Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Bazterreko subjektuekin erdigune feminista bat sortzeko bideak pentsatzen

Dekolonialitatea eta anti-arrazismoa berriz ere Euskal Herriko debate feministaren erdigunean kokatu ditu Bilgune Feministak, Emakume Abertzaleen VIII. Topaketan. Aliantzen bila ibili dira, bazterrak arakatzen, non, nola eta nondik saretu hausnartzen.

Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Donostian egin da, larunbata honetan. (Jon URBE I FOKU)
Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Donostian egin da, larunbata honetan. (Jon URBE I FOKU)

Orain lau urte egindako Emakume Abertzaleen topaketan Angela Davisek zapalkuntza hirukoitzaren inguruan hitz egin zuen Donostian, Zuatzuko Iratzar Fundazioko aretoan. Sexu/generoa, arraza eta klasea izan zituen hizpide orduan eta, larunbata honetan, lau urte beranduago, espazio berdinean antiarrazakeriaren eta dekolonialitatearen inguruan aritu dira Emakume Abertzaleen VIII. Topaketan, Davisi lekukoa hartuta.

Dekolonialitatea eta arrazismoaren bueltan pentsatzera paratu dira feminista abertzaleak, 2019ko Euskal Herriko Jardunaldi Feministan gai horrek harrotu zituen hautsak jasoz. Berrogei emakume inguruk baino ez dute aukera izan Donostian aurrez aurre Emakume Abertzaleen VIII. Topaketak bizitzeko, baina ia 600ek jarraitu dute ekitaldia pantailaren atzetik.

‘Araka ditzagun gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean’, hori izan da ekitaldiko lema, eta mahai-inguru nagusi baten bueltan batu dira bazter pertsonal zein kolektiboak arakatzera. Iratxe Retolaza kulturgile feministak hartu du hitza lehenik Euskal Herriko abertzaletasunari atzera begirako bat eginez.

Nondik datozen sustraiak

XIX. mende hasieran, aurrerantzean abertzaletasun hegemoniko eta katolikoa ordezkatuko zuen Eusko Alderdi Jeltzalearen sorreran kokatu du abiapuntua. Testuinguru horretan sortu zen Emakume Abertzaleen Batza, talde hau ere katolizismoan sustraitua. Arraza «garbiaren» biziraupenerako diskurtsoak sortu ziren orduan, emakumeari, «ama»-ri, egotziz aberriaren nahiz aberri horren agerpen kultural eta sinbolikoen ugaltzearen ardura.

Arrazaren garbitasunaren ideia edo kutsu arrazista duen bertakotasunaren gorazarrea gainditu ditu egungo mugimendu feministak Retolazaren esanetan, baina, ohartarazi du iragan horren oihartzunak badirela oraindik.

60ko hamarkadatik aurrera EAJk ordezkatutako abertzaletasun hegemonikoari erresistentzia politiko eta kultural ugarik erantzun zioten, baina gutxienez 90. hamarkadara arte diskurtso anti-arrazistak ez ziren Euskal Herrian errotu. «Arrazismoa erabat barneratuta izan dugun kontzientzia kolektiboa falta zaigu», ohartarazi du idazleak.

Andaluziatik etorri da Pastora Filigrana abokatu feminista, eta ijito herriaren kontrako zapalkuntza historikoak Euskal Herriak ere pairatu duen zapalkuntzarekin alderatu ditu, nahiz eta zehaztu duen egoerak ez direla berdinak. Berdina da, ordea, etsai komuna: «Estatu espainiarra».

Filigranaren esanetan, Estatuak eraiki duen ideal bakar horretatik kanpo dagoena, zeinetan gizon zuri, heterosexual eta espainiarra kokatzen den, zapaldu egiten da, modu batean edo bestean, arinago edo bortitzago.

Munstro bat da Estatu espainiarra abokatuaren aburuz, buru ezberdinak dituena, eta buru horietako bakoitzak indarkeria gradu desberdina darabil Estatuaren mekanismo zibilizatzailetik ihes dabiltzan horien kontra.

