Ikastolen Elkarteak jakinarazpen bat egin du, LOMLOE legea indarrean sartzen den egunean lege hau baloratzeko. Elkarteak nabarmendu du «ez dagoela alde handirik» LOMLOE legearen eta haren aurrekoaren (LOMCE) artean, eta haren «izaera zentralista» salatu dute.
«Lehenik eta behin kontuan izan behar dugu LOMLOE legea, aurrekoak bezala, organikoa dela, eta horrek esan nahi du haren artikuluen zati bat (azken xedapenetako zazpigarren eta bosgarren puntuetan aipatutako artikulu guztiak) autonomia-erkidegoek nahitaez bete behar dituztela», azaldu du Ikastolen Elkarteak.
Gainera, Elkarteak kritika du LOMLOEk ere espainiar Estatuaren esku uzten dituela «hezkuntza sistema bat eratzeko elementu garrantzitsuenak» eta berriz ere agerian geratzen direla aukera urriak eta eragozpenak «kalitatezko hezkuntza sistema propioa, berritzailea eta bidezkoa eraikitzeko». Haien ustez, horrek argi uzten du «LOMCEK bezala, izaera zentralista duela nagusiki».
Arlo pedagogikori dagokionez, Ikastolen Elkarteak nabarmentzen du «aurrepaso txiki batzuk ematen direla», hala nola, hizkuntza propioa duten erkide autonomikoen esku geratzen den curriculumaren ehunekoa handitu egiten da. Hala ere, Elkartea curriculum osoaren eskumenaren alde agertzen da.
Zentzu honetan, legearen «alderdi ilunak» ere nabarmendu ditu. Adibidez, selektibitateari ezaugarri berberekin eusten zaiola kritikatu du, «edukietan oinarritutako eta prozesu memoristikoak sustatzen dituen eredua». Elkartearen ustez, hezkuntza formala eta ez formala bereizten ditu eta ebaluazio arloan ez da aipamen zehatzik egiten; egungo sistema edukien kalifikazioan zentratzen da eta ez du aukerarik ematen «ikasleen gaitasunak» ebaluatzeko.
Alderdi «ilunen» zerrenda honetan, honakoak ere aintzat hartu behar direla uste du: «aurreko legeen izaera eta ideia zentralistari eta jakobinoari eusten dio, berriro ere udalak eskumenik gabe geratzen dira, eta ikastetxeen benetako autonomia ez da agertzen». «Berriro ere gizarte eta administrazioaren elkarlana bideratzeko aukera galdu dela pentsatzen dugu; berriro ere publiko-pribatu dikotomiaren eta eztabaida faltsuaren aurrean gaude».
Beraz, Elkarteak aldarrikatzen du LOMLOE ere ez dela bere eredua, «ezta azken 35 urteetan Hezkuntza lege organiko ugari aldatu eta ezarri digun hezkuntza testuingurua ere, lege guztiek euskal herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza sistema mugatu eta baldintzatu baitute».
Euskara
Amaitzeko, eta euskarari dagokionez, 38. xedapen gehigarria aipatu du. Beronen bidez, bi erkidegoetako gobernuek beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte ikasle guztiek euskarazko komunikazio gaitasuna osoki garatzeko. Gaztelaniari dagokion «komunikazio-hizkuntza» kontzeptua desagertzeaz harago, hainbat neurri hartzeko aukera ematen duela dio, ikasleek euskaraz kalitatezko komunikazio gaitasuna lortu dezaten.
Dena den, hori gauzatu ahal izateko, euskal hezkuntza sistema arautzen duen hurrengo legeak ezarri behar duela euskara dela komunikazio-hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza euskal hezkuntza sisteman, azaldu duenez. «Beraz, aukera paregabea dugu EAEn garatuko den hurrengo hezkuntza legean euskarari behar duen bultzada emateko».