Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Burgosko Auziaren espiritua, komikira eramana

Adur Larreak eta Mikel Antzak Burgosko Auzia AEBetan gertatu izan balitz Hollywooden film bat aspaldi egina egongo litzatekeela uste dute, edo telesail bat HBOn edo Netflixen.

‘Burgosko Auzia. Iraultza eta Bizi!’ komikiko orrialdea bat. (NAIZ)
‘Burgosko Auzia. Iraultza eta Bizi!’ komikiko orrialdea bat. (NAIZ)

Mende erdia igaro da Estatu espainoleko auzitegi militar batek 1970eko abenduan hamasei etakide epaitu zituenetik, eta horietako seientzat heriotza zigorra eskatu zuenetik, Meliton Manzanas poliziaburu torturatzailearen heriotzaren arduradunak zirelakoan. ‘Burgosko Auzia. Iraultza eta Bizi!’ lanaren egileentzat, egun ere bizirik dagoen zerbait da, ez oroitzapen hutsa. Horregatik, abiapuntu hori oinarri, «aktualitatea» izango duen istorio bat berreraiki dute elkarrekin egin duten eleberri grafikoan, asteburu honetan kioskoetan GARArekin batera erosi ahal dena.

Testuaren egilea den Mikel Antza idazleak errealitatea gidoiaren eta marrazkien beharretara «bihurritu» dutela dio, eta, hortaz, gaur egun euskal emakume preso politiko bati igorritako gutun batetik abiatuta, Burgosko Auzian oinarrituta dagoen, baina, halaber, «errealitatearen islapen perfektua ez den» trama eraiki dute. Bide berezi horrek eskaintzen dituen baliabideekin, «garaiko giro eta bizipenen indarra helaraztea» izan da helburua. Kolore ilunak dira nagusi, eta benetako pertsonaiak agertzen dira.

Burgosko Kapitaintza Jeneraleko epaiketa-gelan gertatzen zena mundu osora zabaldu zen negu hartan, baina, egileek, gela horretatik kanpo, Euskal Herrian zein munduan auzipetuek ikusten ez zutena ere jaso dute bisualki. Esaterako, 1970. urtean ETA bitan zatituta zegoen, ETA V.a eta ETA VI.a, eta bakoitzak bere aldetik auzipetuak aske uzteko abiarazi zituen ekimenak jasotzen ditu komikiak. Besteak beste, Donostian Alemania Federaleko ohorezko kontsula zen Eugen Beihl Schaefferen bahiketa edo auzia hasi aurretik  Burgosko espetxean giltzapetuta zeuden etakideak askatzeko ihesaldi saialdia.

Ikuspegi politiko hutsetik hasi eta gizatiarreraino, nahi adina gai eta azpigai ditu Burgosko Auziak. Horrenbestez, paperaren «muga fisikoa» izan da, Adur Larrea ilustratzailearen arabera, aurkitu duen «oztopoetako» bat komikia egiterako orduan. «Burgosko Auzia ez da hasten duela 50 urte eta ez da amaitzen epaiketarekin, baditu aurrekari eta ondorio batzuk». Horregatik, narrazio historiko-literarioa eta ilustratua ere baden liburuan, «nondik dator auzia?» eta «zer gertatzen da gero?» galderei eranskin batean erantzuten saiatu dira. Antzaren esanetan, eranskin horretan, «modu pedagogikoagoan» azaltzen da nortzuk izan ziren auzipetuak, nola atxilotu zituzten, zer ekarri zuen horrek mundu mailan edo Euskal Herri mailan.... Auziaren aurrekariak eta garaiko testuingurua azaltzeko asmoz, ETA V.aren biltzarra eta borrokan hildako erakundeko kide garrantzitsuenetakoa izandako Txabi Etxebarrietaren heriotza aipatzen dira, baita Jose Pardines ETAk eragindako lehen hildakoa ere.

