Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Entrevista
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Ez dut sentitzen txapela irabazi beharra dudala eta sentitu izan dut»

Buruz buruko zauria sakona izan zela ezkutatu gabe, amezketarrak uste du dolua pasa duela eta halakoak bere kirol ibilbidean ordaindu beharrekoak diren peajeak direla ikasten ari omen da. Igandera begira itxaropentsu azaltzen da.

Jokin Altuna Amezketako plazan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jokin Altuna Amezketako plazan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Nola sentitzen zara final honen aurrean?
Ba gogo eta ilusio handiarekin, zaila ikusten nuen berriz ere finalera heltzea, ze txapelketa hasi zenean ukitu xamar nengoen, kosta egin zitzaidan buelta ematea eta ikaste prozesu horretan nengoen. Iruditzen zait ikasi egin behar dudala asko. Gauzak emozioz bizitzen ditudan pertsona eta pilotari naiz. Garaipenak dituzunean beti errazagoa da, baina porrot mingarriak ditudanean ikasi behar dudana da azkenean oraintxe ikusi dudana, hurrengo helburuetan zentratu beharra daukazula, hori da eta hazten jarraitzeko metodorik onena. Garrantzitsuak izan dira oso aste hauek niretzat eta, orain, ilusioz gainezka.

Buruz buruko finala bereziki jota amaitu zenuen...
Bai, asko. Gehien mindu ninduena izan zen txapelketa osoan horren ondo aritu eta finalean ez hemen ez han inon minik ez niola egiten ikustea, ez nuela nire onena eman eta horrek mina egiten dizu. Baina egia esan partidari bueltarik ez nion eman, segituan jarri nintzen berriz buelta eman beharra zegoela pentsatzen. Aste horretan partida bat jokatu nuen eta, egia esan, ez nengoen partida jokatzeko. Baina azkar ikusi nuen onena zela segituan txapelketa batean sartzea, lehiaketan sartuta klik egiten duzu, orain behin ere baino argiago ikusi dut. Adibidez, bosgarren finala dut eta galdera asko ari zaizkit egiten bost final jarraian ez dituela inork jokatu, baina iruditzen zait lortu ditudan gauzei buelta asko emateak ez nauela inora eramaten eta porrot mingarriek ere ez.

Joko edo buru arazo bat izan zen gehiago?
Ez dakit. Batetik, berak ikaragarri jokatu zuen; aurkariari meriturik ez zaio kendu behar. Hortaz aparte, nik ez nuen jokatzen jakin. Baina inongo momentutan ez naiz damutu hori gertatu izanaz, mina egin zidan, baina hori gertatu bazen zerbaitegatik gertatu zen; hemen kasualitatez ez da ezer gertatzen eta ikasteko egun bat bezala ikusten dut nire ibilbidean. Nork daki, agian hemendik urte batzuetara, nahiz eta final hori galdu, agian gogoratuko dut nire ibilbideko momentu garrantzitsu bat bezala.

Iruditzen zait ikasi egin behar dudala asko. Gauzak emozioz bizitzen dituen pertsona eta pilotaria naiz

Final dezente ere galdu dituzu segidan, pisu horrek eraginik izan zuen?
Une horretan, hiru final segidan galduta nituen eta jokatzeko garaian pentsatzen nuen final hura zela irabazi eta bolada horri buelta emateko aukera aproposa. Baina tira, uste dut ez dudala horretan pentsatu behar, azkenean horraino heltzea oso zaila da eta askotan iristen banaiz, fede guztia daukat, batzuetan ondo aterako zaidala eta besteetan gaizki. Final asko jokatu dituen jendearen datuak ere hor daude, eta final asko irabazi bai, baina galdu ere dezente galdu dituzte. Beti ezin da irabazi. Kontzientziatuta nago egunerokotasunean nire gauzak egiten, disfrutatzen saiatzen gehienbat, ez baita erraza. Horrez gain, nire esku dagoen guztia egingo dut, ahalik eta hobekien prestatu partida eta igandean Bilbora joandakoan ondo egin behar ditudan gauzak ondo egiten saiatuko naiz, horrek eramango nau irabaztera. Hori ez badut egiten, ez dut irabaziko.

