Dabid Lazkanoiturburu

Indiako nekazariek ez dute Gobernu hindu-liberalaren aurrean amore emango

Milaka eta milaka nekazari kalera atera ziren duela hilabete Modi lehen ministro hinduzaleak sektorean inposatu nahi duen «liberalizazioaren» aurka, lege berriak merkatuaren menpe utziko dituelako.

Nekazarien protesta Amritsarren. (Narinder NANU/AFP)
Nekazarien protesta Amritsarren. (Narinder NANU/AFP)

Milaka eta milaka dira New Delhi inguruan eta India osoan Narendra Modi lehen ministroaren Gobernuak onartu berri dituen hiru legeen aurka altxatu diren nekazariak.  Protestek 30 egun bete dute eta BHP alderdi hinduzalearen Exekutiboak bere horretan jarraitzen duenez, kalean jarraituko dute.

Hiribururako hainbat sarrera moztu dute nekazariek. Ghazipurrekoan gogor eusteko asmoa dute. Lurra lantzeak ematen dien indarrarekin, eta bertan jarraituko dute exijitzen dutena lortu arte.

«Hilabete osoa daramat bertan eta legeak bertan behera utzi arte bertan jarraituko dugu.  15 egun, beste hiru hilabete… ez dugu amore emango», dio Jaideep nekazariak, iparraldeago dagoen Uttar Pradesh estatutik etorri den gizon sendoak.

Jaideep-ek «denetatik» lantzen du: garia, arroza, azukre-kanabera, lekaleak… Eta bat dator nekazarien sindikatuen aldarrikapenekin: lege berriak aldatu egin behar dira eta, orainarte bezala, Sostengurako Gutxieneko Prezioa (SGP) bermatu egin behar da.

Indiak independentzia lortu zuenetik gobernuek SGPa ziurtatu izan diete nekazariei, «merkatu askearen» menpe gera ez daitezen.

Oihuka eta ukabilak gora errepikatzen dute aldarrikapena Ghazipurren asanbladan eserita dauden nekazariek, ikur komunisten eta hainbat nekazari-erakundeen sinboloen artean, mikrofonotik agintari sindikalek Modi Gobernuaren desafioari eusteko dei egiten duten bitartean.

Prest daude: gaueko hitzari aurre egiteko egurra pilatuta, botikak banatzeko postuak, patata eta lekale zakuak jantokietan eta lo egiteko dendak... Dozenaka traktore kanpamendua inguratzen dute poliziaren ateraraztea ekiditzeko.

Indiako Auzitegi Gorenak bermeak eman dizkie nekazariei indarkeriarik gabeko protestekin jarraitzeko eta poliziari manifestarien aurka indarkeria erabiltzea debekatu dio,  fiskaltza nagusiak New Delhirako sarrerak libratzeko baimena eskatu zion arren.

Gobernuak bereari eusten

Gobernuak lege hauek beharrezkoak direla errepikatzen du, nekazaritzak bizi duen «hamarkadetako atzerapena gainditzeko». Are gehiago, Indiako 100 milioi nekazariek «bitartekariekin euren terminoetan prezioak negoziatu ahal izango dutela», ziurtatzen du.

Modi lehen ministroak berak nekazariei heldu zitzaien internetetik agerraldi batean eta laborantzengatik prezio justua eskuratzea bermatuko diela agindu zien. Hori nahikoa ez eta SGPa desagertu ez, baizik eta produktu gehiagotan aplikatuko dela ziurtatu zuen.

«Nekazal erreforma hauei esker baldintza hobeak izango dituzte. Nekazariek nahi dutenari saldu ahalko dizkiote euren produktuak, preziorik onena lortuko duten edonon», gaineratu zuen.  

Zergatik atera dira orduan kalera nekazariak?

«Oposizioak bultzatu duen intoxikazio kanpaina baino ez da», diote gobernu-iturriek.

Nekazal sindikatuek, ordea, Modiren agindua iruzurra baino ez dela argi dute eta «gezurrak agerian uzteko» kanpaina abiatu dute.

«Gure jarrera ez da batere aldatu. Lege hauek indargabetu behar ditugu, ez dutelako diru-sarrerak bermatzen», azaldu du Avik Sahak,  AIKSCC sindikatuaren bozeramaleak.

Gobernuak ekonomisteei dei egin die lege aldaketak defenda ditzaten. Nazioarteko Moneta Funtsean Indiarako zuzendaria den Surjit S Bhalla etengabe dago telebistan, «nekazari aberatsenei mesede egiten dien sistema kolonialaren amaiera» txalotuz, eta nekazariei «askatasuna emango dien salmentaren liberalizazioa» aldarrikatuz.

Hala ere, bada legeak gogor kritikatzen dituen aditurik. Munduko Bankuan ekonomialari-buru izan zen Kaushik Basuk azaldu duenez, «irakurri ditut Indiako nekazal lege berriak et akats larriak dituztela konturatu nahiz, nekazariak gogor kaltetuta aterako dira», ohartarazi du. «Gure nekazal erregulazioa aldatu beharra dago, bai, baina lege berriek interes korporatiboen alde egingo dute, ez nekazarien beharren alde», amaitu du Basuk Twitterren.