Arnaitz Gorriti

Bilbao Basket eta GBCren arteko derbiak salbazioa baino kondena ekar dezake

ACB Ligako azken bi postuetan daude bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Irabazleak oraindik ere egoera larrian jarraituko badu ere, galtzailea neurri batean maila mantentzearen borrokatik at geratzeko arriskuan geratuko litzateke, nahiz eta oraindik itzuli oso bat falta Liga Erregularra amaitzeko.

Gipuzkoa Basket nagusi izan zen Miribillan jokatu zuen azken euskal derbian. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Gipuzkoa Basket nagusi izan zen Miribillan jokatu zuen azken euskal derbian. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Hiperbolea eta dramatismoa kirol kazetaritzak sarritxotan errepikatzen dituen pekatuak badira ere, batzuetan egiaren antzik badute. RETAbet Bilbao Basket eta Acunsa GBCk igandean Bilbao Arenan 16.00etatik aurrera jokatu beharreko euskal derbian irabazteko baino galtzeko gehiago dute biek ala biek. Hala bizkaitarrak, hiru garaipenekin, nola gipuzkoarrak, birekin, ACB Ligako azken bi postuetan daude.

Garaipenak ez ditu besterik gabe zulotik aterako, baina porrota sekula baino kaltegarriagoa izango da galtzailearentzat. Oraindik itzuli oso bat eta gehitxoago faltako bada ere ACB Ligako Fase Erregularra amaitzeko, Miribillako derbia galtzen duena ACB Ligan mantentzeko borrokatik kanpo geratuko da behin behinean, eta sekulako erreakziorik ezean –sekulakoa eta berehalakoa, gainera–, borroka horretara itzultzeko komeriak izango ditu.

Azken jardunaldietako emaitzei eta jokoari so eginez, Bilbao Basket da faborito garbia. Fuenlabradan aurkari zuzen bati irabaztea lortu zuen, ostean Unicaja eta Burgosen aurka galdu arren itxura txukuna emateko. «Tarteka saskibaloi ona egiten ari gara, baina garaipenak behar ditugu nola hala», onartu zuen Alex Mumbru entrenatzaileak Burgosen 96-86 galdu ostean. Izan ere, egun hartan bilbotarren porrotaz gain Betisek ezustean 111-114 irabazi zion Unicajari luzapenean, eta azkenaurreko postuari hanka egin zion Sevillako taldeak.

Hala, igande eguerdi osteko partidari begira, Mumbruk ez du konfidantzarik nahi. «Gipuzkoa Basketek baditu armak. Echenique lako pibot bikaina dauka, Johnny Dee ere jartitzaile aparta da eta aurreko asteetan kapaz izan da atzetik aurrera egin eta partidarik irabazteko ere», adierazi du derbiaren bezperan. Hargatik, «nahiz eta nire taldea hazten jarraitzeko prest ikusten dudan, derbia alde txikiaz erabakiko dela uste dut», gaineratu du.

Presioari ihes egin

Bilbao Basketen egoera kezkatzekoa bada, zer esan Gipuzkoa Basketi buruz. Orain arte ez da gauza izan Illunbetik at garaipenik pilatzeko eta ondoen jokatu duen neurketetan ere minutu txarren erruz arerioek alde handiaz irabazi diote, edo estuasun handirik pasa gabe behintzat.

Marcelo Nicola entrenatzailearen ustez, neurri baten «jokalarien buruan» dago Gipuzkoa Basketen arazorik larriena. «Gu geu izaten saiatu behar dugu. Presioa albo batera laga, ihes egin, eta lehiaketarekin gozatu», adierazi du entrenatzaile argentinarrak.

Nicolak ere loriak izan ditu talde bizkaitarrarentzat. «Kanpotik jaurtitzaile finak dituzte eta beraientzat sistemak lantzen ditu Bilbao Basketek. Horrez gain, aintzat hartu beharreko jokalariak dituzte eta derrigor geratu beharko ditugu», esan du.

Miribillan talde hauek biek elkarren aurka jokatu zuten azken aldia 2018ko martxoaren 4a izan zen. Orduan ere Bilbao Basket larri zebilen eta maila galdu egin zuen gainera. Gipuzkoa Basket, aldiz, Porfi Fisacen eskutik maila bikainean aritu zen denboraldi osoan eta, hala, 71-74 nagusitu zen talde donostiarra betzezko gizonen aurrean. Igandean biei ere ereki etorriko zaie garaipena, porrota kondena baten antzekoa izango da-eta.

Saski Baskonia laugarren postuaren bila

TD Systems Baskoniak, berriz, Ibon Navarroren Morabanc Andorra jasoko du Buesa Arenan, 18.30etan hasita. Gasteiztarrak bolada onean daude, ACB Ligan Zaragozari irabazi eta Euroligako azken bi neurketetan ere garaipena lortuta –Valentziaren aurkako azkena, batez ere, 17 puntu atzetik joan ostean 71-70 nagusitu baitzen–.

Koparako sailkapena aspaldi poltsikoratu zuen talde arabarrak, baina orain lau aurrenekoen artean bermatzea du xede Dusko Ivanovicen lantaldeak. Laugarren doaz ACB Ligako sailkapenean gasteiztarrak, 12-4ko balantzeaz. Baina Burgos garaipen bakarrera dago eta Baskoniak baino average orokor hobea daukanez, Joan Peñarroyarenek laugarren postua kenduko liokete Baskoniari aurreneko itzulia berdinean amaituko balute.

Horrez gain, Andorrak ere merezi du aipamenik. Covid-19aren erruz, gasteiztarrek baino bi partida gutxiago jokatu dituzte orain arte eta 7-7 balantzearekin, Kopatik at geratzeko arrisku larrian daude. Ibon Navarrorenek behar baino hutsegite handiagoak egin dituzte –Donostian hanka egiten utzi zuten neurketa, kasu– eta lesioekin ere ez dute bakerik izan. Hannah, Senglin edo Bandja Sy lako jokalariak izanagatik, Moussa Diagne eta Tyson Perez gabe beren barruko jokoak asko galtzen du. Hargatik, Malik Dime berreskuratu du Ibon Navarrok eta Artsion Parakhouski pibot bieloerrusiarra ere fitxatu berri du.

Oro har, Baskoniak Andorraren aurka nahi bezala moldatu da etxean, baina iaz bertan, Dusko Ivanovicen aginduetara egonagatik, 73-77 galdu zuen.