David Asta Alares (Efe)

Musulmanak hinduistekin ezkontzea oztopatzea du helburu Indiako Gobernuak

Indiako lehen ministro Narendra Modiren panhinduismoak bultzatuta, musulmanek emakume hinduarrak islamdar erlijiora bihurtu daitezen engainatu egiten dutenaren teoria konspiratiboa lege bilakatu da, lehen aldiz, Uttar Pradesh estatuan.

 Modi Indiako lehen ministroaren aurkako protesta. (Dibyangshu SARKAR/AFP)
Modi Indiako lehen ministroaren aurkako protesta. (Dibyangshu SARKAR/AFP)

Ustea aspalditik zabaltzen ari dira muturreko hinduistek. Baina orain boterean daude eta lehen aldiz teoria konspiratibo hori lege bihurtu da Uttar Pradesh Indiako iparraldeko estatuan. Han, hamar urteko kartzela zigorra ezarriko zaio ustez emakumearen erlijioa aldatzea helburu duen bikotekide musulmanari.

Bharatiya Janata Party (BJP) Narendra Modi Indiako lehen ministroaren alderdi panhinduistak agintzen duen beste hainbat estatutan ere antzerako legea bultzatuko dute, hala nola Madhya Pradeshen, Haryanan eta Karnatakan.

«Tristea da benetan honaino iritsi izana Indian. Ezin dut sinistu ere egun gai horietaz jardun behar izatea», kexu azaldu da Neha Sethi, hinduista bera, BJPk 2014an hauteskundeak irabazi bezperan musulman batekin ezkondu zena.

Indian familiek hitzartutako ezkontzak eguneroko kontua dira eta kasten eta gizarte klaseen arteko desberdintasunek eta diskriminazioak agintzen dute. Horrela, bada, ezkonduen nahiak ez dira askotan kontutan hartzen.

Baina Indian kultur aniztasuna handia dago eta erlijio desberdina dutenen arteko ezkontzak arautuak daude, 1954ko Ezkontza Berezien Legean.

Bikotelagunaren erlijioa kontutan hartu gabe ezkontzen direnen bizitza ez da hala ere sekula samurra izan Indian. Baina egoerak erabat okerrera egin du BJP alderdiak boterea eskuratu zuenetik.

«Amodioaren yihada»

Alderdiaren panhinduismoak, Modik ordezkatzen duenak, India zatitzea du helburu eta herrialde erraldoian (1.300 milioi biztanle) bizi diren 300 milioi musulmanak diskriminatzea du bere lehen mandamentua. Eta azken asteotan ugaldu egin ditu «amodioaren yihadaren» aurkako borroka aldarrikapenak.

Uttar Pradeshen agintzen duen Yogi Adityanath gobernadoreak Modi bere buruzagiaren mezua bere egin du. Aste honetan bertan jazo da lehen salaketa, musulman batekin ezkondu den emakume hinduista baten aitak jarri duena.

Berdin du ikerketek funtsik gabeko konspirazio baten aurrean gaudela ondorioztatzea.

Surender Jain, Vishwa Hindu Parishad (VHP) erakunde panhinduistaren ordezkari nagusiak, argi du musulmanentzat «emakumeak haurrak ekoizteko fabrikak baino ez» direla.  

«Horrela, hinduak ekoizteko fabrikak ixten dituzte emakumeak bere erlijiora bihurtuz. Bi gauza lortzen dituzte: hinduen populazioa gutxitu, musulmanenan handitzen duten bitartean», dio BJP gobernu-alderdiaren giza-erakunde satelitea den VHParen agintariak.

Jaini bost axola Indian behartutako ezkontzak askotan gertatzea. Bikotekideak erlijio berekoak baldin badira ez dago arazorik.

Musulmanen eta hinduisten arteko ezkontzetan bai, hor hertsadura zigortu behar da.  VHParen agintariak onartzen du hauen arteko ezkontza guztiak ez direla konspirazio horretan sartzen, baina «bai gehienak».

Horrexegatik, «erlijio desberdinak dituzten bikoteek ezkondu baino hilabete aurretik jakitera eman beharko lukete – amaitzen du–, onespena dagoela frogatzeko».

Emakumearen infantilizazioa

Delhiko Unibertsitatean historia irakaslea den Charu Guptak argi du eskuin panhinduistak «izugarrizko antsietatearekin hartzen duela emakume hinduek erabakiak hartzeko duten ahalmena».

Indian erlijio ezberdina dutenen arteko bikoteak ikertu duen adituak «emakumearen infantilizazioaren aurrean» gaudela ziur da. Gainera, teoria konspiratibo horrek «gizon musulmana deabrutu eta baztertu egiten du», azaltzen du emakume historialariak.

«Guztiz ekoiztutako ideia faltsua da», bat dator Kerala estatuko Poliziaren zuzendari orokor ohia den N. C. Asthanak. Izan ere, Keralan bertan agertu zen lehen aldiz «amodioaren yihad» terminoa 2009. urtean.

Asthanak gogora ekarri duenez, bera lanean zegoela sakonean ikertu zuten gaia, baina ez zuten konspirazio hori egiaztatuko zuen froga bat bera ere aurkitu.

«Azkenean norberaren erabakiak dira. Ezkontzea erabakitzen duten helduak baldin badira, non dago arazoa?», galdetzen dio erantzuteko asmorik ez duenari.