Haria eten ez dadin, kaiolako finalistak herriko eskolan irakasle
Buruz buruko finalaren atarian, Xalton Zabalak bazituen pozarren egoteko motiboak. Bere ikasle izandako bi pilotari urteko txapelik preziatuena janzteko borrokan izateak argi uzten zuen berarekin ikasitakoak balekoak izan zirela.
Baina bazen amezketarra are gehiago betetzen zuen zerbait, gaur egungo esku pilota profesionalaren puntaren puntan dauden bi gazte horiek bere bidea jarraitzeko hautua egin dutela: bakoitzak bere herriko pilota eskolaren ardura hartzearen hautua egin baitu, Erik Jakak Lizartzan eta Jokin Altunak Amezketako Zazpi Iturrin, Zabala berari lekukoa hartuz. Transmisio lan horrek segida izateak ezerk baino gehiago betetzen du Zabala, horrekin bai duela argi eskolako bere lana egokia izan dela eta benetan merezi izan duela.
45 urtez Zazpi Iturri klubeko ardura bere bizkar gainean eraman ostean, osasunak eta beste zenbait arrazoik bultzatuta, Zabalak bere «irakasle» ibilbideari amaiera jartzea erabaki zuen. Pandemiak erabakia hilabete batzuk aurreratu bazuen ere, ondo pentsatutako deliberamendua zen amezketarrarena, eta Amezketan eta inguruan kezka eragin zuen azken urteetan Euskal Herriko harrobirik emankorrenetako batekin gertatuko zenak. «Xaltonek utzi zuenean, klubean aukera desberdinak egon ziren; horietako bat kanpoko klub batek ardura hori hartzea zen eta nik ez nuen oso ondo ikusten hori», azaldu du Jokin Altunak. Azkenean, Beñat Beloki eta Ibai Amundarain herriko beste bi gazterekin batera, pilota eskolaren ardura hartzea erabaki zuen Altunak. «Klub batean momentu onak eta txarrak izaten dira, talde bat tope egotetik, badauka urte gutxian justuago egotera pasatzea. Gu Zazpi Iturri indartzen saiatuko gara, lagun onak ditut bertan lan ona egiten ari direnak eta ilusio handia dutenak. Umeak gustura daude eta horrek balio du», gaineratu du.
Antzeko lanetan dihardu Erik Jakak ere, kasu honetan Lizartzako pilota eskolaren ardura bere gain hartuta. «Ni aurreko urteetan klaseak ematen eta aritzen nintzen, baina gehiago Tolosako klubak bideratuta. Baina Udala berritasun batzuekin sartu zen eta lehenago aparkatuta utzi zuten kirol talde bat, Otsabio izena duena, indartu zuten. Otsabiok hartu du herriko kluben eta entrenamenduen ardura hori eta komentatu zidaten ea nik hartuko nuen pilotaren ardura eta ni oso gustura. Egia esan, haurrekin egote horrek asko ematen dit, asko laguntzen dit, deskonektatzeko balio dit; nahiz pilotaren inguruan jarraitu, gauzak beste era batera hartzen dituzu. Ikusten duzu pilota ez dela bakarrik profesionaletan jokatzea, pilotak beste mila gauza ematen dizkizula eta niri, egia esan, oso aberatsa egiten zait umeei erakustea», azaldu du Jakak.
Kateari eutsi
Biek ala biek oso argi dute gaur egun lehen mailako txapelen lehian egon ahal izateko, herriko eskolak eurekin egindako lana funtsezkoa izan dela, pilotariak ez baitira ezerezetik sortzen, onddoak bezala. «Xaltonen figura horri balore handia eman behar zaio. Nik uste hemen, klub honetan eta herri honetan, eta beste klub eta herri askotan ere antzera, pilota eskoletako entrenatzaileei ez zaiela ematen benetan duten balioa. Nik beti esaten dut, eta ederki dakit hori, milaka umerekin ikusi baitut, pilota eskolako entrenatzaileek, pilota erakusteaz aparte, haurtzaindegi bateko lana ere egin dutela; umeak bertara joaten direnean gurasoak lasai geratzen dira», azaldu du Jokin Altunak.
«Xaltonek ez dakit zenbat urte pasa dituen, baina hemendik adin guztietako umeak pasa dira, belaunaldi pila bat, eta esandakoa, nik badakit hor, frontoian, ze hotzak pasatzen diren, zenbat aldiz, larunbatean lan egin, seietan irten eta bederatzietan kotxea hartu eta umeak partidetara eraman, zenbat lan egin duen... Benetan gustatzen zitzaiolako eta horrek berak gogobetetasuna ematen ziolako. Nik benetan pentsatzen dut balioa eman behar zaiola Xaltonek hemen egindakoari», gaineratu du.
