NAIZ

Epaiketa berri bat Kote Cabezudoren aurka, agintaritza judizialari desobeditzeagatik

Ostegunean izango da Kote Cabezudoren aurkako hirugarren epaiketa, agintaritza judizialari desobeditze larria egitea leporatuta. Argazkilaria behin-behineko espetxealdian dago eta, guztira, 47 delitu egozten dizkiote, tartean «sexu-abusuak», «haur pornografia egin eta banatzea» eta «iruzurra».

Kote Cabezudoren aurkako protesta. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Kote Cabezudoren aurkako protesta. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Datorren ostegunean izango da Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako hirugarren epaiketa, kasu honetan agintaritza judizialaren aginduei desobedentzia larria egiteatatik. ‘Kote Cabezudoren biktimontzat justizia’ plataformak ohar bidez azaldu duenez, Fiskaltzak zortzi hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen du, bere biktimen irudiak Internetetik ezabatzeari uko egiteagatik, epailearen agindua ez betez.

Plataformak ohar batean gogoratu duenez, 47 delitu egotzi dizkiote Cabezudori: «haur pornografia egin eta banatzea; iruzurra, irainak, sexu-abusuak eta dagoeneko preskribatuta dauden adingabeen aurkako bortxaketak».

Modelo adingabe baten kontratuak faltsutzeagatik zigortu zuten iragan maiatzean eta bi urtez luzatu diote behin behineko espetxealdia.

«Zazpi urteko prozesuaren ondoren, eta 2013an lehen salaketa jarri zutenetik, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra baino ez diote ezarri, 2019ko otsailaren 5eko auto baten bidez, hertsapen eta Justizia oztopatzeagatik. Horretaz gain, 5 urteko espetxe zigorra ezarri zitzaion bigarren kondena bat ere badu, abusatutako nesken kontratuen datak manipulatzeagatik, argazki sesioetan adin nagusikoak izango balira bezala agertu zitezen», adierazi du.

Eta «Donostiako gizartearen gehiengoaren isiltasun mediatiko eta instituzionala» salatu du, «nahiz eta frogak eskura izan eta kasuaren larritasunaren jakitun izan». «Ezin dugu ahaztu Donostiako Udala bera Kote Cabezudoren web orrian bezero gisa agertzen zela, non aldi berean haur-pornografia banatzen zuen Cabezudok, justu hertsapen eta abusu kantitate gehien burutu zituen hamarkadetan».

Halaber, eskerrak eman dizkie salatzaileen lege-ordezkariei, «heriotza-mehatxuak, epaileen funts gabeko demanda eta kereilak eta presio politikoen arren, tinko jarraitzen dutelako». «Biktimak ordezkatzen dituen abokatuak 300.000 euroko demanda jaso zuen duela gutxi, oraingoan Odon Elorzaren eskutik, 2020ko abenduaren 1ean Mario Díez abokatuaren aurka jarritakoa. Beste behin, hiriko alkate ohiak Kote Cabezudo bere lagun eta argazkilariaren kasuan zein duen jarrera duen erakutsi du, biktimen sufrimendua alde batera utziz eta hauei ikusezinak izango balira bezala sentiaraziz», azpimarratu du.