Asier Robles
Entrevista
Paul Bilbao
Kontseilua

«Euskararen normalizaziorako adostasun sozial eta politikoak eraiki behar ditugu»

Euskalgintzaren Kontseiluak urteko txostena aurkeztu zuen aurreko asteartean Donostiako Aquariumean. Hizkuntza politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela adierazi zuen.

Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. (Maialen ANDRES/FOKU).
Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. (Maialen ANDRES/FOKU).

Urtearen balorazioarekin hasiko gara. 2020a ezin da ulertu covid-19a kontuan hartu gabe. Nola eragin du pandemiak euskararengan?

Euskararen normalizazio prozesuan eragin handia izan du covid-19ak, bereziki itxialdi garaian. Etxe askotan euskara ez da erabiltzen, eta hainbat hilabetez euskara arnastu gabe egoteak asko eragiten du.

Gainera, euskarari lotutako hainbat ekimen bertan behera utzi edo moldatu behar izan dira. Azken finean kalea da gure habitat naturala, komunitatearen izaera kalean erakutsi dugu beti, eta bat-batean kalerik gabe geratu gara. Horren adibiderik adierazgarriena Korrika da. Hurrengo urtera atzeratu izanak bi modutan kolpatu du euskara: ekonomikoki, AEK-k bere helburuak aurrera eramateko behar dituen diru-sarreren parte handi bat hortik lortzen dituelako; eta sozialki, ezin izan dugulako erakutsi herri honetan badagoela euskaraz biziz nahi duen herri gogo indartsua.

Izandako arazoen aurrean, komunitateak izandako jarrera nabarmendu duzue.

Bai, komunitateak eman duen erantzuna ikaragarria izan da. Euskarazko herri ekimeneko hedabideek lan izugarria egin dute euskaldunok informazio gaurkotua izateko; euskaltegiak helduen euskalduntzean jo eta ke aritu dira; herriz herri sortutako zaintza sareek hainbat saio eskaini dituzte euskararekin lotura ez galtzeko; euskarazko sortzaileek pila bat antzezlan, bertso saio edo ipuin kontaketa egin dituzte….

Euskararen zaurgarritasun egoera aipatu duzu. Errespetatu al dira hizkuntza eskubideak osasun krisian?

Lehentasunaren eta berehalakotasunaren izenean hizkuntza eskubideen urraketa oso altua izan da. 2020ko martxoan, itxialdia etorriko zela ikusten genuenean, Europako Kontseiluak gomendio batzuk helarazi zituen berezko hizkuntzak kontuan hartzeko herritarrei osasun asistentzia ematerakoan eta honi buruzko informazioa eta segurtasun jarraibideak ematerakoan. Argi dago aholku horiek ez direla bete. Krisi honek ahulenei eragin die gehien, bai gizartean baita hizkuntzetan ere bai.

Covid-19aren eraginetik haratago, esparru politikoan hartutako neurri batzuek ere kezkatzen zaituztete.

Bai, EAEn egia da pausu batzuk eman direla, aurrekontuetan adibidez igoerak egon dira euskalduntze kontu batzuetan, baina iruditzen zaigu horrek lege babes bat behar duela, eta aukera hori galdu egin zen Eusko Legebiltzarrean euskara jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena atzera bota zenean. Legegintzaldia luzea da, eta espero dugu berriz ere hori berreskuratzea.

Nafarroan oso kezkatuta gaude. UPN agintean ez dagoenean ere, besteak beste, alemanaren, frantsesaren eta ingelesaren ezagutza baloratzen da eta euskararen ezagutza ez, hori ezin dugu ulertu. Gainera, eremu ez-euskaldunean D eredua zabaltzeko oztopoak jarri dituzte, Mendigorriko kasuan adibidez.

Dena ez da txarra izan 2020an. Iparraldean, Hiriburuko eskolan murgiltze ereduari Frantziako Gobernuak ezarritako debekua bertan behera geratu zen azkenean. Nola baloratzen duzue hori?

Frantziako Hezkuntza Ministerioaren menpe dagoen Bordeleko Akademiak Hiriburuko Baste Quieta ikastetxeko ama-eskolan ikasturte honetan “%100 euskaraz” esperimentazio egitasmoa plantan emateko egitasmoa atzera bota zuenean, hezkuntza komunitate osoak eman zion erantzuna, eta hori ikaragarria izan zen. Hiru hilabeteko borroka politiko eta sozialaren ondoren lortu zen debekua bertan behera uztea. Horrek bidea zein den erakusten du.

Nola baloratzen duzue Lakuako Gobernuak Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana bultzatu izana?

Positiboa da. Eremu sozioekonomikoak astindu bat behar du, hor eskubideak badirelako jokoan. Langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dutelako eta herritarrok kontsumo harremanak euskaraz egiteko eskubidea dugulako. Gaur egun, askotan, jendeak euskaraz ikasten du eta erabat erdalduna den lan mundu batera egiten du ondoren jauzi. Orain dago aukera horretan jarduteko eta gauzak aldatzeko. Adostasunak eta neurriak behar ditugu horretarako.

Etorkizunari begira urratsak «guretik» egitearen garrantzia nabarmendu duzue. Zer esan nahi du horrek?

Bi helburutara iritsi behar gara: euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharrezko neurriak hartzera, eta, era berean, euskararen erabilera erosoa herritar guztiei bermatzera. Horretarako guk oso argi dugu hizkuntza politikak birpentsatu behar direla.

Hori lortzeko, lehenik eta behin adostasun sozialak eraiki behar ditugu, gero adostasun politikoetara jauzia eman ahal izateko. Guk oinarrizko dokumentu bat osatu dugu, non gure ustez norabidea zein den azaltzen den. Gure bazkideekin hori partekatuko dugu eta gero eragile sozialekin, urratsez urrats. Gero sektoreka dinamika desberdinak antolatuko ditugu.

Zer eskatzen diezue eragileei?

Bozgorailu izateaz gain, dokumentuaren osaketan parte hartzea. Guk oinarrizko dokumentu bat jarriko dugu, baina denon artean erabaki behar dugu zein den etorkizuneko hizkuntza politikaren norabidea. Euskararen normalizazioarena erantzukizun partekatua delako, eta denok hartu behar ditugulako konpromisoak.

Atxikimendutik konpromisoetara jauzia emateko unea dela nabarmentzen duzue.

Atxikimenduaren garaia pasatu dela pentsatzen dugu. Gure herrian gehiengoa dago gaur egun euskararen alde. Baina euskararen alde egote hutsak ez gaitu normalizaziora eramango. Gizartea euskararen alde egotea premisa bat da, bestela ez daukazu zer eginik. Baina gero beste urrats bat egin behar da, eta horretara goaz.

Izen, irudi eta webgune berria aurkeztu zenuten asteartean. Zergatik egin dituzue aldaketa hauek?

Izena, egia esan, laburtu egin dugu. “Euskalgintza” hitzarekin euskararen gizarte erakundeak esan nahi dugu. Aldaketa hauekin urrats berri eta garrantzitsu bati ekin diogula ere irudikatu nahi dugu. Webguneak berritze bat behar zuen eta arinagoa eta sinpleagoa egin dugu.