Erik Jakak ere oso argi du, aurretik Xalton Zabalak eta beste askok berarekin egindako lan hori berak umeekin egitea funtsezkoa dela transmisio lanak aurrera egin dezan. «Dudarik gabe, azkenean garrantzitsua da pilota bezalako kirol batean oinarri on bat izatea eta gaur egun oso zaila da. Beti esaten dena, nazioarteko kirolek, mundu guztian famatuak diren kirol horiek, nahi eta nahi ez, beste kirol guztiei lekua kentzen diete. Ikusi besterik ez dago Tolosara joan eta zenbat haur dabiltzan futbolean, Beasainera joan eta beste hainbeste izango da... Zaila da pilotak jarraipen hori eta oinarri hori izatea. Gainera, bakarkakoagoa da kirol hau, ez da taldeko kirol bat, eta taldeko kirol horiek, nahiz eta jarraitzeko gogo gutxiago izan, erraztasun hori edo ematen dizute: lagunak hor badituzu errazago zoaz entrenatzera. Nik uste pilota beti izan dela eta gero ere, jarraitu nahi badu, gehiago izango dela herri txikietako kirol bat herri handietakoa baino», azaldu du.
Pandemiaren kalteak
Gizarteko beste alor guztiak bezala, covi-19ak eragindako pandemiak erabat baldintzatu du pilota eskolen jarduna ere. Lizartzan, esaterako, erabat etenda dago eskola bestelako abisurik ematen ez dieten bitartean. Amezketan, berriz, asteon bertan berrekin ahal izan diote jardunari, zenbait astez ateak itxita egon ostean. «Lehen konfinamendua bukatu zenean, irailean, ikasturte hasieran, normal hasi ginen. Iaz talde batean egiten nuen lan, eta, aurten, izen emateak ugaritu direnez, bitan banatu ginen eta talde bakoitzeko haurren kopurua jaitsi egin zen. Egia esan, covidaren beharretara bikain moldatu gara; guztira uste dut hogei inguru dabiltzala, bi taldetan banatu eta aukera daukat, frontoia bitan banatuta izanda, sei aurrean ibiltzeko eta beste sei edo tokatzen direnak atzean. Egun batzuetan batzuk aurrean eta hurrengoan besteak. Maskararekin eta abar, holaxe aritu gara legeak utzi duen bitartean, eta, orain, momentuz, geldi gaude», azaldu digu Jakak, berriz lanean noiz hasiko diren aurreikuspen handirik gabe.
Egoerak batere laguntzen ez badu ere, Amezketan 25 haur ingururekin hasi ziren, baina izen emateek gora egin zuten eta egun 30etik gora izango dira izena emana duten haurrak. Gehiago izatera ere hel daitezkeela uste du Jokin Altunak. Dudarik gabe, bera edo Erik Jaka bezalako irakasleak izatea erakargarri bikaina da. «Frontoira joan eta pilotariak ez dira irteten perretxikoak bezala, horren atzean lan handia dago eta nik, egia esan, suerte handia izan dut, 18 urte izan arte klub hau beti egon baita nahiko indartsu. Guk izan genuen zortea hori izan zen, eta orain hori nahi dugu indartu. Entrenamendua bukatu eta gure ondoren bi urte zaharragoak aritzen ziren, gero lau urte zaharragoak, gero sei… denek jarraitzen zuten entrenatzen. Nik uste dut gauza polita dela zuk entrenamendua bukatu eta zu baino zaharragoak, afizionatuak direnak, nola ari diren entrenatzen ikustea. Zuk horra heldu nahi duzu aurrena, profesionaletara baino. Pixkanaka etapak erretzen joan nahi duzu eta nik beti izan diet nik baino zaharragoei eta gazteagoei miresmen handia. Alde horretatik, ikusten nituen Elurbe, Haritz, Beloki, Ekaitz... asko ibiltzen ziren, Gallurralde... orain lagunak ditudan jendea, baina momentu haietan haiek bezala jokatu nahi izaten nuen. Orain kadete mailara arte baino ez ditugu pilotariak. Kadeteetatik aurrera ere nahiko genuke ea jendea pixka bat animatzen den, umeek ikusteko, behetik hasita, nolakoa den bidea», azaldu du Altunak.
Erik Jakak ere onartzen du, bera pilota eskolan aritzeak erakargarriago egin dezakeela zenbait umerentzat frontoirako apustua. Gogoan du nola, bera haurra zela, Mikel Olaetxea bezalako pilotarien ondoan aritzeak zirrara berezia sortzen zion. «Dudarik gabe, ni afizionatutan nenbilen garaian, Mikel profesionala zen eta beti tiratzen dizu. Mikel frontoira joaten ikusten nuenean ni ere saiatzen nintzen beti joaten zer egiten zuen ikustera, ikasteko eta abar, eta nik hori sentitzen dut orain. Igual frontoira joaten naiz ariketa batzuk egitera takoak jarrita eta kristoren poza ematen dit aurrean umeak ikustea pilotan eta atzean ere umeak daudela ikustea. Joaten naiz eta eurekin tanto batzuk jokatu eta frontoia uzten dizute ariketak egiteko. Eta entrenatzen ari zaren bitartean begira-begira ikusten dituzu, pilotak biltzen laguntzen dizute... Nik uste nik lehenago Mikelekin sentitzen nuen sentsazio hori bera orain eurek sentitzen dutela nirekin, eta zer hobe horrek gerora begira pilotan segitzeko laguntzen badie!», azaldu du. Pilotak iraungo badu, horrelako txapeldunen lana, eta txapelik gabe baina izugarrizko borondatearekin beste zenbait herritan aritzen direnen lana, inoiz baino beharrezkoagoa da.