NAIZ

Hizkuntz eskubideak aldarrikatu ditu EHEk Vascuencearen Legearen urtemugan

Gaur dela 34 urte onartu zen Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen Vascuenceren Legea. Arauarekin batera, erakundeetara duela bost urteko etorri zen irauli politikoak euskarari ez diola aldaketa handirik ekarri salatu du EHEk.

Legebiltzarren aurrean egin du protesta EHEk. (Endika PORTILLO | FOKU)
Legebiltzarren aurrean egin du protesta EHEk. (Endika PORTILLO | FOKU)

Abenduaren 15a egun esanguratsua da beti Nafarroan hizkuntz eskubideei dagokionez, 1986. urteko egun horretan onartua izan baitzen Vascuencearen Legea delakoa, eta horrekin batera zonifikazioa.

Aurten ere protesta egin du Euskal Herrian Euskaraz taldeak, Nafarroako Legebiltzarraren aurrean. «Apartheidaren antzerako» arauak indarrean segitzen duela gogora ekarri ondoren, «hori gutxi ez eta lege horren bitartez euskararen normalizazioa erdietsi baino berau ekidin nahi dela, euskararen mendekotasun egoera iraunaraziz», ziurtatu dute.

Bere kexa ez da bakarrik orduko erabaki hartara zuzentzen, oraingo egoera ere barnebiltzen duelako. «Bost urte igaro dira jada UPNren Gobernua atzean geratu zela. Bost urteotan, lehenengo Uxue Barkosen gobernua eta azken urtean Maria Chiviterena ezagutu ditugu. Batak zein besteak euskararen berreskurapen-prozesuan eta zonifikazioa gainditzeko bidean ez dute jauzi estruktural esanguratsurik egin. UPNren politikekiko aldaketa ekarri behar ziguten gobernuek ez digute ia aldaketarik ekarri euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen egoeran. Ez hori bakarrik, gobernu hauekin ere euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak eguneroko lege izan direla salatu beharra daukagu», erantsi dute parte hartzaileek.

Etorkin hurbilari begiratuz, «Chiviteren oraingo gobernuaren hizkuntza-politika eta hainbat gobernukideren euskararen aurkako adierazpenak kontuan hartuta, ia ezinezko dirudi nafarron hizkuntza-eskubideetan aurrerapauso nabarmenik gertatzea datozen hiru urteetan», esan dute.

«Ez gara ogi apurrekin aseko»

«Baina ez gara dagoenaren konformismoan eroriko –erantsi du EHEk–. Ea oraingo egoeran ze ogi-apur lor dezakegun, egoerak ez omen duelako ofizialtasunarekin amesteko aukerarik ematen. Euskaltzaleok ez gara aseko ogi apurrekin, ogi osoa nahi eta behar dugu. Hizkuntza-eskubideen ezagutza eta berme osoa behar dugu».

Gauzak honela, ofizialtasunaren aldeko dinamika zabal eta indartsua egituratzeko ilusioa aipatu du taldeak. «2015ean Erregimena erortzea eragin zuen indar-metaketa alez alekoa, nekaezin eta pazientziaz betetakoa, berreraiki beharko dugu hurrengo urteetan. Konplizitateak berreskuratu eta berriak sortu, sektore berriak zonifikazioa gainditzearen aldarrira gehituz. Horretarako herriz herri, elkartez elkarte, eremuz eremu, zonifikazioa injustizia bidegabea dela berriz ere zabaltzeari ekin behar diogu euskaltzaleok», adierazi dute.

«Argi eduki bezate Parlamentuko alderdi guztiek, euskaltzaleok ez dugula amore emango hizkuntza-eskubideen defentsan eta Nafarroan euskara ofiziala izendatuko duen lege berri baten aldarrikapenean. Horregatik, alderdi guztiei exijitzen diegu behingoz urrats eraginkorrak eman ditzatela norabide horretan. Eta norbanako eta eragile euskaltzaleei dei egiten zaituztegu hori posible egingo duen dinamika elkarrekin eraikitzera», aderazi dute mezuaren bukaeran.