NAIZ

Lakua eta Aldundia Europako funtsetan Aiaraldeaz ahaztu izana deitoratu du EH Bilduk

EH Bilduk Lakuako Gobernuaren eta Arabako foru Aldundiaren jarrera kritikatu du, eta zortzi proiektu «estrategiko» proposatu ditu Aiaraldea sustatzeko. Horien artean, eskualdeko ospitalea edo aldiriko trenaren zerbitzuaren hobetzea.

Joseba Vivanco, Iñaki Ibarluzea eta Lamia Arcas. (EH BILDU)
Joseba Vivanco, Iñaki Ibarluzea eta Lamia Arcas. (EH BILDU)

Lakuaeta Arabako foru Aldundia Next Generation Europako funtsetan Aiaraldeaz ahaztu izana deitoratu du EH Bilduk eta zortzi proiektu «estrategiko» proposatu ditu eskualderako. Proiektuen artean, eskualdeko ospitalea edo aldiriko trenaren zerbitzua hobetzea nabarmentzen dira.

EH Bilduko ordezkariek Laudioko Kasinoan izandako agerraldian azaldu dutenez, 31 milioi euroko inbertsioa beharko litzateke proiektuak aurrera eramateko eta inbertsio horren zatirik handiena (10 milioi) Aiaraldeko Ospitalea sortzeko erabiliko litzateke.

«Izan ere, 40.000 biztanletik gorako biztanleriarekin, EH Bilduk bat egiten du biztanleriaren gehiengoaren eskaerarekin, eta ospitale hori eraikitzeko konpromisoa hartu du, azterketa sakon bat eginez, egungo osasun ibilbide amaigabeen azterketatik eta herritarren parte-hartzearekin zein zerbitzu diren zehazteko», azaldu du.

Aldiriko trena

Halaber, aldiriko trena indartzeko bost milioi euro bideratzea proposatu dute EH Bilduko zinegotziek. Azpiegiturak eta geltokiak espazio «seguruak, irisgarriak eta oztopo arkitektonikorik gabeak izatearen alde» egin dute.

Eta bost milioi euroko inbertsioa eskatu dute Nerbioi ibaiaren parke linealerako, Amurrio-Delika zatia amai dadin. «Tarte hori amaitzeak aukera emango luke, halaber, zeharkatzen dituen udalerrietan zehar dauden oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide-sare bat sortzeko, baita eskualdeko bizitegi-, industria, eskola eta turismo inguruneekin ere», esan dute.

Europako funtsen dirua sukalde sistema zentrala sortzeko erabiltzea ere proposatu dute. «Sukalde horrek elikadura-zerbitzua emango lieke zaharrei, pertsona lagunduei, hirugarren adinekoen egoitzei, ikastetxeei, behar bereziak dituzten pertsonei, jantoki sozialei, enpresei, partikularrei...».

«Beste gobernantza eredu baten alde egiten dugu: askotan luzatu diogu eskua Gobernuari arlo honetan ekarpenak egiteko, baina, egia esan, gaur egun ez dago proiektu estrategiko horiei buruz eztabaidatzeko fororik. Aiaraldeak ezin du aukera hau pasatzen utzi eta gure proposamena errealista da eskualdeko proiektu handiei erantzun ahal izateko», azaldu du Joseba Vivanco Artziniegako alkateak.