Estibalitz Ezkerra

Koloreak (I)

Gauza jakina da koloreen esanahia aldatu egiten dela kultura batetik bestera, eta kultura berean kolore bakarrak hainbat esanahi izan ditzakeela testuinguruaren arabera. Ameriketako Estatu Batuetan, egutegi kristaua jarraitzen duten Mendebaldeko beste herrialde batzuetan bezala, urteko azken hilabetean gorriak, berdeak eta zuriak Gabonak adierazi nahi dituzte. Kolore eta data asoziazio jakin hori aintzat hartuta, Seattlen kafetegi independente gisa hasi eta urteekin konpainia multinazional bihurtu den Starbucks katea, motibo gorri, zuri eta berdeekin apaintzen hasi zen duela urte batzuk kafea eta kafea ez diren edariak zerbitzatzeko erabiltzen dituen kartoizko edalontziak. Helburu kapitalista hutsekin abiaturiko kanpaina arrakastatsua izan zela esateak ez lioke edalontzien fenomenoari justiziarik egingo. Izan ere, jende arruntari galdetu eta askok esango dizute AEBetan Gabonen hasiera, besteak beste, Starbucksen edalontzi diseinuaren iragarpenak markatzen duela (koloreei eutsi arren diseinuak aldatu egiten dira urte batetik bestera). Pentsa, komunikabideek beraiek ere albiste bihurtu dute publizitatea besterik ez den auzia.

2015ean, artean telebistan ateratzen zen ahoberoa besterik ez zen Donald Trumpek, Starbucksen Gabonetako edalontziak boikotatzera deitu zuen. Zergatik? Hainbat bezeroren kritikak aintzat hartuta Starbucksek kristauzentrismoan oinarrituriko motiboak baztertu eta “inklusiboagoa” zen diseinua aukeratu zuelako. Izan ere, azarotik urtarril erdialdera arteko epean hainbat jai ospatzen dira kristauak direnez aparte.