NAIZ
DONOSTIA

‘Ane’ eta ‘Akelarre’ filmeek izendapen esanguratsuak jaso dituzte Feroz sarietarako

David Perez Sañudok zuzendutako ‘Ane’ eta Pablo Agueroren ‘Akelarre’ filmeek izendapen garrantzitsuak lortu dituzte Feroz sarietarako, hala nola, pelikula onena, emakume antzezle onena edota gidoi onenarenak. Luzemetrai zein telesail, drama eta komedia lanak izaten dira hautagai.

‘Akelarre’ film luzea azken Zinemaldian estreinatu zen. (Gorka RUBIO I FOKU)
‘Akelarre’ film luzea azken Zinemaldian estreinatu zen. (Gorka RUBIO I FOKU)

Euskal Herrian egindako hainbat ekoizpenek, hala nola aktore, musikagile eta gidoigileek izendapenak jaso dituzte ostegun honetan datorren otsailaren 8an Madrilen banatuko diren Feroz sarietarako. Pantaila handirako zein txikirako egindako lanen artean onenak izendatzen dira, beti ere komedia eta dramaren generoen baitan.

Gauzak honela, zinemari dagokionez, bi izen dira aipagarriak. David Perez Sañudo gasteiztarrak zuzendatutako ‘Ane’ filmak hiru izendapen jaso ditu, zehazki, film onena dramaren atalean, emakumezko antzezle onena Patricia Lopez Arnaizek interpretatzen duen paperagatik eta gidoi onena, zuzendariak berak Marina Pares Pulidorekin batera ondua.

Aipatu kategoria batzuetan lehia zuzena izango du beste euskal ekoizpen batekin, Pablo Aguero zuzendariaren ‘Akelarre’ lanak sei izendapen jaso baititu. Film onena, emakumezko antzezle onena Amaia Aberasturik duen protagonista paperagatik, taldeko gizonezko aktore onena (Alex Brendemühl), jatorrizko musika onena (Maite Arrotajauregik eta Aranzazu Callejak konposatua), trailer onena (Marta Longas eta Rafa Martinez) eta kartela onena, Natalia Montesek sinatua.

Drama onenaren kategorian ‘Las niñas’, ‘No mataras’ eta ‘El año del descubrimiento’ hautagaiek osatzen dute zerrenda. Komedia onenaren sariagatik borrokan arituko dira, bestalde, ‘La boda de Rosa’, ‘Los europeos’, ‘Historias lamentables’, ‘Orígenes secretos’ eta ‘Sentimental’. Madrilen iragarri diren izenen inguruan, zinemarako ekoiztu diren lanen aniztasuna azpimarratu dute, bereziki begirada eta gaiei dagokienez. Zentzu honetan, adierazgarritzat jo dute lehen aldiz dokumental batek (‘El año del descubrimiento’) drama onenaren hautagaitza eskuratu izana.

Telesailei dagokienez, hiru izenburu nagusitu dira besteen gainetik. ‘Patria’-k, dramaren generoan, telesail onenaren izendapena jaso du, eta beste sei izendapen eskuratu ditu aktoreen lanengatik (Ane Gabarain eta Elena Irureta protagonistez gain, Loreto Mauleon, Susana Abaitua, Eneko Sagardoy eta Mikel Laskurainen paperak errekonozitu dira).

Hautagaitza kopuruan gertu ditu, halaber, Alex de la Iglesiaren ‘30 monedas’ eta Rodrigo Sorogoyenen ‘Antidisturbios’. Seina izendapen bildu dituzte.