NAIZ

Barbado eta Zelaia gazteen aurkako epaiketa salatu du manifestazio batek Gasteizen

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aldeko manifestazio batek Gasteizko kaleak hartu ditu arratsaldean. Iraganera lotu eta gazteak konpromiso politikoagatik zigortu nahi duen prozesu «anakronikoa» salatu eta espetxeak hustu eta konponbide demokratikorako garaia dela aldarrikatu dute.

Barbado eta Zelaia elkarri besarkatuta, mobilizazioaren bukaeran. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Barbado eta Zelaia elkarri besarkatuta, mobilizazioaren bukaeran. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Hurrengo ostegunean Auzitegi Nazionalean Galder Barbado eta Aitor Zelaietaren kontra hasiko den epaiketa salatzeko manifestazioa izan da gaur arratsaldean Gasteizen, gazte bien alde sortu den Ankerkeria Stop herri plataformak deituta.

Manifestazioa Andre Maria Zuriaren Plazatik abiatu da, “Ankerkeria Stop! Aitor eta Galder aske!” leloa zioen pankartaren atzetik.

Galder Barbado amurrioarra izanik, Gasteizko mobilizaziora bertaratzeko kotxe karabanak irten dira arratsaldean bertatik, baita Laudio, Orozko eta Urduñatik ere.

Fiskaltzak zortzina urte espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatzen ditu Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrentzat, 2018an lehergailuak fabrikatzeko material piroteknikoa omen zeukan bidoi baten aurkikuntzarekin lotuta.

Herri plataformak salatu duenez, «erregimeneko estamentu faktikoak» Euskal Herria iraganari lotuta mantendu eta dinamika ezagun baten barruan euskal herritarrak espetxeratzeko butzada politikoa duen prozesu berri bat bultzatu dutela salatu du.

Gaineratu du Ertzaintzak ez zuela «inolako zalantzarik izan zelai batean abandonatutako bidoia terrorismoarekin lotzeko». Herri ekimeneko bozeramaleek esan dutenez, «agerian geratu da berriro Ertzaintzak Espainiako botereekin duen harremana, eta horrelako operazioekin euskaldun konprometituon aurkako errepresioa betikotu besterik ez duela nahi».

Amurrio eta justiziaren jokaera ezberdinak

“Aitor, Galder, herria zuekin” eta “Gazteria aurrera” oihuak entzun dira mobilizazioan zehar. Foruen Plazara helduta, bukaerako mezuan justizia espainola «guztiontzako berdina ez dela» salatu dute, eta Amurrion bertan Galder eta Aitor atxilotu baino hilabete lehenago polizia espainiar batek eragindako gertakaria gogoratu dute. «Polizia espainiar ohi batek familia ezagun baten leihoari tiro egin zion, euskal preso politikoak etxeratzearen aldeko banderola zintzilik zeukan leihoari. Poliziaren aurka kalte delitua, Galder eta Aitorrentzako kartzela zigorra», azaldu dute eskualdean oso ezagunak izan diren kasu bien aurrean eman diren erantzun ezberdinez.

Salatu dute, bestalde, botere mediatikoek kasuaz ez hitz egitea nahiko dutela, baina «horren aurrean guk gure armak erabiliko ditugu: elkartasuna eta gure arteko babesa».

Su Ta Gar musika taldeak manifestazioaren bukaerako ekitaldia itxi du.