Arnaitz Gorriti

Iker Vicenterentzat izan da garaipena Sherpa.ai aizkolari txapelketa nagusiko finalean

Mikel Larrañagarekin aizkora saioko bi herenetan sekulako lehia izan du, baina aizkolari azpeitiarra bete egin da bederatzigarren enborretik aurrera. Larrañaga bera eta Eneko Otañok osatu dute Bilbao Arenako podiuma.

Kostata izan bada ere, Iker Vicente txapeldun berriz ere. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Kostata izan bada ere, Iker Vicente txapeldun berriz ere. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Iker Vicentek eraman du Sherpa.ai txapelketako final nagusia. Ikuslerik izan ez arren, ikuskizun bikain askoa eman du finalera sailkatu den aizkolari seikotek, eta seikote horren batrruan, Mikel Larrañagarekin denbora luzean orpoz orpo lehiatu ostean, Otsagiko aizkolariak bere palmareseko bigarren txapela eraman du, bederatzigarren enborretik aurrera, oinbikoen «Tourmalet» horren ostean, azpeitarra bete egin baita. Podiuma Eneko Otañok osatu du eta Irazu, Txikia IVa eta Aitzol Atutxasailkatu dira, hurrenez hurren, laugarren postutik atzera.

Puntako kirol dema baten antzerako aurkezpena egin da Miribillako Bilbao Arenan, ilunetan eta argi eta musika joko epikoa –«Caribbean Pirates» filmeko soinu bandaz lagunduta–, izan ere, lanak ere epikotik dezente izan baitu: Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Lanaren estruktura ere, itogarria: bi kanaerdiko, bi 60 ointzako, lau oinbikoak segidan, eta azken herenean, hurrenez hurren bi 60 ontzako enbor eta kanaerdiko bi azkenerako. Txapela jazteko ere, Sherpa errobota izan da sari emaile berezia. Aizkolaritzak kirolean epe berria ireki duela esan dezakegu, herri kiroletako eskortatik areago.

Eguerdiko ordubatak jotzeko bost minutu eskasen faltan hasi da final handia. Bi kanaerdikoak airean erdibitu dituzte sei protagonistek, nahiz eta une horietarako Atutxa eta Irazu atzean geratzen hasi diren. Iker Vicente eta Mikel Larrañaga, orpoz orpo lanean, aurkariekiko aurrea hartzen bezala hasi dira 60 ontzako aurreneko enborra bota ostean. Hirugarren posturako, aldiz, Otaño eta «Txikia IV» ia batera hasi dira oinbikoen «Tourmaleta» igotzen.

Oinbikoen Tourmaleta

Vicente eta Larrañaga aurrena; Txikia eta Otaño ondoren; Atutxa eta Irazi azkenik, bikoteka banandu dira final nagusiko protagonistak oinbikoetan sartu direnerako. Erdi lan horietan, Iker Vicentek segundo bakarra atera dio Mikel Larrañagari; iazko txapelketa nagusian  Vicentek oinbikoetan atera bazion aldea azpeitiarrari, akaso finaleko irudia aldatzeko lehenen go pausoa eman du gipuzkoarrak oinbikoen Tourmalet horretan gora. Otañok hirugarren postua bermatu du, bestalde, eta Irazuk «Txikia IV» harrapatu du, Aitzol Atutxak, nahiz eta bere garai onenean bost txapel irabazi, kolpea eta erritmoa galduta, azken postura lotuta geratu da.

Mikel Larrañagak erritmo sarriagoa ezartzeko ahalegina egin du, Iker Vicentek adinako kolpe sendorik ez-eta. Otsagikoa, dena den, egurretik egurrera Larrañaga baino biziago mugitu da, azpeitiarrak atsedenaldi luzetxoagoak egin dituen bitartean. Daniel Vicente aitak, semea martxa dotorean ikusita, «segi horrela, Eutsi bakarrik! Hori da!» esanda hauspotu du Iker.

Eta azken oinbiko horretan aurreneko biei Tourmalet hori luzetxo egiten hasi zaie. Epaia estu xamar hartu eta asko kosta zaie azken oinbiko hori botatzea, eta aspaldiko partez, Mikel Larrañaga izan da 60. ontzakoari aurreneko kolpea ematen. Dena den, aurreneko 60 ontzako hori Vicentek bota du aurretik, eta Larrañagak amaitu ezinik denbora apur bat galdu du. Are gehiago, Otaño Larrañagari gainera joaten hasi zaio.

