Ostiral honetan izan da Durangoko Azokaren hasiera ekitaldia. Aurtengoa berezia izan da, benetan arraroa. Jende gutxi bildu da Landako gunean. Erakundeetako ordezkariek, Gerediaga Elkarteko kideek eta sortzaileek parte hartu dute. Ez dira ilarak egon, jendea ez da pilatu sarreretan. Ateak itxita daude, pandemiaren ondorioz, baina leiho zabal bat ireki da interneten; bertan eskuragarri daude 2.300 produktu egun hauetan biltoki erraldoia bilakatu den gunean.
Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak azaldu duenez, beharrezkoa da herritarren babesa Azoka eta euskal kultura bizirik mantentzeko. Esan duen bezala, «konfinamenduaren garaian, ezer ez genuenean, kulturak salbatu gintuen, liburuak bihurtu ziren gure ibai, ikusi-entzunezkoak gure amets eta musikak bete zituen gure etxeko espazioak»; orain herritarren unea heldu da.
«Euskaraldia amaitzen den honetan lekukoa hartuko genioke, bi astez euskaraz aritzeko konpromisoa hartu duzuen guztioi euskaraz kontsumitzeko konpromisoa eskatuz. Euskaraz irakurri, euskaraz entzun, euskaraz ikusi, azken batean euskaraz gozatu», gaineratu du, eta gogoratu du interneten, Durangoko Azokaren webgunean, 2.300 produktuz osaturiko katalogoa dagoela.
Goizean izan diren zailtasunak konpondu dituztela iragarri du, eta aurten Azoka aurrera eramatea «erronka» bat izaten ari dela aitortu du. «Espero dugu datozen egunetan dena ondo joatea», adierazi du eta streaming bidez ikusi ahal izango diren ikuskizunak aipatu ditu, mundu osoan ikusi ahalko direla gogoratuz. «Aurten Azokaren taupadak inoiz baino indartsuagoak izango dira eta azokazale guztion bihotzak inoiz baino elkartuago egongo dira», azpimarratu du.
Lehenengo taupadak
Antzeko mezua helarazi du Xabier Madariaga kazetariak, ekitaldiaren aurkezleak. Honek deitoratu duenez, ekitaldi berezia izan da «besarkadak lapurtu dizkigutelako, baina Durangoko Azokari ez dizkiote taupadak lapurtu». «Eta Azokaren lehenengo taupada, edota taupadak, elkarrekin emateko ordua iritsi da», nabarmendu du Durango alkate den Ima Garrastatxu aurkeztu baino lehen.
Honek garai konplexuak bizitzen ari garela azaldu du, «ziurgabetasuna eta kezka gure artean daude, eta liburu bat eta disko bat babesleku bilakatu daitezke une honetan». «Kulturak babestu egiten gaitu eta kontsolamendua, poza, memoria eta itxaropena eskaintzen dizkigu», gaineratu du, eta datorren urtean Landako gunea berriz topalekua izatea espero duela adierazi du.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Joseba Sarrionandiraren hitzak erabili ditu komunitatearen ideia goraipatzeko. Haren ustez, «Durangoko Azoka da hizkuntzaren inguruan sortu den komunitatearen arnasguneetako bat, komunitateak sortua eta komunitateak sostengatua. Eta gure sorkuntzak, literaturak, liburugintzak eta musikak Durangoko Azokan aurkitu ohi dute urtez urte bizirauteko behar duten komunitatearen maitasuna, atxikimendua eta konpromisoa».
Azokak iraungo duen bitartean, Durangon ehun kultur ekitaldi baino gehiago antolatuko dira, lehena arratsalde honetan izan den Kai Nakairen kontzertua. ‘Zu non, han DA!’ ekimenaren barruan Euskal Herriko zortzi herritan, abenduaren 5etik 8ra kontzertuak ere egongo dira. 32 musika-taldek parte hartuko dute. Gainera, abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra arte Azokako online dendan salgai egon diren produktuak liburu-dendetan eskuragarri egongo dira.