Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Pello Otxandiano
Sortuko herrigintzako arduraduna

«Euskarak komunitate nazional kohesionatu bat behar du»

Sortuk gidatutako Plaza Hutsa ekimenaren baitan, euskara eta euskalgintza ekarriko dituzte plazara bihar eta hurrengo ostiralean telematikoki egingo diren jardunaldiekin. Orain bi urte hasitako prozesu sakon bati emango zaio segida bertan.

Pello Otxandiano, Sortuko herrigintzako arduraduna. (Jon URBE/FOKU)
Pello Otxandiano, Sortuko herrigintzako arduraduna. (Jon URBE/FOKU)

Euskara eta euskalgintzaren inguruan arituko zarete. Zeintzuk izan ziren gai hau hautatzeko arrazoiak?
Ariketa hau orain dela bi urte hasi genuen. Orduan bi errealitate ikusten genituen. Batetik, ezker abertzalean berrikuntza baten beharra; historikoki ezker abertzaleak ekarpen handia egin du euskalgintzan, baina barne ariketa bat behar zen ikuspegi estrategikoak erabaki eta kohesioa sortzeko, ezker abertzalean euskalduntzearen eta berreuskalduntzearen baitan. Bestetik, euskalgintzaren egoera kezkaz ikusten genuen. Euskalduntze prozesu baten agorpena ikusten genuen, diagnostiko hori mahai gainean genuen eta, horrekin batera, euskalgintza, mugimendu sozial bezala, oso ahuldua zegoen. Bi faktore horiek eraman gintuzten horrelako prozesu bat abiatzera. Prozesu hau EH Bilduren eta Sorturen kongresuen testuinguruan bukatuko da. Ateratzen diren ondorioak kongresu prozesu horietan depositatuko ditugu.

Euskal kultura zahar-berritzeko premia identifikatu duzue, beraz? Jauzi bat ematekoa?
Badago tentsio bat, tentsio zahar bat. Burujabetza prozesuak eskatzen dituen artikulazio zabalen eta euskalduntze prozesuaren artean. Guk uste dugu hori tentsio bezala bizi behar dela, emankorra eta sortzailea izan ahal baita. Gu ahalik eta herri sektore gehien biltzen ari gara proiektu demokratizatzaile batera. Herri sektore horiek oso zabalak dira, eta Euskal Herrian errealitate soziolinguistikoa dena da, euskal hiztunak edo ez direnak. Bestetik, hiztun komunitate bat daukagu, eta euskara eta euskalduntzearen egoera konkretu bat. Tentsio hori pentsatzeko behar dugu, lehenengo eta behin, gure buruarengan konfiantza izan. Pentsatu behar dugu nola bilakatuko ditugun bi prozesu horiek, euskalduntzea eta Euskal Herriaren burujabetza prozesua, elkar elikatu daitezen. Tentsio horiek pentsatzen hasita, guk esaten dugu: euskalduntze prozesua burujabetzaren prozesutik kanpo planteatzea ez da aukera bat. Euskarak burujabetza materiala behar du, komunitate nazional kohesionatu bat. Are gehiago globalizazioaren garaian, digitalizazioaren garaian eta inoizko euskal gizarte anitzenaren garaian. Aldi berean, euskalduntzeak jauzi kualitatibo bat behar du, eta behartuak gaude pentsatzera tentsio hori nola egingo dugun emankor. Orain arte ekarri gaituzten dogma batzuk baliagarriak izan zitezkeen, baina hemendik aurrera pentsatu egin behar ditugu.

Pandemiak eragingo du jardunaldien edukian?
Bai, zeren pandemiak euskararen errealitatean ere eragin du. Benetan erakutsi du euskararen posizio sinbolikoa zein den. Kezkaz ikusten dugu momentu honetan dagoen dinamika soziopolitikoa. Esango genuke ez goazela bide onetik. Ikusten dugu diskurtso liberal bat indarra hartzen ari dela; asko esaten da euskararen etorkizuna euskal hiztunon gain dagoela. Hortik iradokitzen da bakoitzarena, indibidualki, dela euskalduntzearen ardura. Oso presente dago ideologia hau, pandemiarekin ikusi da. Instituzio nagusiek ardura publikoak herritarren gain jartzen dituzte, eta pandemian zehar euskara bazterrean utzi da. Momentu gakoetan gaztelera hutsez komunikatu du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Horrekin bidaltzen duten mezua da, gauza serioetaz hitz egiteko momentuetan euskara soberan dugula. Eta mezu hori hilgarria da euskararentzat.

Gogoeta-fasea amaitu ostean, «Euskalduntze fase berri baterako gogoetak» dokumentua osatuko duzue. Zer bide egingo du lan honek?
Dokumentuak bi esparru landuko ditu. Batetik, hizkuntza politika baten beharra daukagula, eta ariketa hori burutu behar dugula atzerapenik gabe. Bestetik, euskalgintza herri mugimendu bezala arnasberritzearen beharra daukagula. Lehenengoari begira, ematen du eztabaidari beldur zaiola, agian iraganean gatazkak dena zipriztindu duelako, eta badago halako trauma bat. Baina ezinbestekoa da euskararen inguruko diskurtso eta proposamen ezberdinak egotea eta lehia ideologikoa egotea, euskara auzi politikoa delako. Hizkuntza politikaren berrikuspenak egiturazkoa eta integrala izan behar du. Mundu berri batera goaz, eta estrategia eta tresneria berriak behar ditugu. Zeren datorren munduan dena egongo da euskararen kontra. Beste erronka handietako bat da gure aterki ideologikoa egungo mundura egokitzea, berritutako eta egokitutako diskurtsoen bidez. Dokumentua ostiralean aurkeztuko da, eta hirugarren fasera joango da. Asmoa da dokumentua eztabaidatzea eta ekarpenak jasotzea, eta jakitea zein den gizartearen adostasun maila. Hori nola egingo dugun ez dakigu oraindik, baina egingo da ahal dugun baliabideekin. Ekainean bukatuko da prozesua eta orduan aterako genuke azken dokumentua.