NAIZ

Etxebizitzaren arazoa agerian uzteko nahian Bidarrain etxe baten salmenta salatu dute

«600.000 euro? Aski da!» eta «ez dugu onartzen, guk ere EHn bizi nahi dugu» leloak idatzi dituzte aste honetan Bidarraiko etxe baten hormetan. Anartean, Biarritzen, luxuzko apartamentu bat metro karratuko 40.000 euroan saldu zuela pandemiaren urtean jakitera eman du higiezinen agentzia batek.

Bidarrain prezio zinez altuan salgai den mendiko etxean agertu diren pintadak. (Kazeta.eus)
Bidarrain prezio zinez altuan salgai den mendiko etxean agertu diren pintadak. (Kazeta.eus)

Autoz ezin ailegatu, mendian «galdurik» eta elektrizitaterik ez duen Bidarraiko etxe batean margoketak egin dituzte. KAZETA.EUS atariak berri eman duenez, izenik gabeko talde baten eskutik jaso du ekintza horren berri.

Hedabide horrek urtarrilaren 20an jaso zuen oharrean salatzen zenez, 600.000 eurotan salduko dira etxea eta 26 hektareako lurrak, «ez bada jadanik saldua», zioten ekintzaileek.

«600.000 euro? Aski da!» eta «ez dugu onartzen, guk ere EHn bizi nahi dugu» leloak idatzi zitiuzten aipatu etxearen paretetan.

Ekintzarekin batera etxebizitzaren arazoari buruzko gogoeta egin zuten igorritako oharrean: «Barnealdean mendian galdua den horrelako etxe bat 600.000 eurotan saltzen baldin bada, orduan beste etxeek zenbat balio dute?».

Euskal Herriko gazteriaren parte handi batek etxe baten jabe izateko zailtasunak dituztela orotaraziz arlo horretan ardurak dituzten hautetsiek neurririk ez dutela hartzen deitoratu dute.

Horrendako, gisa horretako ekimenak egitera beharturik sentitzen direla adierazi dute. «Denak ohar gaitezen egoera horrek berdin segitzen badu, guk eta ondoko belaunaldiek Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukerarik ez dugula ukanen», nabarmendu dute margoketak egin dituztenek.

40.000 euro metro karratuko, Biarritzen

Arazoa lehenagotik badator ere covid-19ak eragindako pandemiaren urtean higiezinen prezioak azkarki emendatu dira Ipar Euskal Herrian.

Hala nola luxuzko merkatuak urte oparoa bizi izan du. Horrela aitortu du Philippe Thomine Desmazures Biarritzen eta Donibane Lohizunen salmenta bulegoak dituen Barnes taldeko kudeatzaileak plazaratu berri duen txosten batean. Agiri horretan adituak hainbat azalpen ematen ditu «urte arrakastatsu» hori azaltzeko.

Alde batetik, pandemiaren eraginez hiri handietan bizi diren bezero dirudun askok bigarren etxebizitza erosteko urratsa eman dutela azaldu du. Bestetik, Lapurdiko kostan erositako etxea bizitoki nagusia bilakatzea erabaki dute «bizimodu eta ingurugiro lasaiagoa» bilatzen duten «40 urtetik gorako bezeroek».

Izan ere, Thomine Desmazurek beste joera bat marrazten du aipaturiko txostenean. Bere ustez, «ingurugune berde batean bizitzeko gogoa izateaz gain kapital irabazia lortzeko helburua asetzeko» Lapurdiko kostan dagoeneko etxebizitza baduen «herritar bat baino gehiago» higiezin hori prezio altuan saldu eta «hurbileko landa eremura» bizitzeko aukera egiteko prest litzateke.

Bere azalpen horrekin luxuzko higiezinen negoziatzaileak Lapurdin bereziki kostatik barnealdera hedatu den etxebizitzei buruzko presioa ulertzeko gakoa ematen du.

2021ko neguko perspektibak jorratzeko xede duen eskutitzean luxuzko etxebizitzak proposatzen dituen agentziaren salmentak %30ean emendatu zirela iaz nabarmendu du kudeatzaileak.

Philippe Thomine Desmazuresek zehaztu duenez, Biarritzen eta Donibane Lohizunen «itsasora ematen ez badute ere egoera onean diren apartamentuak» 10.000 euro/m2 ordaindu ziren.

Azkeneko hirian itxi zuen %50ean Parisetik heldutako bezeroak dituen agentziak bere urteko salmentarik karioena. Euskaldunen kostaren gainean dagoen Beltza jauregian 40 m2ko apartamendua saldu zuen Barnes agentziak. Metro karratuko 40.000 euro ordaindu zituen erosleak.