerifen jokatu behar dute, Ciudad de La Laguna taldearen aurka, eta ez da neurketa makala izango. Izan ere, donostiarrek garaipen bat nahikoa dute aurreneko itzulia zortzi onenen artean amaitu eta, ondorioz, Kopako txartela lortzeko. Alabaina, aurkaria ere ez da badaezpadakoa; gipuzkoarren zazpi garaipen pilatu badituzte dagoeneko, garaipen bat gehiago dute Tenerifekoek. Hori bai, azkenengo hiru neurketak galdu dituzte kanariarrek.
Kosta behar zaio IDK Euskotreni garaipena lortzen, dena den. Aurreneko itzuli honetan irabazitako bost partidetatik bi bakarrik lortu ditu Gasca kiroldegitik kanpo Azu Muguruzaren taldeak. «Oso sendoak izan beharko dugu atzean, erasoan gaizki gaudenean defentsaren bidez aurkariari aurre egin ahal izateko», iritzi dio asteon entrenatzaile donostiarrak.
Jakin badaki, hala ere Azu Muguruzak, aurrean aurkari petral askoak izango dituela. Donostian urtebete eman zuen Gaby Ocete antolatzailea, Tanaya Atkinson eta Kalis Loyd hegalekoak eta Laura Herrera zein Esther Montenegro, eskarmentudun pibotak biak ala biak.
«Taldeak nahi zuen helburu bat da Kopa, eta une honetan pausu bakar batera dugu. Uste dut orain ezin diogula ihes egiten utzi», adierazi du Muguruzak.