Haritz Larrañaga

Euskal Hirigune Elkargoak «Ostavals» egitasmo ekologikoa aurkeztu du

Ateak 2022. urtean irekiko dituen proiektua gauzatzeko 1'6 milioi euro jarri ditu Euskal Hirigune Elkargoak. Herritarrak zein Santiagoko bidea egiten duten erromesak biltzeko eraikinaz gain, elbarritasun egoeran diren pertsonentzako zentroa ere eraikiko da Izura-Azmen.

Daniel Olçomendy eta Jean René Etchegarayk aurkeztu dute egitasmoa. Bob EDME
Daniel Olçomendy eta Jean René Etchegarayk aurkeztu dute egitasmoa. Bob EDME

Jean-Rene Etchegaray eta Daniel Olçomendyk, Euskal Hirigune Elkarteko lehendakariak eta lehendakari ordeak, Ostavals egitasmoa aurkeztu dute. Ateak 2022. urtean irekiko dituen eraikina herritarrei zein Santiagoko bidea egiten duten erromesei irekia izango da.

Oztibarreko eskualdea (Nafarroa Beherea), Santiagoko bidea igarotzen den eremuan da eta UNESCOk onartzen dituen ondare naturalen artean aurkitzen da. Gauzak honela, Iruñea eta Jakako hiriekin batera, JACOB@CCES mugaz gaindiko egitasmoaren baitan ere kokatzen da egitasmoa. Horrela, mugaz gaindiko proiektu honen helburua Santiagoko bidean aurkitzen diren hiru hiriei «mundu mailako sarbide inklusiboa» ematea dela nabarmendu du Etchegarayk.

Europatik datorren FEDER Poctefa diru laguntzari esker, Euskal Hirigune Elkargoak 1’6 milioi euro eman ditu proiektua gauzatzeko. Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak, ostera, 250.000 euro eman ditu, eta Akitania Berriko Eskualdeak 365.000 euro.

Laborantza, egoiliarrak eta ondarea

EVAH (Espace de Vie pour Aduktes Handicapes) elkarteak kudeatuko du. Eraikin horretan hogei egoiliarrentzako lekua izango da eta dozena bat lanpostu sortuko dira. Alçomendyk azaldu duenez, aspalditik zegoen eskualdean haien buruaz baliatu ezin duten edo laguntza behar duten pertsonak zaintzeko leku baten beharra.

Proiektu honen hazia duela 15 urte erein zela ere argitu du Alçomendyk. Euskal Hirigune Elkargoko ordezkarien esanetan, «egitasmo honekin eraikin eredugarri bat egin nahi dugu, ezgaitasun egoeran diren pertsonentzat egokitua eta, baita ere, anbizio ekologiko handi batekin». Hots, ingurugiroan ahalik eta inpaktu gutxien eragiten duten materialak erabiliko direla azaldu dute.

Eraikiko den beste eraikin nagusiak 330 metro karratuko azalera izango du. Lehen pisuan, Oztibarre, Garazi eta Amikuzeko laborantzako paisaia eta informazioa eskainiko zaie bisitariei eta beheko solairuan, ostera, eskualdean diren kalitatezko produktuak eskainiko dira. Aldi berean, Ostavals jatetxeak bere eskaintza indartuko duela ere azpimarratu dute.

Izura-Azme herriak 200 biztanle ditu, baina Idoki edo B.L.E bezalako kalitatezko etiketen eremu naturala da eta Ossau Iraty ardi gasnaren jatorrizko izendapena ere bertakoa da. Laborantza formazio zentroa ere badu eta urtero 12.000 erromes inguru pasatzen dira herritik. Ondorioz, egitasmo hau eskualdeko ondarea indartu eta ezagutzera emateko bitarteko egoki bat izan daitekeela azaldu dute Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariek.