NAIZ

Gure Zirkuak 34 emanaldi eskainiko ditu Tolosan

Gure Zirkuak Tolosan izango du egoitza urtarrilaren 11 bitartean. Orotara 34 emanaldi eskainiko dituzte hilabete eskaseko tartean.

Gure Zirkuko lantaldea, Amezketako egonaldian. (Jon URBE | FOKU)
Gure Zirkuko lantaldea, Amezketako egonaldian. (Jon URBE | FOKU)

Gure Zirkuak bidea egiten jarraitzen du eta, urtarrilaren 11ra bitartean, Tolosan izango da. Hasera batean hogeita bi emanaldi eskaintzea aurreikusten bazuten ere, deialdiak izandako «erantzun bikaina» ikusita, taldeak beste hamabi saio gehiago egiteko erabakia hartu duela iragarri berri du. Izan ere, azaldu dutenez, bi aste eskasean agortu dira salgai jarritako 6.600 sarrerak. Hala, hilabete eskaseko tartean, 34 saio eskainiko dituzte San Esteban auzoko aparkalekuan altxa duten karpan.

Emanaldietarako sarrerak eskuragai daude Gure Zirkuaren webgunean eta zirkuko txarteldegian bertan ere eskura daitezke. Data berriak abenduaren 28tik urtarrila bitarterakoak dira, eta saioak egunero 18.00etan izango dira (urtarrilaren 8an izan ezik, 19.00etan hasiko baita) eta larunbat eta igandeetan 12.00etan ere izango da saiorik.

107 emanaldi pandemiak baldintzatutako biran

2020ko bira bereziki gogorra izan da arte eszenikoentzat. Gure Zirkuaren kasuan, urtea 107 emanaldirekin itxiko dute. «Ez da erraza izan Covid-19ak guztia baldintzatu duen 2020. urte honetan, eta zuzeneko kultur-ikuskizunak ez dira eragin horretatik salbu geratu» ziurtatu dute Gure Zirkutik.

Lehen bi biretan 65.000 ikusletik gora erakarri ostean uztailean abiatu zuten hirugarren ekinaldia, helburuak eta ibilbidea egoerari egokituta. «Ez dugu zalantzarik apustuak eta ahaleginak merezi izan duela, eta umiltasunetik baina harro esan genezake 107 emanaldi eskainiko ditugula, 32.000 ikusle baino gehiago biltzeko aurreikuspenarekin; segurtasun osoz, testuinguruak ahalbidetzen zuen normaltasunaren barruan, eta inolako arazorik gabe», nabarmendu dute.

Hala, «bereziki eta bihotzez» eskerrak eman nahi izan dizkiete ez ohiko egoera honetan proiektuaren alboan izan diren herritarrei, «herri bat biziko bada, eta gertatzen ari den honetatik bizirik aterako bada, herri horrek ezinbestekoa izango baitu bere kultura babestea».