NAIZ

Urgull mendiko 10 kainoi zaharberritu eta ikusgai jarri dituzte San Telmo Museoan

San Telmo Museoak zaharberritutako 10 kanoi jarri ditu ikusgai klaustroan, udaberrian Urgull mendira eraman aurretik.

Berriztatu dituzten kainoiak museoko klaustroan daude ikusgai. (NAIZ)
Berriztatu dituzten kainoiak museoko klaustroan daude ikusgai. (NAIZ)

San Telmo Museoaren klaustroan ikusgai dauden hamar kanoi hauek Donostiaren historiarekin lotuta daude. Hiribilduaren kokapen estrategiko eta mugakideak hiriaren historia markatu du, batez ere XVI. mendetik XIX. mendearen amaierara arte, eta mendeetan zehar goarnizio militarrekin bizi izan zen populazioa.

Ondorioz, hauetaz gain, bereziki Urgullen eta bere inguruan, hiriaren iragan belikoaren lekuko diren beste hainbat kanoi aurki ditzakegu eta museoak ondare honen kontserbazioa eta zaharberritzearen ardura dauka. Guztira, 48 kanoi daude, kategoria ezberdinetan sailkatzen direnak: itsas kanoia, kanoi luzea, lonbarda, kulebrinaren herena, 7,5eko bateria, etab. Gehienak burdinez eginak daude burdina urtuz, eta gutxi batzuk brontzezkoak dira. Funtsean, kanoien tipologia da lur-kanoiena eta itsasontzi-kanoiena, eta azken hauek askoz txikiagoak dira.

Zortzi itsasontzi-kainoi

Museoko klaustroan egun ikusgai dauden hamar kanoi hauen kasuan, zortzi itsasontzi-kanoiak dira eta beste biak, handiagoak, lur-kanoiak. 2009-2010 urteetan zaharberritze tratamendu bat egin zitzaien eta ondoren Urgull mendiko Napoleonen bolborategian gorde ziren.

Museotik azaldu dutenez, bertako hezetasuna zela-eta oxidazioaren eragina ekiditeko, beste zaharberritze bat egin zen 2018-2019an: elektrolisiaren bidezko kanoien korrosioa ezabatzea. Azken tratamendu hau Gordailuan egin zen, Foru Aldundiaren Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, bertan baitaude ondare mota honen kontserbazioa modu hoberenean egin ahal izateko berariaz prestatutako baliabideak.

Zaharberritze tratamendu horri esker kanoiak beren kokapenera itzuliko dituzte 2021eko udaberrian eta berriro Urgull mendian ikusi ahal izango dira.