2017an bizi zuten amesgaiztoa berriro ere pairatzeko zorian dira euskal hegazti hazleak.
Hegazti gripea gero eta azkarrago zabaltzen ari da eta Landetan 600.000 ahate akabatu badituzte ere izurritea Biarno eta Zuberoa arteko mugaldera heldu da.
Julen Perez, Patrick Dagorret eta Cathy Chabalgoity arranguraturik agertu dira urtarrilaren 11n hedabideen aurrean.
Chabalgoityk uko egin zion, badira hiru urte, bere etxaldean hazten dituen ahateak hiltzeari. Auzia egin zioten Pauen eta jujeak finean zigorgabe jo bazuen ere, gaur berriz bere kezka jarri du mahai gainean.
Albaitaritza zerbitzuek oraingo honetan departamenduen arabera kudeaketa bereizteko asmoa agertu dute. Edonola ere, laborariek argi daukate euskal ahate hazleak ez direla prest beraien hegaztiak hiltzeko.
Bertze behin ere hegazti gripea ez dela fatalitate bat baizik eta «laborantza eredu zehatz baten ondorioa» nabarmendu dute Euskal Herriko Laborantza Ganberaren egoitzan, Ainhize-Monjolosen, eginiko prentsaurrekoan.
Patrick Dagorretek salatu duenez, «hegaztien garraiatzeak sortzen du arazoa».
Hala, Euralis, Maisadour edo Lur Berri bezalako ekoizle handiek –ekoizpenaren hiru laurdenak banatzen dituzte hiruren artean– ahategiak berlokalizatu beharko lituzketela defendatu du.
Hiru ahate hazlek zirkuitu laburra hobesten duen laborantza eredua babestu dute.
Bertako ahate arrazak aire librean hazten dituzte, tamaina tipi edo ertaineko etxaldeetan. Hala, gaixsotasunaren aurkako txertorik onena eredu horretan sakontzea dela berretsi dute.