NAIZ

Leioan agertutako gorpuzkiak adineko gizon batenak dira eta tiro inpaktuak dituzte

Leioako zelai batean atzo agertu ziren gorpuzkiak adineko gizon baten hezurdurarenak dira eta eskopetarekin egindako tiroen inpaktuak dituzte, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Ertzaintzak ikerketarekin jarraitzen du.

Atzo arratsaldean Leioako zelai batean aurkitutako gorpuzkiak adineko gizon baten hezurdurarenak direla zabaldu berri du Lakuako Segurtasun Sailak eta zehaztu du eskopetarekin egindako tiroen inpaktuak dituztela.

Aurkikuntza sastrakak kentzeko lanetan ari zen partikular batek egin zuen larunbat arratsalde honetan eta, abisua eman ostean, ikerketa abiatu du EAE Poliziak.

Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertaera 17:30ak aldera jazo zen Sarriena auzoko lursail batean. Ertzaintza bertaratu egin zen eta inguruak miatu zituzten, arrasto gehiagoren bila.

Argi faltaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten operatiboa eta gaurgoizean jarri dute berriz ere martxan.

Ikerketak aurrera jarraitzen du, gertatutakoa argizteko. Segurtasun Sailak azaldu duenez, gorpuzkiak Auzitegiko Medikuntzako Institutura eraman dituzte, eta hurrengo orduetan identifikatu eta autopsia egingo dute bertan.