Dabid Lazkanoiturburu

Tunisia Italia hegoaldeko zabortegi bilakatzen ari da

Nola da posible Italia hegoaldeko zaborra itsasontziz Tunisiara iristea, bere hondakinekin nahiko arazo dituen ipar Afrikako herrialdera? Ehunka edukiontziren aurkikuntzak ustelkeria azaleratu du eta krisi politikoa eragin du Gobernuan.

 Sousa hiriko portuan daude hondakin edukiontziak. (Fethi BELAID/AFP)
Sousa hiriko portuan daude hondakin edukiontziak. (Fethi BELAID/AFP)

Sousa hiriko portuko aduanazainek zaborra gordetzen duten 70 edukiontzi atzeman dituzte azken egunetan. Aurreko udan beste 212 aurkitu zituzten. Ordutik hona Aduanak eta Ingurumen Ministerioak batak besteari botatzen diote errua.

Atzo Mustapha Aroui ministroa kargutik bota zuen Hichem Mechichi lehen ministroaren Gobernuak. Inolako azalpenik ez du eman, baina argi dago zaborraren eskandaluarekin zerikusia duela.

Edukiontziek etxeko hondakinak ezkutatzen zituzten. Hauen esportazioa guztiz debekatuta dago bai Tunisian eta baita ere nazioarteko legedian, arriskutsuak direlako.

Soreplast Tunisiako enpresak inportatu zituen, industria hondakin plastikoak birziklatzeko baimena besterik ez duenean.

Aroui ministro ohiaren prentsa bulegoak ukatu egin du Soreplasti legez kanpoko baimenik eman zionik.

Napoli hegoaldean egoitza duen Sviluppo Risorse Ambientali Srl enpresarekin sinatu zuen kontratua Soreplatek, Campainian (Italiako hegoaldean) hondakinak jasotzen eta tratatzen dituen enpresarekin hain zuzen ere.

Uztailaren 8an atzeman ziren ehunka edukiontziak Italiara itzultzea erabaki zen baina oraindik Susako portuan jarraitzen dute.

Asiak ez ditu nahi gure zaborrak

Auzi honek agerian utzi ditu hondakinen legez kanpoko merkataritzaren adarrak, Europak legeak zorroztu dituen honetan eta Asiako herrialdeak gure zaborra hartzen jarraitzeko prest ez dauden honetan.

Aurtengo abuztuan Interpolek ohartarazi zuenez, 2018tik hona izugarri ugaldu dira plastiko hondakinen legez kanpoko kargamentuak.

Arazoa larria da Tunisian. Izan ere, hango azpiegiturek ez dute bertako beharrak asetzeko gaitasunik. Horrela, bada, hiriburuan zaborraren %61a baino ez da jasotzen, Munduko Bankuaren ikerketa batek ohartarazi duenez. Gainera, jasotako gehiena kontrolik gabeko zabortegietan uzten dute usteltzen, hiriaren inguruan.  

Edukiontzien auzia jaso dute komunikabideek eta ikerketa bat zabaldu da baina oraingoz ez da atxiloketarik gertatu.

Lobbyak

«Ustelkeria lobby handiak daudela erakutsi du auziak», salatu du Hamdi Chebaane hondakinetan aditua eta Tunisia Berdea erakundearen bozeramaleak.

Chebaanek argi du Ingurumen Ministerioak presioak jaso dituela azken urteetan enpresaburuen aldetik hondakinak ekartzeko baimena eman dezan, «baina hori agerian uzten den lehen aldia da», txalotu du.

«Nola baimendu du aduanak hondakinak portura iristea, inolako baimen ofizialik ez dagoenean?», dio bere aldetik Bechir Yahya hondakinak birziklatzeko Agentzia Nazionalaren (Anged) zuzendariak.

Aduanak, ordea, Anged erakundeari egozten dio azken 70 edukiontziak hartzeko baimena.

Bitartean, beste 212 edukiontziek hor jarraitzen dute, portuko izkina batean.

«Tunisiak ez du baliabiderik zabor hori guztia lurperatzeko ere. Beraz, nora demontre eramateko asmoa zuten?», galdetu du Hamdi Chebaanek.