Asier Aiestaran

Amaia Aldai-Oihane Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre prest dira finalerako

Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa igandean Arrigorriagan amaituko da gaztetasuna eta beterania ederki nahasten dituzten goi-mailako bi bikoteren arteko neurketarekin: Amaia Aldai eta Oihane Orbegozo osatutako bikotea Patri Espinar eta Naroa Agirreren aurka neurtuko dira.

Arrigorriagan aurkeztu dute gaur Binakako Master Cup txapelketaren finala (EMC)
Arrigorriagan aurkeztu dute gaur Binakako Master Cup txapelketaren finala (EMC)

Amaia Aldai-Oihane Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre bikoteek jokatuko dute igande honetan Arrigorriagan Binakako Master Laboral Kutxa txapelketaren finala. Jaialdia 12.00etan hasiko da hirugarren posturako lehiarekin eta ETBk eskainiko du zuzenean.

Gogoratu beharra dago lehiaketa hau Lau eta Erdiko txapelketa bertan behera geratu ostean antolatu zela, eta bertan zortzi bikotek hartu dutela parte, gaur egungo emakume pilotari onentsuenak tartean.

Sei asteko iraupena izan du eta abenduaren 6an Derion jokatu ziren finalerdietan Amaia Aldai-Ohiana Orbegozo 22-12 nagusitu ziren Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldairen aurka, eta Patri Espinar-Naroa Agirre 22-18 gailendu zitzaien Ainhoa Ruiz de Infante-Miriam Arrillagak osatutako bikoteari.

Final lehiatua eta estua espero da, faborito argirik gabekoa. Aurrean gaur egungo aurrelari bizi eta ikusgarrienetako bi neurtuko dira, Amaia Aldai dimoztar gaztea eta Usansoloko Patri Espinar, pilota molde guztietan oso lehiakorra den emakume beteranoa. Neguko hotzekin eskuko arazoren batzuk pasa dituen arren, oraingo honetan bi aste izan ditu eskuak zaindu eta osatzeko eta gerra emateko asmoz agertu da gaur eguerdian Arrigorriagan egin den aurkezpenean.

Atzean, bi pilotari oso desberdin ikusiko ditugu. Oihana Orbegozo azpeitiarrak 35 urterekin jokatu du bere lehen txapelketa pilota mistoarekin eta bikain egokitu da material berrira. Naroa Agirre zestoarrak, aldiz, 17 urte baino ez ditu eta gazteak oso indartsu datozela erakusten du.

Zoritxarrez, pilotalekuan publikorik gabe jokatu beharko dira finalak, eta ez da egongo aurreko txapelketetan egon izan den giro bikaina. Partidak telebistaz emateak, ordea, ziurtatzen du nahi duen orok finala ikusi ahal izatea, batez ere horrek pilotan hasten ari diren gaztetxoen artean ilusioa pizten laguntzen duelako.