NAIZ

Pili Zabalak Fiskaltzan Felipe Gonzalezek GALekin duen lotura azter dadila eskatu du

Pili Zabalak, GALek hildako José Ignacio Zabalaren arrebak, idazki bat aurkeztu du Gipuzkoako Fiskaltzan, Felipe González Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALekin izan dezakeen lotura iker dadin eskatzeko.

Pili Zabala, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Pili Zabala, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Pili Zabalak, GALek hildako José Ignacio Zabalaren arrebak, idazki bat aurkeztu du Gipuzkoako Fiskaltzan, Felipe González Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALekin izan dezakeen lotura iker dadin eskatzeko.

Elkarrekin Podemoseko lehendakari izateko hautagai izan ondoren, koalizioa utzi zuen Zabalak, eta hilabete batzuk lehenago iragarri zuen GAL «ikertzen lagunduko zuen plataforma independente» bat sortzeko asmoa. Hala sortu zen B-Egiaz, zeinak GALek gauzatutako krimenak ikertzen jardun duen 2020ko irailetik. Bi urteko ikerketa zientifiko eta «objektiboa» bultzatuko du plataformak.

Gipuzkoako Fiskaltzan aurkeztutako ekimenean, Zabalak eskatu du ikerketa-eginbideak hasteko, «argitzeko» ea Felipe Gonzálezi salaketa jarri ahal zaion GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitera bultzatzeko delitua egiteagatik, edo «Gobernuko presidente izatea baliatu ote zuen giza eskubideen urraketa larriak gauzatu, finantzatu edo estaltzeko».

Hala, Fiskaltzak erabakiko balu delitu horiek preskribatuta geratu direla, Zabalak galdegin du Juan Carlos Gacría Goenaren heriotzaren auziari hel diezaion ikerketak, Madrilgo Auzitegi Nazionalean oraindik irekita dagoen prozesuari eutsiz. GALen azkenengo biktima izan zen Goena.

Besteak beste, Zabalak CIAk 1984an idatzitako txostena gogorarazi du bere idazkian –duela zenbait hilabete argitaratua–; txosten horrek González «terroristei legez kanpo aurre egiteko mertzenario-talde bat sortzearekin» lotu zuen.

Aurrekariak

Fiskaltzari bidalitako idazkian, CIAren txostena gogora ekartzeaz gain, beste zenbait gogorarazpen egin ditu Zabalak. GAL Estatu frantsesean sartu aurretik, 1983an, CESIDek ohar bat idatzi zuen, ‘Frantziako ekintzak’ goiburua zuena. Txosten honek jasotzen zuen nola jokatu behar zen ustezko ETAko kideen aurka, eta aholkuetako bat zen modurik onena zela bahitu ostean desagertutzat jotzea.

Bestalde, 2014an, Eduardo Serra orduko Defentsa ministroak La Sexta kateko programa batean onartu zuen bera zela Gonzalezi «ETAren aurkako borrokan modu bidegabean lagundu izana leporatzen zioten» dokumentuak ez argitzearen arduraduna, inteligentzia zerbitzuek idatziak.

Robert Pandreau Jacques Chirac-en Gobernu frantseseko segurtasunerako ministroak egindako adierazpenak ere txertatu ditu idazkian Zabalak. 1986 eta 1988 artean Estatuko politika ‘antiterroristaren’ arduraduna zen, eta elkarrizketa batean aitortu zuen Gobernu espainiarrarekin «akordio» bat zeukatela. Hauek izan ziren bere hitzak akordio horren negoziaketan: «Nik dakidana emango dizuet, estradizioak martxan jarriko ditut, baina dena geratuko dut GALen atentatu anti-independentistak Frantzian gertatzen badira».