Prefeturak emandako agindua jarraituz Atharratzeko Pierre Jaureguy kolegioa hetsi dute covid-19 agerraldi azkarraren ondorioz.
Azaroaz geroztik ez zen pandemiarengatik eskola itxierarik gertatu Ipar Euskal Herrian.
Alta, Zuberoan jakinarazitako agerraldiari herenegun Baionako Bernat Etxepare lizeoan baieztatutako klusterra gehitu behar zaio.
Gogoratzearren, Eguberriak kari pertsona zaurgarriekin biltzekotan diren haurrei, oporraldia bi egunez aurreratuz, gaur eta bihar etxean gelditzeko baimena eman die frantses Hezkuntza Ministerioak.
Neurri horren bidez haur horiek astebeteko isolamendua gorde dezakete, edo beraien harreman sozialak azkarki apaldu.
Irakasle zein familien artean ika-mika franko eragin duen erabakiak bestetan ahalik eta kutsadura gehien ekiditea du xede.
Eskolako oporraldiaren aurreratzea borondatezko erabakia izan bada ere, Atharratzen derrigorrez itxi behar izan dute kolegioa gaur. Hamabi irakasletatik zortzi kutsatu dira.
Horretaz gain dozena erdi bat kasu atzeman dituzte oraingoz Pierre Jaureguy doktorearen izena daraman zentroan ikasketak burutzen dituzten 72 gaztetxoen artean.
Protokoloa indartu arren gero eta agerraldi gehiago
Omiasainduko oporraldiaren ostean, osasun protokoloa indartzeko neurri berriak martxan eman zituzten ikastetxeetan, iragan azaroan.
Hala nola 6 urtetik gorako haurrek maska eraman behar zutela agindu zuen orduan Hezkuntza Ministerioak.
Ordurarte 11 urtetik gorako ikasleek baizik ez zuten musukoa eraman behar Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko ikastetxeetan.
Geroztik, hainbat ikastetxetan kasuak agertu badira ere aski fite agerraldiak kontrolpean jarri dituzte. Atharratzen gaur jakinarazi duten agerraldia gertatu den arte.
Aste honetan bertan Baionako Etxepare lizeoan covid-19 bertze kluster bat atzeman zuten.
Azkeneko zazpi egunetan 3 kasu agertu ondoren, terminaleko (Baxoako azkeneko kurtsoa) eta MKZT teknologia adarreko ikasleak etxera bidali zituzten, asteartean bertan, zuzendaritzak burasoei emandako informazioaren arabera.
Gainerako mailetako ikasleek atzo lizeora joan ahal izan zuten, betiere osasun protokoloak errespetatuz. Gaur eta bihar, ordea, kontseilu zientifikoak zabalduriko aholkuarekin bat eginez familia anitzek haurrak etxean atxikitzeko hautua egin dute.
Seaskako lizeoko arduradunek, orain arte egin duten bezala, Eguberrietako oporraldiaren ostean eskola presentzialekin jarraitzeko nahikeria baieztatu dute.