Arnaitz Gorriti

Gipuzkoa Basketek aterkirik ez Bartzelonaren erauntsiaren aurrean (68-110)

Hirukoz hiruko eta defentsa gogor bati esker, talde katalanak Gipuzkoa Basket airean eraman du. Marcelo Nicolaren itzulera ez da batere ona izan eta azken postuan jarraituko du, Bilbao Basketekin batera launa garaipenekin berdinduta.

Bartzelonaren defentsak ito egin du Gipuzkoa Basket. (Jon URBE / FOKU)
Bartzelonaren defentsak ito egin du Gipuzkoa Basket. (Jon URBE / FOKU)

ACUNSA GIPUZKOA BASKET 68 - BARCELONA LASSA 110

Acunsa Gipuzkoa Basketek azkeneko bi partidak irabazi dituelako agian, baina egia esan oso serio hartu du Bartzelonak donostiarren aurkako dema. Marcelo Nicolak ezin itzulera onik izan, nahiz eta sano dagoen bederen. Hirukoz hiruko, saskiratzez saskiratze, Sarunas Jasikeviciusen taldeak airean eraman ditu gipuzkoarrak. Ondorioz, Bilbao Basketekin launa garaipenetara berdinduta, zuloan jarraitu beharko dute beste astebetez.

Baina ezer txarrik esan lekioke Illunbeko taldeari? Gauzak hobeto egin ahal izan ditu, ziur baietz. Hankasartzeak mila egingo zituen, seguru. Baina aurrean oso talde gogorra eta serioa aurkitu du, eta batere gupidarik gabea gainera. Bartzeloa ez da hamar edo hamabost puntu goitik jarri eta denbora-pasa aritu. Abantaila handia erraz zabalduagatik, are eta zulo handiagoa irekitzeko ahaleginak eta bi egin ditu, eta gainera ispirazioa ere lagun izan dute.

Kuric hasi eta kideek segi

Defentsan ahul hasi dela ezin esan talde donostiarra, baina Bartzelonak hirukoetan zigortu du etxekoen lana. Ostiralean Belgradeko Izar Gorriaren aurka hirukoetan izan ez zuen eguna –16tik 2 bakarik sartu zituen– izan du igande honetan, batez ere Kyle Kuricen aldetik, aurreneko hamar minutuetan lau hiruko sartu baititu. Hala, nahiz ete uztaipean lan txukuna egin duten Marcelo Nicolarenek, 14-23 aurreratu da talde katalana.

Baina, esan bezala, uztaipean eta errebotean bikain aritu dira gipuzkoarrak, Dino Radocic batez ere, eta asko kosta gabe 19-23raino urreratu dira. Ezin gehiago, hala ere, Bolmaro eta Smitsen bitartez Bartzelonak 2-5eko partziala lortu baitu, aurreneko laurdena 21-28 amaitzeko.

Brandon Daviesek hartu du Kuricen lekukoa bigarren laurdenean. Min hartuta denbora luzez egon da pibot estatubatuarra, baina Julen Olaizola eta William Magarityren aurrean nahi izan duen guztia egin du, Bartzelonaren aurreneko zortzi puntuak saskiratuta. Gipuzkoa Basketek nolabait errakzionatu nahi izan du Johnny Deeren bitartez, baina ordainetan Adam Hangak sei puntu sartu ditu segidan. Ondorioz, markagailua 26-42 dela, hutsartea eskatu behar izan du Marcelo Nicolak.

Baina zer egin liteke aurreneko 20 minutuetan 14 hirukotik 12 sartzen dituen talde baten aurka? Zer egin, talde horrek berak, bi puntuko 13 jaurtiketatik 11 sartzen baditu gainera? Lucas Faggiano saiatu da donostiarrei bizitasun puntu bat gehiago ematen, baina alferrik izan da. Bartzelonako 12 jokalarietatik 11k saskiratzeren bat lortu dute atsedenaldira iristerako, eta sartu ez duen bakarrak, Calathesek alegia, katalanen erasoko jokoari bizitasun are handiagoa eskaini dio jokoa ikusteko duen talentuari esker.

Hala, Bolmaro eta Sergi Martinez gazteek aurreneko zatiari errematea jarri diote, aldageletara 36-62 iristea lortuz. Zapatuan Bilbao Basketek 20 puntuz behetik amaitu zuen aurreneko erdia Zaragozaren aurka, baina igandean Gipuzkoa Basketek askoz joko alaiagoa eta itxura ez hain tristea eman arren, are eta belarrondoko handiagoa eraman dute, aurrean Bartzelona inspiratu bat izan dutelako.

Eta gero, zer?

Hirugarren laurdeneko atarramendua beste bat izan da, tamalez. Hau da, Bartzelonak bota dituen aurreneko zortzi jaurtiketak sartu ditu –baita Calathesek ere– eta orduan bai, GBCk besoak jaitsi ditu eta aurpegi tristea jarri. Bi astetan irribarrea aurpegira ekarri ostean, errealitateak sekulako ukabilkada eman die donostiarrei, merezi baino ondotxo gogorragoa.

Bere baldarrean, Bartzelonak ere defentsako lana apur bat erlaxatu egin du eta horri esker donostiarrek ere puntuak sartu ahal izan dituzte. Baina bistan da, aurkariek baino askoz gutxiago; erdia gutxiago, hain justu, hirugarren laurdenari buruz ari garela, 16-32 partziala «irentsi» behar izan du-eta Marcelo Nicolaren taldeak.

Zer egin liteke laugarren laurdena 52-94 hasten denean? Hamar minutuok ahalik eta lasterren pasa daitezela errezatu, eta gutxi gehiago. Bistan da partidak ez zuela erremediorik ordurako, baina azken finean, Nicolarenei ahalik eta serioen jokatzea egokitu zaie eta defentsan ahalegindu dira.

Gainera, oraingoan bai, Bartzelonak partida irabazitzat jo du eta aurreko hiru laurdenetan sartu dituenak huts egiten hasi da. Ondorioz, apur bat bada ere, Gipuzkoa Basketek zerbait itxuratu du markagailua. Baina azken minutuetan berriz ere apur bat sakatu dute Saras Jasikeviciusenek, eta aldea 40 punturen bueltara iritsi da. Azken emaitza 68-110 izan dela anekdota hutsa da, egia esan, Bartzelonak oso serio hartu duelako pasa zaiolako gainetik Gipuzkoa Basketi.

PARTIDAKO FITXA

Gipuzkoa Basket: Faggiano (7), Pere Tomas (10), Radoncic (11), Okouo (3) eta Xabi Oroz –hasierako bostekoa–, Johnny Dee (10), Carlson (9), Jan Span (6), Magarity (7), Mikel Motos (5) eta Olaizola.

Barça: Bolmaro (8), Higgins (6), Kuric (14), Mirotic (12) eta Pustovyi (10) –hasierako bostekoa–, Hanga (6), Sergi Martinez (10), Davies (18), Smits (5), Westermann (6), Oriola (13) eta Calathes (2).

Partzialak: 21-28, 15-34, 16-32, 16-16.