NAIZ
DONOSTIA

Ertzaintzak larunbatean izan zuen jarrera «oldarkorra» salatu dute Antiguako auzokideek

Iragan larunbatean Ertzaintzak Antiguako frontoiaren eta Mikel Laboa plazaren inguruan bilduta zeuden pertsonak bortizki kanporatu zituela salatu dute auzokideek: «Herritarroi arduraz jokatzeko eskatzen zaigun bezala, arduradun politiko eta funtzionarioei ere arduraz aritzea dagokie».

Joan den larunbatean jazotakoa salatzeko Antiguako bizilagunek agerraldia egin dute. (NAIZ)
Joan den larunbatean jazotakoa salatzeko Antiguako bizilagunek agerraldia egin dute. (NAIZ)

Agerraldi jendetsu batean, Donostiako Antigua auzoko bizilagunek joan den larunbatean jazotakoa azaldu eta Ertzaintzaren jarrera «biolento eta neurrigabea» gaitzetsi dute.

Adierazi dutenez, iragan larunbatean, hainbat auzokide Antiguako frontoiaren eta Mikel Laboa plazaren inguruan zeuden bilduta, etxera joan bitarteko azken tartea aprobetxatuz. 21.30an Ertzaintza «modu oldarkor eta erasokorrean» plazara sartu zen. «Dozena bat kaputxadun –zehaztu dute–, euren borra, kasko eta ezkutuekin, aurrez inolako abisurik eman gabe Mikeletes Pasealekutik agertu ziren, lasterka»

Testuinguru honetan, inguruan zeuden gehienek «Ertzaintzaren indarkeriatik ihesi» alde egin zutela gaineratu dute, baina «operazioaren bortizkeriaren aurrean» auzokide batzuk azalpen eske joan zitzaizkien.

Une horretan, azaldu dutenez, «Ertzaintza, orduan, auzokide horien aurka oldartu zen, batzuk jipoituz eta beste batzuk atxilotuta eramango zituztela mehatxatuz». Handik minutu gutxira plazatik alde egin zuten, auzokideen arabera.

Jazotakoa gogor salatu dute gaurko agerraldian: «Aurrez inolako abisurik eman gabe haurrak dauden gune batean halako indarrarekin sartzeak ez dauka justifikaziorik. Plazan jende gehiegi zegoela pentsatzen bazuten eta hura hustu nahi bazuten, era baketsu batean agertzearekin nahikoa izango zen, aurrez udaltzainek edo ertzainek ere egin izan duten bezala».

Hori dela-eta, hainbat galdera planteatu dituzte: «Zergatik bat-batean halako bortizkeria? Nork agindu zuen plaza hustsaraztea? Nork erabaki zuen indarrez egitea? Benetan uste al dute pandemiari aurre egiteko indarra eta beldurra erabiltzea baliagarria dela?». 

Azkenik, azpimarratu nahi izan dute ez dagoela «gertatu dena zuritu dezakeen argudiorik». Azkenaldian Donostian tankera horretako gertaera gehiago izan direla gogoratu aurretik, mezu argia plazaratu dute: «Herritarroi arduraz jokatzeko eskatzen zaigun bezala, arduradun politiko eta funtzionarioei ere arduraz jokatzea dagokie».