Zergatik komikia? Frantsesez bande dessinee, portugesez banda desenhada eta ingelesez graphic novel. Baina Larreak dio sortu duten obrari «komikia» deitzen diola, «besterik ez». Brometan, «edo komiki grafikoa», gehitzen du. Antzak Estatu frantsesean igaro zituen urteetan komiki asko irakurri zituela gogoratu du, frantsesez ez zekienean «tresna interesgarriak» zirelako. Haatik, komiki gidoiak idazten «esperientzia eskasa» zuela aitortu du idazle eta antzerkigile donostiarrak. Horregatik, agian, kontent agertu da emaitzarekin. Izan ere, Antzaren iritziz, idazleak beti ditu idazten duenaren irudiak buruan, eta gidoia irudietan islatzea, nahiz eta buruan zituen bezalakoak zehazki ez izan, «plazera» izan da berarentzat.

Bidea elkarrekin

Gustura aritu dira bi egileak elkarrekin lanean. Hitz onak besterik ez dituzte batak bestearekiko. Larreak Antzaren «erreflexuak» eta «kultura bisuala» goretsi ditu, eta oso denbora gutxian «gidoi originala» pasa ziola kontatu du. Gero gidoia marrazki formatura moldatu behar zen, eta Antzak berak lan horren konplexutasuna nabarmendu du: «Adurrek gidoia ere sinatu beharko luke». Bidea elkarrekin egin dutela diote eta gidoian azken eguneraino «gauzak aldatu» dituztela azpimarratu dute. Baina, hori bai, «onerako».

Xedeetako bat da gure historia hurbileko gertaera erabakigarrienetako bat belaunaldi berriei helaraztea, baina Antzak dio «belaunaldi guztientzako euskarria» dela: «Komikiak irakurtzen genituen txikitan eta, ondoren, batzuk irakurtzeari utzi zioten, baina nik pentsatzen dut belaunaldi asko daudela komikiekin elikatu direnak». Bi egileek batera ondutako lehen lana da eta lan egiteko manera partikularra izan dute. Pandemiak fisikoki hiru alditan bakarrik elkartzeko aukera eman die, baina «esperientzia aberasgarria» izan dela gaineratu dute.

Dokumentazioa lana benetan sakona izan da. Txutxo Abrisketa, Itziar Aizpurua, Arantza Arruti, Joxemari Blasco, Miguel Castells, Unai Dorronsoro, Iñaki Egaña, Lutxo Egia, Dani Fano, Joseba Garitaonaindia, Asier Gonzalez, Antton Karrera edo Paco Letamendia dira elkarrizketatu dituztenetako batzuk. Baina Antzak azaldu duenez, dokumentazio lan «zailena» Larreak egin du: «Lan txundigarria egin du lokalizazioak aurkitzeko, garaiko janzkera marrazkietan islatzeko... Berak marrazkietan jarri behar zuen nik gidoi sinple batean idatzitakoa, eta Montori herria, Donostiako Kontxa eta agertzen diren leku guztiak marrazteko egin duen lana oso zaila da».

Prozesuko protagonistekin mantendutako elkarrizketak azpimarratu ditu Larreak, «osagai humano» hori. «Nahiz eta aurretik gauza batzuk jakin bagenizkien auziaren inguruan, egin ahala deskubritu ditugun gauzak» nabarmendu nahi izan ditu. «Arkeologia politiko» hori hain izan da emankorra, ezen Antzari material literarioa eman baitio 152 orrialdeko komiki honetatik harago doan proiektu baterako.

Beharbada, binetek ez dute Hollywoodeko film baten sekuentziek hartuko luketen dimentsioa, baina errealitateak fikzioa gainditu zuen epaiketa baten nondik norakoak zehazteko ez zaie elementurik falta. Gainera, liburuan bertan Burgosko Auziari buruzko film edo telesail bat sortzeko oztopoak aipatzen dira: «Gora Euskadi askatuta!» eta «Iraultza ala hil!» aldarri eginez beren helburuak lortzeko bizia emateko prest zeuden hamasei gazte horiek ETAkoak zirela eta, bestetik, aurre egin zioten diktadura, Francorena zela. Hau da, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 25 urte geroago, «beren burua demokratatzat jotzen zuten Mendebaldeko potentzien onespen lotsagarriarekin irauten zuen Hitler eta Mussoliniren aliatu izandako jeneral faxistaren diktadura». Hala eta guztiz ere, zailtasunak zailtasun, orain arte egin ez den moduan, komiki baten bidez, Euskal Herriaren historian «giltzarria» izan zen gertaera ahanzturatik erreskatatzeko aletxoa jarri dute Antzak eta Larreak.