Aurreko elkarrizketan akordatzen naiz, galtzen zuenarentzat frontoi hutsa zein gogorra izango zen aurreikusten zenuela. Bilbotik Amezketarako buelta luzea eta gogorra izango zen...
Bai, ez dizut gezurrik esango, gogorra izan zen oso, luzea, bakarrik… Momentu horiek gogorrak dira. Beste batzuetan galdu izan dudanean ez naiz bakarrik izan eta, nahiz eta hitzik ez egin, ondoan norbait izatea eskertu egiten da. Gero etxean gustura egon nintzen familiarekin, asko lagundu zidaten eta oso eskertuta nago

Oraingoan behintzat baduzu laguntzaile bat eramate aukera.
Bai, eta segituan Ekaitzi –Saralegi– deitu nion, eta bera ere oso gustora dago. Badakit partidan zehar zer egin beha dudan, baina ondoan lasaitzen zaituen eta laguntzen zaituen norbait daukazula jakiteak asko balio du.

Lau eta Erdiko finala prestatzerakoan zerbait aldatu duzu edo antzera xamar?
Bueno, berdin xamar ez nuke esango. Momentu guztiak desberdinak dira, momentu hau niretzat oso garrantzitsua izan da, ilusio handiarekin nago eta irabazteko batere presiorik ez dut. Ez dut sentitzen txapela irabazi beharra dudala eta nik uste batzuetan sentitu izan dudala hori, eta, alde horretatik nahiko ondo aurkitzen naiz.

Buruz burukoa jota amaitu nuen, baina azkar ikusi nuen onena zela segituan beste txapelketa batean sartzea. Lehiaketan sartuta klik egiten duzu, orain behin ere baino argiago ikusi dut

Ezkurdia kanporatuta, Buruz burukoan sentitu zenuen presio hori?
Ez zen izan faboritoa nintzelako. Txapelketa hasieratik koadro zaila tokatu zitzaida eta, esaten nuen ez zela zailagoa izango, baina gero finalerdia irabazi eta txapela hor ikusten nuen. Debutatu nuenean oso zaila ikusten nuen Buruz buru finala jokatzea eta bigarren finala jokatzea niretzat garrantzitsua zen, bigarren txapela irabaztea zer esan, oso gutxik irabazi dute. Ez nuen ondo erreakzionatu aurretik jarri zitzaidanean, behin ere ez duzu jakiten nola erantzungo duzun.

Buruz burukotik kaiolara, baina pilotaleku eta frontoi bera, zertan aldatzen da finala? Erik Jaka hazita dago.
Erik konfiantza handiarekin dago. Beti esan izan dut Erik pilotari bezala hobetzen ikusten zela baina behar zuen, nire ustez, oilar bati irabaztea eta Urrutikoetxeari irabazi zionean sekulako zama kendu zuen gainetik, konfiantza hartu zuen. Jotzen duen guztietan tanto egiten duela dago. Nik uste, irabazi nahi badut, inoiz baino gehiago izan beharko dut; oldarkor jokatu, pilotari abiadura emateaz aparte angeluak asko bilatu beharko ditut; tope saiatuko naiz horretan.

Gehiago kostatzen ari zaizu ezkerrarekin amaitzen?
Ez dakit. Azken partidetan, esaterako, gustura sentitu naiz. Iruditzen zait Danelen [Elezkano] eta Oinatzen [Bengoetxea] kontra ere momentu zailak izan nituela, baina gero, asmatu nuenean, aurkaria asko mugitu nuelako izan zela. Egia da Buruz buruko txapelketan zuzenago jokatu nuela aurkaria mugituz baino. Azken partidetan ondo ikusi dut nire burua eta mina egin izan dudala uste dut.