Bderatzigarren egurretik hamargarrenera aldea handitu besterik ez du egin nafarrak, Larrañagarekiko minutu erdia, baita egur erdia ere, atera dio azpeitiarrari, eta azken bi kanaerdikoetara atseden apur bat hartzeko beta eta guztiarekin iritsi da, bere karrerako bigarren txapel handia jadanik buruan irudikatuz.

Mikel Larrañaga, betekada pasata, bigarren postu hori bermatzeko ahaleginetan zentratu da bukaerako lan horietan. Azkenean Otañorekiko aldea ireki du, baina ordurako Iker Vicenteri zeharka begiratu eta nafarra garaipena ospatzen aurkitu du.

Iker Vicente: «Aizkolariok antolatutako txapelketa hau irabazteak ilusio berezia egiten dit»

Gustura eta bere buruarekin kritiko, poza gailendu zaio Iker Vicenteri, nahiz eta zer hobeturik ikusi duen bere aizkora lanean. «Fisikoki oso gustura aritu naiz. Larrañaga indartsu ikusi dut baina nire martxa horri eusten egin du ahalegina. Batzuetan Mikelek –Larrañagak– ihes egiten zidala ikusten nuen, baina eutsi, eutsi, eta eutsi... jardun dut eta txapeldun azkenean. Hori bai, teknikoki barkaezinak diren hankasartze asko ere egin ditut eta hurrengorako espabilatu beharko dut».

«Mikel aldamenean izatea oso gogorra izan da. Ikusten nuen martxari eutsiko ziola. Oso gogorra izan da baina eutsi eta eutsi aritu ondoren, pixka bat gehiago eutsi diot nik eta hortik joan da finala» gaineratu du Otsagikoak.

Bestetik, «aizkolariok antolatutako finala izan denez hau, ilusio oso berezia egiten dit. Oso motibazio berezia sortzen zidan txapel hau lortzeak», azpimarratu du txapeldun nafarrak.

Sherpa.ai txapelketa. Sailkapen Nagusia:

1-Iker Vicente 38.48

2-Mikel Larrañaga 40.05

3-Eneko Otaño 41.27

4-Jon Irazu 44.31

5-Julen Alberdi «Txikia IV» 46.32

6-Aitzol Atutxa 49.44

Promozio txapelketa, Larrea nagusi

Propozio txapelketako lehiakideak izan dira lehenbizi parte hartu dutenak. Bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta oinbiko beste bi bota behar izan dituzte hauek, txapelketa nagusiko partaideek izan duten lanaren erdia, alegia.

Asier Pellejero eta Julen Kañamares izan dira honako honetan aurreneko enborretik aurreratu direnak, lanek aurrera egin ahala gainontzeko partehartzaileek zernolako erreakzioa izango.

Dena dela, oinbikoetara iritsi arte nahiko paretsu eutsi dio Promozio Txapelketa honetako finalak. Une horretan Julen Larrea hasi da nagusitzen, apurka bada ere. Jauregi eta Kañamares urruti gabe egonagatik. Lanen bigarren erdira Larrea eta Eneko Saralegi hasi dira nabarmentzen, Arkaitz Jauregi eta Kañamares nahiko gertu dituztela. Gainontzeko laurak –Mugerza, Zelai IV, Pellejero eta Eloi Kortxero–, beren zoritxarrerako, erritmoa eta aukerak galduta atzean geratu dira.

Azken txanpa beti izaten da bizia, are gahiago lau hautagai elkarrengandik oso gertu dabiltzanean. Julen Larrea sartu da aurreneko postuan azken enborrera, Saralegi 15 segundora dela. Aldiz, Kañamares bete egin denaren trazak ematen hasi da uneotan.

Larreak erritmoa apur bat bizitu du berak ere, aurreneko postuan bere burua finko ikusita. Bigarren 60 ontzakoa erdibitu eta azken kanaedikora Ekaitz Jauregirengandik 18 segundoko abantailaz pasa da, bigarren oinbikoan Jauregiri atera zion adar txiki bat medio.

Barakaldokoak 23 minutu eta 39 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko. Arkaitz Jauregik baino 24 segundo gutxoago. Julen Kañamares izan da hirugarrena eta hurrenez hurren, Ekaitz Saralegi, Aratz Mugerza, Asier Pellejero, Eloi Kortxero eta Ioritz Gisasola sailkatu dira ondoren.