Hirugarren astez jarraian mobilizatu dira Baionan Segurtasun Orokorreko Legearen kontra. Ezkerreko alderdiak izan ziren manifestu bateratu baten bitartez gainontzeko eragile eta elkarteei gaurko mobilizazioan parte hartzeko deia egin zietenak. Horrela, Europe Ecologie Les Verts, EH Bai, Ensemble!, France Insoumise, Gauche Démocratique et Sociale, Génération.s, Franziako Alderdi Komunista, PS 64 eta Alderdi Sozialistak bat egin dute Lapurdiko hiriburuan, 150 lagun bildu dituen manifestazioan.
Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdiek sinatu duten agiriaren arabera, «boterearen lerratze eta libertizida den testuinguru kezkagarri batean aurkitzen gara egun» eta, zentzu horretan, Segurtasun Orokorreko Legea «demokraziarentzat arriskutsua» dela iritzi diote manifestuaren sinatzaileek, «herritarren oinarrizko askatasunak eta eskubideak zalantzan jartzen dituelako».
Estatu frantses osoan egin diren Segurtasun Orokorreko Legearen kontrako mobilizazioekin bat egin du Baionako manifestazioak eta hiru aldarri nagusi nabarmendu ditu: «Lege proiektua indargabetzea, Gérald Darmanin Barne ministro frantsesaren dimisio eskaera eta Didier Lallement prefet nagusiaren kargugabetzea». Helburu hauek lortzeko mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute antolatzaileek zein hitzartzeetan parte hartu duten eragile desberdinetako ordezkariek.
Erreakzio ugari
«Dronak, aurpegien azterketa, oposizioko militanteen fitxatzea» zioen afixa baten ondoan hartu du hitza Laurence Beaufilsek, Txaleko Horien ordezkariak. Hamabi erresistente zaharrek «belaunaldi berriei» idatzitako agiri bat irakurri du, «resistitzeko deialdia» izenburua zuena.
Jarraian, Martine Mailfert Ensemble! mugimenduko ordezkariak eta Aitor Servier EH Baiko kideak hartu dute hitza, frantsesez eta euskaraz ezkerreko alderdien artean adostu duten idatzia irakurtzeko. «Lege libertizida guzti hauek kondenatzen ditugu, horregatik ez dugu onartzen pertsonen oinarrizko askatasunen kontrakoa den lege hau», jakinarazi dute hizlariek.
Hitzartze ugari izan dira, elkarte eta mugimendu anitzetako ordezkaritza zabala bildu baita. Gazte ugari ere bildu da Baionako herriko etxearen aintzinean. Esaterako, Gabi Aresteguik, EH Bai alderdiko 25 urteko kide gazteak NAIZi egin adierazpenetan Segurtasun Orokorreko Legea «demokraziaren kontrakoa» dela salatu du, baina bere iritziz, «ez da soilik 24. artikulua, harago doa, arau berri bakoitzarekin Gobernu frantsesa autoritarismoaren bidean» dela azpimarratu du.
Eñaut Aramendi, LABeko ordezkaria, berriz, Segurtasun Orokorreko Legea bere osotasunean ezabatzearen kontra agertu da. «Gaur ezkerreko alderdiek egin dute deialdia, eta gero haiekin batera, eragile guztiak elkartuta ikusi beharko da zer egin, zeren oraingo honetan dronak dira, baina hurrengoa poliziak lanetik kanpo ere armatuak ibiltzearen aldeko legea da, eta horrela, pandemiak sortutako beldurraz baliatuz, pixkanaka ari dira arau murriztaileak ezartzen, beraz arazoa ez da artikulu bat, legedia bera baizik, bere osotasunean».
Lege polemikoa
Azaroaren 20an Segurtasun Orokorreko Legearen 24 artikulua Frantziako Asanblada Nazionalean onartu zen, beraz hurrengo urratsa Senatuan legea berrikustea izango da. Ordea, legea onartu aitzin jada protestak hasiak ziren eta ordutik anitzak izan dira legearen kontrako ahotsak. Hala nola, kazetari, pentsalari, abokatu, sindikalista eta alderdi ezkertiarren gaitzespenek oihartzun handia izan dute.
Prentsa elkarteek haien desadostasuna erakutsi dute, besteen artean, lege berriarekin ekimen publikoetan parte hartzeko aurrez poliziari jakinarazi beharko dietelako eta akreditazioa soinean izan beharko dutelako. Hain zuzen ere, oraindik legea indarrean egon gabe, hainbat euskal hedabiderentzat lan egiten duen Guillaume Fauveau argazkilaria mehatxatua izan zen Baionan azaroaren 17an, haien irudirik hartzeko eskubiderik ez zuela esaten zioten poliziengandik.
Segurtasun Orokorreko Legearen kontra azaldu den beste taldea giza eskubideen aldeko elkarte eta mugimenduei dagokiena da. Adibidez, Giza Eskubideen aldeko Ligak, Amnistia Internazionalek edo Mugarik Gabeko Erreportariek irmoki gaitzetsi dute legea.
Gauzak honela, Gobernu frantsesak protestak baretzeko asmoz 24. artikulu polemikoa berrikusi eta testua berridatzi behar izan zuen, baina ez da soilik polizien irudiak hartzeko debekua jendearen haserrea eragiten duena, testuinguru orokorrean ezinegona geroz eta handiagoa baita. Gainera, Frantziako Asanblada Nazionalean lege proiektua eztabaidatzen zuten bitartean, Polizia frantsesak Michel Zecler jipoitzen agertzen ziren irudiak zabaldu ziren eta eztabaidak sekulako dimentsioa hartu zuen komunikabideetan eta sare sozialetan.
Ezinegona handitzen
Baionan, Segurtasun Orokorreko Legea onartu eta biharamunean egin zen lehen elkarretaratzea, azaroaren 21ean, oraindik osasun neurriengatik konfinamendu egoera indarrean zenean, eta ordutik larunbatero egin dira mobilizazioak. Ordea, Segurtasun Orokorreko Legearen kontrako ekimenez harago, egun bizi den ezinegona agerian uzten duten hainbat mobilizazio ere izan dira Lapurdiko hiriburuan azken egunotan.
Dendari txikiek kaleak hartu behar izan zituzten Eguberrietako bestak aitzin haien komertzioetako ateak ireki ahal izateko, eta haien helburua lortu zuten, azaroaren 28tik irekiak baitira. Ez ordea ostalariek, gutxienez urtarrilaren 20 arte itxita izango baitira jatetxe eta tabernak. Horregatik, haien haserrea adierazteko ekintza ikusgarria burutu zuten azaroaren 28an Baionako suprefeturaren kanpo aldean.
Kultur arloko eragileek ere «dolua» adierazteko antzezpen ikusgarria egin zuten Baionako herriko etxearen aitzinean pasa den asteburuan. Guzti horrez gain, pandemiari aurre egiteko neurri polemikoak ere zer esana ematen ari dira, esaterako, sei urtetik gorako haurrei maskara ezartzeko beharra, eta abar. Ondorioz, arlo desberdinetan ezinegona geroz eta handiagoa da, eta guztiek leku berean egiten dute topo, hain zuzen ere Segurtasun Orokorreko Legeak jopuntuan ezarri duen eremuan, hau da, karrikan.