NAIZ

Mikel Zabalzarentzat justizia eskatu dute Donostiako autobus gidariek

Mikel Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrena dela eta elkarretaratze egin dute gaur Donostian bertako autobus gidariek. Izan ere, autobusa gidatzen lan egiten zuen Zabalzak Guardia Zibilak atxilotu zuenean.

Bus gidariek Mikel Zabalza gogoratzeko antolatu duten elkarretaratzea. (Jon URBE/FOKU)
Bus gidariek Mikel Zabalza gogoratzeko antolatu duten elkarretaratzea. (Jon URBE/FOKU)

«Egia, Justizia, Erreperazioa» aldarrikatu dute gaur Donostiako DBus konpainiako gidariek Mikel Zabalzaren atxiloketa eta heriotzaren 35 urte bete direnean. Gaur bezalako egun batean, 1985 abenduaren 15ean agertu zen Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian, Endarlatsa ondoan. Guardia Zibilak atxilotu zuenean Donostiako autobusa gidatzen egiten zuen lan Zabalzak. Orbaizetarra zen, baina Altzan bizi zen.

Gaurko elkarretaratzea DBuseko Kurpil, ELA eta LAB sindikatuek deitu dute eta EH Bilduren ordezkaritza batek ere bat egin du Bulebarrean egin den mobilizazioarekin.

Sorturen ekitaldia kuartelaren parean

Gaur arratsaldeko zapietan, berriz, beste elkarrataratze bat deitu du Sortuk Intxaurrondon Guardia Zibilak duen kuartelaren parean. «Hogeita hamabost urteren ondoren, gertatutakoaren egiak atxilo jarraitzen du Intxaurrondoko kuartelean, bertsio ofizialean itota. Izan ere, gaur egun, gezurrean tematzera inor ausartzen ez bada ere, aitortza ofiziala ez da iristen. 2010. urtean, epaitegiek auzia ixtea erabaki zuten. Mikelen heriotza argitu gabe geratzen zela baieztatu zuten, eta torturapean erail izanaren hipotesia irekita utzi», nabarmendu du Sortuk.

«Tortura gertakari masiboa izan da, sistematikoa, bizitza zibil osoa hartu duena. Eta horrek erakusten du herri hau jazartzeko Estatuek baliatu duten gerra-bitarteko bat izan dela. Salaketa publikoa, torturatuaren gorputz ahitua eta ezerezte psikologikoa, edo Mikelen kasuan bezala heriotza bera, ez dira froga nahikoa izan basakeria horri sinesgarritasuna kentzen ziotenentzat. Duela hogeita hamabost urte, begien bistakoa zena ukatzen saiatu zen Espainiako Gobernua. Eta asmatu nahiz defendatu zuten gezurra hain nabarmena izan zen, ezen guztiz agerian geratu baitzen estatua edozer egiteko prest zegoela torturaren erabilera ukatzeko», gaineratu du Sortuk.