NAIZ

Nicolas Larroquet, Ahetzeko auto-gidaria, Dakar lasterketan lehen aldiz abiatzeko prest

Saudi Arabian, urtarrilaren 2tik 15era, izanen da Dakar lasterketa. Eta bertan izanen dira Nicolas Larroquet eta Stephane Duple lapurtarrak. «Ametsa egi bihurtuko da», adierazi du Larroquetek bere lehen parte-hartzearen atarian.

Urtarrilaren 2an abiatuko da Dakar lasterketa.
Urtarrilaren 2an abiatuko da Dakar lasterketa.

Larunbatean, urtarrilak 2, abiatuko da Dakar moto, auto eta kamioi lasterketa, Saudi Arabaian. Atariko bat eta 12 etapa izanen dituzte aurretik eta Jeddah-ko irteera puntuan euskal herritar bat izanen da. Nicolas Larroquet Ahetzeko auto-gidaria lehenbizikoz arituko da proban.

‘Sud Ouest’ egunkarian adierazi duenez, «ametsa egi bihurtuko da» irteera hartzearekin batera. Motorraren gainean sei aldiz izan da Frantziako txapeldun Larroquet. Orain lau gurpiletara eginen du salto. Bertan izanen da ere Sthepane Duple baionarra, seigarren aldiz, kopilotu lanetan.

Lasterketaren 43. edizioa izango da 2021 hasierakoa, bigarrengoz Saudi Arabian. Larunbatean, atarikoak, irteera ordena zehazteko balioko du, baina benetako lehia igandean hasiko da 277 kilometroko proba «labur» batekin. Pistak izanen dira protagonista, nahiz-eta etaparen erdialdean arroka eta harri ugari topatuko dituzten, hauek dakartzaten arriskuekin.

Bisha eta Wadi Ad-Dawasir batuko ditu bigarren etapak, 457 kilometrotan. Horietako 30-40 inguru duna artean egin beharko dituzte. Hirugarren etapan Empty Quarter basamortuan ibiliko dira eta laugarrenean Riyadhen topatuko dute helmuga.

Arriskua bosgarren etapan areagotuko da, etapa luze, 419 kilometro, eta tranpaz jositakoarekin. Dunek eta arrokek bati baino gehiagori ezusteren bat emango diote. Eta zer esanik ez, seigarrenean. Bere 485 kilometroak harean egingo dituzte, moto-gidarientzako etapa zailenetako bat bihurtuz. Goiz iristen badira helmugara, hori bai, izanen dute atseden hartzeko beta. Izan ere, hurrengo egunean ez da lasterketarik izanen.

Baina atsedenetik bueltan maratoi etaparekin eginen dute topo. 471 kilometro Sakakaraino gerturatzeko. Denetatik izanen dute bidean: zonalde azkarrak, dunak, harrizko pistak. Matxurek izango dute zer esan. Biharamunean, maratoi etaparen bigarren parteak 375 kilometro izanen ditu, Neomeraino eta Saudi Arabaiako zonalde ikusgarrienetako batzuk gurutzatuko dituzte.

Itsaso Gorriak hartuko du bederatzigarren etaparen irteera. Gozatzeko segundo bat hartu eta abiadura handiko etapa aurretik, nahiz-eta hareak ere izanen duen bere tokia. Balantza horretan ongi mantentzea izango da gakoa.

Bailara ezberdinen artean ibiliko dira hamargarren etapako 342 kilometrotan. Azkar bai baina galtzen erraza izan daitekeen ibilbidean ariko dira edizioko etapa luzeenaren aurretik. Izan ere, azkenaurrekoa izango da 2021eko egunik luzeena. 511 kilometro, eta horietako 100 inguru duna zonaldeetan. Bertatik lehen postuan irteten denak asko izango du irabazia.

Baina ez dena. 225 kilometro geratuko zaizkio Jeddah-ra itzultzeko. Itsaso Gorriaren inguruko dunak izango dira azken zailtasuna garaipena edo lasterketa bera amaitu dutela ospatzeko.