NAIZ

Eskolarteko bertso txapelketa plaza plaza egingo da

Pandemia egoeragatik birritan atzeratu ostean, formatua eraldatu eta plaza plaza egingo da Eskolarteko bertso txapelketa. Ostiral honetan dute lehen hitzordua, Gernika-Lumon.

Eskolarteko txapelketak Gernika-Lumon izango du segida. (NAIZ)
Eskolarteko txapelketak Gernika-Lumon izango du segida. (NAIZ)

Eskolarteko bertso txapelketaren azken hitzordua iazkoa ekainean zen jokatzekoa. Pandemia egoeragatik azarora atzeratzea erabaki zen baina, beste behin, covid-19ak galarazi zuen saioa ospatzea. Hala, formatua eraldatu eta Eskolatik Plazara ekimena sortu dute txapelketaren antolatzaile diren Bertsozale elkarteak eta Ikastolen elkarteak.

Azaldu dutenez, lurraldeetan saioak egiteko aukera izan zen eta horietako bakoitzean erabaki ziren Euskal Herrikoan parte hartuko zuten gazteak zeintzuk izango ziren. «Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie: horretarako antolatu dugu Eskolatik Plazara, Eskolartekoko parte-hartzaileok egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena», azaldu dute.

Lehen saioa ostiralean Gernika-Lumon

Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen.

Finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna ere eman nahi zaie ahalegin berri honekin, Eskolartekoaren egitekoetako bat hori izanda: «Bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten da datozen urteetako plazei begira, eta gazteen plazaratzea lehentasunezko apustuetako bat da Bertsozale Elkartean», ziurtatu dute.

Hala, ostiral honetan, urtarrilak 29, Gernika-Lumon egingo da lehen saioa: 18.00etik aurrera, Astran. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga ariko dira, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Igor Menikak gidatuko du. Saioa ikusteko tokia Bertsozaleren webgunean dagoen izen-emate orria beteta gorde ahal izango da.

Era berean, dagokien izen-emate orria beteta, gorde beharko da lekua bigarren eta hirugarren saioetarako. Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariak elkartuko ditugu Iruñean otsailaren 5ean: Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin ariko dira, eta Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18.00etatik aurrera. Hirugarren saioaren xehetasunak aletuko ditugu laster.

«Esan gabe doa ezinbestekoa izango dela indarrean dauden neurriak betetzea eta une oro antolatzaileen argibideak jarraitzea»», nabarmendu dute.