NAIZ

Hauteskundeak gerta daitezke berriz Israelen, Netanyahu eta Gantz ados jartzen ez badira

Gobernu krisia areagotzen ari da Israelen, eta aurrekontuak onartzeko astebete eskasaren faltan berriro hautesontzietara jotzea da gerta daitekeena.

Netanyahu eta Gantz, elkar mokoka ia hasiera-hasieratik. (Menahem KAHANA/AFP)
Netanyahu eta Gantz, elkar mokoka ia hasiera-hasieratik. (Menahem KAHANA/AFP)

Benjamín Netanyahu eta haren kide nagusia, Beny Gantz, ez dira aurrekontuak aurrera ateratzeko ados jartzen. Eta epea agortzen ari zaie, astebetean lortuko ez balute Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deituko lirateke berriz.

Oraindik ezin da ezer baztertu, honelako presioak erabiltzea ohikoa baita desegonkortasun handia duen Israelgo politika jokamoldeetan. Baina une honetan indarra hartzen ari da haustura baten aukera, lehen ministroa eta Defentsa ministroaren arteko desadostasunak geroz eta zabalagoak direlako.

Gantzen eledun batek esan duenez, «dena gerta liteke, baina aurrekontuetan ez dugu etsiko».

Hasteko, honek bi urteetako aurrekontua nahi du, 2020 eta 2021erako baliogarria, honela aurreikusten baitzuen koalizio akordioak, baina orain Netanyahuk uko egiten dio aukera horri eta 2020rako nahi du bakarrik.

Analisigile batzuen ustez, bilatzen duen ortzimuga hauxe da: aurrekonturik ez balitz, 2021ko azaroaren aurretik Gobernua desegiteko aitzakia izango zuen Netanyahu, boterea Gantzen eskuetan utzi gabe, txandaka gobernatzeko adostasuna apurtuz.

Aurrekontuen inguruko talka honek jada Gobernua galbidean jarri zuen abuztuan, baina gero egoera berbideratu eta abenduaren 23ra arte luzatu zuten epea. Hurrengo astearte arte, beraz.

«Israel ez da denda bat, ez da bapatean gobernatzen», salatu du Gantzek, Netanyahuren asmoei erantzuten.