Horregatik, feminismo ezberdinek munstro-etsai konpartituak dituztelako, fronte bateratuak saretzearen alde egin du Pastora Filigranak. Ohartarazi du, hori bai, agian izango direla ezinezko aliantza batzuk, iritsiko dela unea zenbait emakumek, zapalduetan zapalduenak, ez dutela horrelako aliantzarik onartuko. Hori jakinda ekiten segitzeko garrantzia azpimarratu du, eta aliantza horiek nola egin, non bilatu, galdegin du Ana Murciak, jatorri salvadortarreko aktibista transfeministak.

Nora zabaldu sareak

Subjektu politiko konposatu bat sortzeko helburuarekin sortu behar dira ezberdinen arteko aliantzak Murciaren iritziz. Asmatu behar dena da, esan duenez, Euskal Herrian aliantza hori zein izango litzatekeen pentsatzean, eta hausnartzen hasita, bateratze horrek baldintza batzuk izan behar dituela ohartarazi du: «Besteen borroka gutxitu edo itotzen baduzu, borroka ahulduko duzu. Borroka auto-askapenerako neurri bat da, borrokak desiratik, gozatzetik, beharretatik, balioetatik sortu behar du. Biolentzia sistema anitzen biktimak gara, hori da gure abiapuntua, horregatik, sendatze-espazioen alde egin behar dugu».

Euskal Herriko Bilgune Feministaren helburua argia aurkeztu du Amaia Zufia kideak: «Euskal Herrian sustraitutako mugimendu feminista anti-arrazista eta euskaldun bat artikulatzea». Itu horretara gerturatzeko bide horretan, pribilegioen ardura hartzeari garrantzia eman dio, norbanako moduan hainbat praktika egin baitaitezke «boterearen inguruko analisi kritiko bat eginez» eta hainbat bizitza «bizigarriago» egin.

Baina jomugan izan behar dira, bere ustez, aldaketa egiturazkoagoak bultzatzeko helburua, eta horretarako, euskal jendartea eta gobernuak «astintzeko agenda» eraikitzeko beharra azpimarratu du.

Hori guztia, baina, Euskal Herria ere herri zapaldua dela ahaztu gabe. Zalantzan jarri ditu zenbaitetan feminismo abertzaleari egin zaizkion kritikak, esanez hura dela bertako «feminismo hegemonikoaren» ordezkari pribilegioduna. Hegemonia horretan, erdigunean, nor geratzen den galdegin du orduan Zufiak. Zentzu berean agertu du lehenago Iratxe Retolazak euskara hiztuna izatea ez dela pribilegio bat: «Botereak erdara zabaltzen du, beraz, euskara ezin daiteke izan pribilegio bat».

Mahai-ingurutik kanpo ere agertu dute haien iritzia beste ahots batzuek, eta antolatzaileek proposatutako ariketa bati eman diete bide ostean. 600 ikusleek haien esperientzia eta ezinegonak partekatu-idatzi dituzte paper batean, eta egoerari lotutako proposamenak jaso.

Bazterren erdigunea

Bazterren erdigune batera destatu dute norabidea Emakume Abertzaleen Topaketan. Euskal Herriko Bilgune Feministako Naia Torrealdai eta Alazne Beltran de Lubianok hartu dute hitza ekitaldiari amaiera emateko. «Beldurra, burbuila nuklearrak eta bakartzea ezarri nahi diren uneotan», Bilgune Feministak saretu daitekeela erakutsi duela nabarmendu du Beltran de Lubianok, koronabirusaren krisiak sortutako egoerari erreferentzia eginez.

«Gure iraultza txiki-handiek miresgarri egiten gaituzte», agertu du, bestalde, Torrealdaik. Segurtatu du «ortzimugan» dela «elkar zainduko duen» gizartea, aliantzak behetik gora eraikiko dituena. Esan du, baita ere, burujabetza feministarako bidean dimentsio berriak arakatuko dituztela agenda feministan, bazterretatik borrokak artikulatzeko lanean.