Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Asteburu honetan aldarrikapenez beteko dira berriz ere Ipar Euskal Herriko karrikak

Azaroaren azkeneko asteburuak sabaia jo zuen mobilizazioen neurgailuan. Asteburu honetan, berriro ere, frantses Gobernuak agindutako hainbat neurri salatzeko protesta anitz deitu dituzte Ipar Euskal Herrian.

Iragan abenduaren 12an Baionan Segurtasun Orokorreko Legea salatzeko eginiko mobilizazioa. (Bob EDME)
Iragan abenduaren 12an Baionan Segurtasun Orokorreko Legea salatzeko eginiko mobilizazioa. (Bob EDME)

Joan zen azaroaren 28-29ko asteburuak pandemiak utzitako ajeen gainean irakurketa politikoa egiteko aukera jarri zuen mahai gainean. Orduan bezala, abenduaren 18. honetatik hasita -migranteen nazioarteko egunaren karietara etorkinen alde jarduten duten kolektikoek ekimena deitu dute, gaur ostiralean, 18.30tan, Baionako Herriko Etxearen aitzinean- aldarrikapenez beteko dira asteburuan Lapurdiko karrikak.

Igandetan saltokien irekitzea baimentzen duen ez ohiko arauari babesa ez emateko eskakizuna eginen du, abenduaren 19an, LAB sindikatuak.

Euskal Elkargoaren herriarteko kontseiluak ika-mika handia eragiten duen araua izanen du eztabaidagai.

Merkataritzaren sektoreari eragindako kalteei aurre egitearen aitzakiaz frantses Gobernuak aitzineratu duen neurriaren aurka azaldu dira hala nola Hendaia eta Urruñako udalak. Bihar, goizeko 8.00etan, Ipar Euskal Herriko erakundearen bilkura hasi aurretik elkarretaratzea deitu du LAB sindikatuak.

Bestalde, ‘Bateragune’ auziaren epaiketa berriz egiteko espainiar Auzitegi Gorenak harturiko erabakia salatzeko mobilizazioa iraganen da, larunbatean, Hendaian.

Espainiar auzitegiak harturiko erabakiari «erantzun irmo eta zeharkakoa eman ahal izateko» Euskal Herrian zehar hainbat elgarretaratze deitu direla ‘Demokrazia’ lelopean oroitaraziz herritarrak 12.00etan Hendaiako Herriko Etxearen aitzinean eginen den protestan parte hartzeko gomita zabaldu du Euskal Herria Baik agiri baten bitartez.

Egun berean, baina arratsaldez, merkatari eta artisauen kolektiboak bultzaturik «Utz gaitzazue lan egiten» lemapean protesta izanen da, berriz, Biarritzen.

Mobilizazioa hiriko itsasargitik abiatuko da arratsaldeko 16.00etan. Bizi eta lan egitearen aldeko askatasunen martxara gonbidatuak dira ostalaritza edo kirol alorreko kideak, besteak beste.

Biarritzeko merkatari eta artisauen kolektiboko presidenteak Serge Istequek agiri batean nabarmendu duenez, nahiz eta merkatariek iragan azaroaren 28an beraien dendak berriz irekitzeko baimena eskuratu zuten bertze hainbat alorreko profesionalak kinka larrian daude.

«Kasik urte bat egiten du diskotekak ahaztuak direla, baina ez dira bakarrak, kiroldegiak ere hetsiak direlako», salatu du Istequek, arlo ezberdinetako ordezkariei indarrak batzekoi deia luzatuz.

Suzien martxa, Baionan

Bestalde, larunbat arratsaldean ere, hainbat alderdik, sindikatuk eta elkartek osatzen duten kolektiboak frantziar Gobernuak bultzaturiko Segurtasun Orokorreko Legea salatzeko deia zabaldu du.

Europe Ecologie-Berdeak, EH Bai, Alderdi Sozialista, Ensemble! Ezkerra Demokratikoa eta Soziala, Génération.s, Frantzia Intsumitua edota Alderdi Komunistaren sostengua jaso duen protestak karrika hartuko du Baionan.

Bertze hainbat sindikatuk -CGTk, LABk, FSUk eta abokatuen sindikal elkarteak, besteak beste- eta gizarte eragilek -hala nola Bizi! mugimenduak, Giza Eskubideen Ligak edo Stop Linkyk- babesten duten Segurtasun Orokorreko Legearen kontrako laugarren protesta ekimen hau.

Oinarrizko eskubideak zalantzan jartzen dituen legea bertan behera uztea aldarrikatuko dute, bihar, 17.30etik goiti, Errepublika plazatik abiatu eta Merkatuan amaituko den zuzien martxa osatuz.

Azkenik, abenduaren 20an, igandearekin, covid-19ri aurre egiteko eskoletan ezarri den protokoloaren hainbat neurrirekin ados ez ez dagoen Burasoak Martxan (Parents en Action) kolektiboak bere bigarren protesta ekimena deitu du, Baionan.

Iragan azaroaren 29an lehen mobilizazioa burutu zuen 6 eta 11 urte arteko haurrek maska eraman behar izatea salatzen duen guraso taldeak.

Igande honetan hitzordua eman dute 11.00etan Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Haurren eta hezkuntza sistema beraren ongi izatea hobesteko premia aldarrikatzen duen taldeak deituriko «inhauteri martxa» suprefeturaren aurrean amaituko da.

Hain zuzen kolektibo horren ordezkaritza batek estatu delegaritza horretan hitzordua hartu du ikastetxeetan masken erabilpena orokortzeko neurriak sortzen dizkio zalantzak azaltzeko.