Landakoko ‘Speaker's Corner’-en txokoan, Bernardo Atxaga
Euskarak beti lan estra egitea eskatzen digu. Aspaldian botatako esaldia etorri zaio gogora Bernardo Atxagari Azokara egin duen bisitaldian. Aparteko orduak egiten ari baitira online dendako biltegian; 24 orduetan, gelditu gabe. Muga dute biharko eguna; alegia, ezohiko Azokaren azken eguna.
Hyde Park parkeko Speaker's Corner edo Hizlariaren Izkinako hizlari bat izan zitekeen. Londres hiriko txoko horretan, edozein gizakik, etxeko eskailera edo aulki xume batera igo eta bere kexak eta iritziak bota ditzake askatasun osoz. ‘Kilker bat autopistan’ (Pamiela) liburuan horrelako zerbait egiten du Bernardo Atxagak eta horren antza hartu dio aurkezleak, Lutxo Egiak.
Speaker hau ‘busti’ egiten da. Aipatu dituen gaien artean, Zaldibarko zabortegia –«k-kin hasten den hitz batek» definitzen duela esan du–, egia eta gezurraren arteko muga –«egia esatea gaur egun ezinekoa da»–... eta Azoka bera, sustatu beharreko borroka bat, zeren euskaldunon «patua da beti lan estrak egitea».
Euskal kulturako idazlerik irakurriena bezala definitu ohi da Bernardo Atxaga. Egia da, zalantzarik gabe. Baita beste hizkuntzetara gehien itzuli den euskal idazlea. Hori ere, egia. Eta kontalari aparta, gehituko genuke. Beti da gozamena bera entzutea. Durango distopiko honetara iritsi da gaur arratsaldean, Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ irratsaiorako 2016ko udazkenetik 2020ko udara arte mikrofonoaren aurrean botatako gogoetak bildu, birlandu eta plazaratu duen liburua aurkeztera.
Zaldibarko santutegia
Hiru ataletan banatutako liburuan mundu desberdinak daude, nobela txikiak, umore jostagarri ukitu anitz, eta baita konfinamendu garaiko hausnarketak ere. Esaterako, asteburuero zerura egin zituen bidaien ‘kronikak’ azaltzen dira. Zerura igo eta segidan, Koldo Mitxelenarekin egin zuen topo –«aukeran eman zidaten zerua edo infernua. Nahiago hemen, zeren infernuan ezin da erre», kontatu zion–, eta baita han ‘goian’ dauden euskal kulturako beste pertsonaiekin, esaterako Juan Carlos Eguillor edo Oteiza. Bueno, azken honekin ez zen egon, Jainkoarengana zihoalako protesta egitera.
Bernardo Atxagak liburuan lantzen ditu beste gai latz batzuk ere, puri-purian daudenak. «Ni zor natzaio egiari», aipatu du. «Egia esatea gaur egun ezinezkoa da. Egiara hurbiltzeko ‘zure egia’ aipatzen da, baina egia asko dira orokorrak».
Aipagarria, bere ustez «aspaldi gertatu den istripurik esanguratsuenaren» inguruan egiten duen hausnarketa eta proposamena; Zaldibarko zabortegia santutegi bihurtzea proposatzen baitu, Arantzazu laiko bat. «Nondik sortu dira santutegiak? Denak hilobi batetik. Hemen dugu hilobi bat, eraginda oso arrazoi jakinengatik: diru gosea, naturari egiten zaion mina...». Beraz, Arantzazuko santutegiaren antzekoa egiteko desioa luzatzen du speaker honek, Euskal Herriko artistek eta gizarteak ordaindu eta altxa dezaten.
Bukaeran, bere enegarren elkarrizketa egin ondoren –zortzi bat egin ditu gaur–, Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria zuen zain Bernardo Atxagak. Bihar, 55. edizio ezohiko honen azken eguna iritsiko da. Azken txanpa eta arnasten den sentsazioa baikorra da, etengabea izan baita mugimendua eta kutxen joan-etorria biltegian. Gau eta egun paketeak egiten ari dira, argitaletxe eta diskoetxeak produktu gehiago ekartzen eta, datuak jakin arte, hemen ezin da ezer ziurtatu. Asteazkenean, balorazio prentsaurrekoan emango dituzte jakitera.
Sare sozialetan, produktu batzuk ondo saltzen ari direla –Igelak horixe aipatu zuen, esaterako– eta beste batzuk agortu direla jakin izan dugu. Kontua da zenbat eraman dituzten biltegira. Datu zehatzak jakin arte, jai dago.
Liherren zuzenekoa
«Guri atzo irisi zitzaizkigun datuak. Diskoa ondo saltzen ari da, baina Azoka presentziala denean baino mantsoago. Dagoeneko 40 bat disko saldu ditugu, disko zahar eta berriaren artean. Pozik gaude, dena den, zerbait saltzea ondo dago eta». Mintzatu dena Lide Hernando da, Liher talde donostiarraren kantaria.
Gaur arratsaldean Plateruenea antzokian aurkeztu dute ‘Hemen herensugeak daude’ disko-liburua. Egia esan, disko bat baino gehiago da; hausnarketa bat da, emakumeen aurkako indarkeriaren ingurukoa. Larunbatean Atarrabiako Totem aretoan kontzertua eman zuten 150 lagunen aurrean, ‘Zu non, han DA’, egitasmoaren barnean.
Otsailean argitaratu zuten ‘Hemen herensugeak daude’, fikziozko bortxaketa baten inguruan landutako hamalau kanta. Alemania eta Suitzan aurkeztu zuten bira batean, eta ger birusa iritsi zen. Eta ez kontzerturik, ez ezer, geldirik.
«Diskoa otsailean aurkeztu genuen eta gero zuzenean joan ginen Alemaniara eta Suitzara. Gure asmoa zen hor jotzea lehendabiziko kontzertuak, pixka bat lotsa edo beldur hori kendu eta gero Euskal Herrira etorri. Gero gertatu zen gertatu zena eta listo. Aurtengo kontzertuak arraroak izaten ari dira, ez bakarrik jendeak distantziak mantendu eta musukoak eraman behar dituelako, baizik eta gu garelako talde bat bat hobetzen goazena jotzen goazen heinean. Aurten ez dugu apenas jo, orduan nabaritu dugu pixka bat herdoil hori...baina kanpotik Totemeko kontzertua itxuroso gelditu zela esan ziguten. Hori bai, gero kristoren agujetak genituen!».