Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Azokak pandemiaren erronka gainditu du; 27.758 salmenta eta 147.000 bisitari birtual

7.800 erosketa, 27.758 produktu salduta eta 147.000 bisitari web orrialdean. Labur bilduta, hauek dira Durangoko Azokaren ediziorik zailena utzi dituen datuak. «Online» dendan azken bidalketak kudeatzen ari ziren bitartean, Gerediaga elkarteak eskertu nahi izan du jasotako «taupada kolektiboa».

Arantza Atutxa eta Nerea Mujika, pozik eta hunkiturik. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Arantza Atutxa eta Nerea Mujika, pozik eta hunkiturik. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Hunkitutarik, pozik, lasaitu ederra hartuta eta eskerrak emanez. Horrela azaldu dira komunikabideen aurrean gaur goizean Nerea Mujika eta Arantza Atutxa, hurrenez hurren Gerediaga elkarteko lehendakaria eta kudeatzailea. Abenduaren 4tik 8ra arte burutu den Durangoko Azokaren ediziorik ezohikoenak utzitako datu pozgarriak ematera hurbildu dira. Milaka kultur zaleen babesari esker, euskal kulturaren erakusleihoaren jarduna eta taupada ez da eten osasun-larrialdiak egoera kritiko honetan. Are gehiago, emaitzak ezin hobeagoak dira.

Salmenta kopuruei dagokionez, ez dago aurreko edizioetako datuekin alderatzeko modurik, datuok argitaletxe eta parte-hartzaileek kudeatzen ohi dituztelako, baina, adibide bat jartze aldera, aurten erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3,5 produktu erosi ditu bataz beste. Siadeco etxeak 2018ko Azokan egin zuen ikerketaren arabera, 48 bat euroko gastua egin zuen bisitari bakoitzak. Azoka presentziala zenean, noski.

Datu zehatzei dagokionez, aurten 7.800 erosketa egin dira Azokako webguneko online dendan. Guztira, 27.758 produktu erosi dira: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5.145 bestelakoak. Erosle gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Herrialde Katalanetatik, Galizatik eta Espainiar estatuko beste lurralde batzuetatik eskaerak egin dituztenak.

147.000 bisitari, kanpotik ere

Bisita kopurua ez da makala izan; 147.000 lagun baino gehiago sartu dira ww.durangokoazoka.eus-era. Une batzuetan, 4.000 lagun inguru konektatu dira batera.

Eta egitarauari dagokionez. Durangoko aurrez aurreko ekitaldietara 2.600 lagun baino gehiago gerturatu dira; gonbidapenak, gehienetan agortu egin dira. Dena den, streamingen bidez jarraitu izan ahal direnez, bisitarien datuak asko igotzen dira nabarmen, 43.500 lagunek jarraitu dituztelako Azokako kontzertuak ‘online’. Mexikotik, Argentinak eta AEBtik konektatu dira ere Euskal Herrira.

Bestalde, ‘Zu non, han da!” egitasmoaren baitan, zortzi udalerrietan antolatutako bira kontzertuetan 32 taldek parte hartu dute. Hemen ere, gehienetan sarrera guztiak agortu dira. Guztira, 3.200 lagun gerturatu dira aurrez aurreko kontzertu hauetara.

Datu hauek mahaian gainean jarrita, pandemiak sortutako egoeraren aurrean, «Azoka moldatu, berritu eta zabaldu» egiteko Gerediagak eta euskal kulturaren sektoreak hartutako apustuari eutsi eta babesa eman diotela milaka euskaltzalek azpimarratu nahi izan du Nerea Mujikak. «Zaila izan da baldintza hauetan Azoka antolatzea, erronka handia izan da guretzat, baina jasotako erantzunak erakutsi digu esfortzuak merezi izan duela», gehitu du.

Orain, liburu-dendatan

Aurreikuspenak gainditu dira erabat. Esaterako, gauerdian erosketak egiteko aukera itxi egin den arren, ‘online’ dendaren jarduera ez da gaur eten. Oraindik egun batzuk beharko dituzte saski birtualean gordetako eskaera guztiak bildu eta kulturzaleen etxeetara bidali ahal izateko. Gainera, eta bitxia edo adierazgarria bada ere, erosketen kopururik handiena Azokaren azken egunean egin ditugu. Hain da handia eskaera zeren langileen txandak bikoiztu behar izan dira, paketeak egiteko kutxa gehiago eskatu behar izan dituzte eta garraiolarien bideak ere areagotu behar izan dituzte.

Kulturzaleen pazientzia eskertu nahi izan du Gerediagako presidenteak, euskal kulturaren denda erraldoi honek une batzuetan arazoak izan dituelako. Eta aurten martxan jarritako berrinkuntzetik zeintzuk geldituko diru hurrengo edizioetan? Denda ‘online’-a errazagoa eta garbiagoa izango da erabiltzeko? Haunarketarako garaia, dena zehatz mehatz aztertu beharra adierazu dute Nera Mujika eta Arantza Atutxak, beste eragileekin batera egin behar direlako.

Bien bitartean, Durangoko azoka luzapena izango du gaurtik aurrera eta urtarrilaren 8ra arte Euskal Herriko 141 liburu-dendatan Azokako produktuak eskuratu ahal izango dira: 13 Araban, 59 Bizkaian, 49 Gipuzkoan, Lapurdin bat eta 19 Nafarroan.

Zerrenda osoa eta bakoitzaren informazioa web orrialdean kontsulta daiteke. «Online dendan erosi ez duzuenok oraindik ere aukera daukazute zuen hiru edo herriko liburu-dendan Azokakoa produktuak eskuratzeko».